2024/04/18

⛰️MONT CARO 1442 mt🌲🌲Tarragonako altuena


2024-03-27Gaur bagoaz inguru hauetatik Pirinio aldera. Baina joan aurretik goiza Tarragonako garaiena den CARO mendia igotzeko baliatuko dugu. Badakigu igoera gogor eta luzeak badituela, baina ez dugu denbora gehiegi eta, beraz, igoera arruntena eta motzena egingo dugu. Horrela ba, Sant Carles de la Rápita-tik atera, Tortosa-tik igaro eta Roquetes-etik gora doan errepidea jarraitu dugu Caro aterpearen ondoan dagoen L'Esquirol aparkalekuraino (1062m). Errepide estua eta aldapa handikoa, oso polita. Txirrindularientzat erronka ederra da, Caro tontorreraino igo daiteke eta. Gaur ikusi ditugu batzuk. Kotxez ere igo daiteke goraino, baina ez da gure helburua.

 L'Esquirol-en dagoen mapa. Guk hor agertzen den ibilbide zirkularra egingo dugu, eskuinetik igo eta ezkerretik jetsi. Ez da luzea eta toki dotoreetatik doa. Okerrena hasiera da, km batean errepidea jarraitu behar da eta, Carrasqueta mendateraino.

 Gutxienez loratan dauden gereziondoak ditugu ikusgai. Goikalde hauetan aterpe eta etxebizitza ugari daude basoan sakabanatuta. Aterpea eta jatetxea ere daude.

 Egin dugu errepideko zatia eta hemen mendiko bidea hartuko dugu. Oso ondo balizatuta dago dena. Lehenbizi Coll dels Pallers-era. Igoera lasaia da.


 Bidea basotik doa, gorosti artean.

 Mendateraino bide lasaia, pinu, ezpel eta gorosti artean. 

 Coll dels Pallers. Hemen GR7a utziko dugu eta eskuinera hartuko dugu (igotzen ezkerrera). Balizak ondo adierazten du.
 



 Bi monolito horien artetik gora hartuko dugu. Caro-ren ertzean gaude. Orain marka gorriak ditugu bidea adierazten. Oso ondo dago dena. Ez dago galtzerik.

 Hau atzean uzten ari garena da. Harrigarria da kostatik gertu horrelako inguruak ikustea. Toki basatiak zibilizaziotik oso hurbil.

 Polita da bidea. Lainotuta dago, eta tarteka sirimiri apur bat ere, baina ez dago arazorik.


Tarteka aldapa gogorren bat ere badago. Hemen adibide bat. Monolitoaren ezkerretik igaroko dugu.


 Mediterraniora begira. Hodeitsu.


 Atzera begira. Coll dels Planells erdialdean geratzen da eta aurreko monolito horren eskuinetik gatoz.




Goian dagoen lautada zeharkatzen.


 Atzera begira.

 Goian agertzen dira tontorreko antenak, baina oraindik falta da.


 Ebro-ren deltaruntz begira. Aurreko egunetan hor zehar ibili gara.

Azken zatia. Zaila dirudi, baina bidea ezker aldetik doa, oso ondo landuta.
 Bidezidorra hormen azpitik doa.

 Bart gauean elur apur bat egin du eta toki hezeetan oraindik ikusten da. Baina ez digu igoera oztopatu.

 Tarte batzutan nahiko malkartsua da hormen azpiko bidezidorra.

 Azken igoera nahiko bortitza da, baina erraza. Behean, aterpearen eta aparkalekuaren inguruan dauden txaletak agertzen dira.

 MONT CARO (1442m). Hainbat informazio panel daude, antena eta eraikinen ondoan. Esan dugun bezala, kotxez igo daiteke honera.

 Bezperan ibilitako Fangar penintsula eta Tortosa aldea.

 Lloret sakana eta inguruak. Hortik ere badaude igoera gogorrak. Gu eskuin aldetik etorri gara. 
 Hodei beltzak, baina ez gara busti. Gero horruntz jetsiko gara, ondoren ezkerrera joateko.

  

 Tontorreko parafarnelia. Koadernoak ere badaude, zerbait idazteko.

 Jeisteko beste alderuntz goaz. Hemen ere ondo balizatuta dago bidea. Landaretza ugari bidean.
 Hainbat aldiz zeharkatuko dugu errepidea, baina dena mendiko bidetik beheraino.

 Beti basoan murgilduta. Aparkalekua baino km bat inguruan ateratzen da beheko errepidera, eta ondoren L'Esquirol aparkalekuan itxi dugu ibilaldi zirkularra. Bi ordu eta 45 minututan eman dugu itzulia, nahiko lasai eginda. Desnibela txikia da, eta oso humanizatuta dago ingurua, baina mendiko ibilbidea polita da.


IBILALDIA

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina