2019/09/22

PICO DE PUERTO VIEJO/ PORT-VIEUX 2721 mt Aragnouet-etik

2019-08-16 Ainsan lo egin ondoren, Bielsa tunela igaro eta Aragnouet baino pare bat km gorago dagoen bihurgune itxi batean aparkatu dugu kotxea. Goizeko 8ak dira baina badaude kotxe batzuk. Jeisterakoan, askoz gehiago izango dira eta errepide ertzean ere egongo dira. Hau da gaurko abiapuntua (1377m). Helburua, Barroude zirkora heldu eta Pico del Puerto Viejo igotzea, ondoren Puerto Viejo mendatetik jeisteko, ibilaldi zirkularra osatuz.

Hasieran basoz inguratuta dagoen pista batetik goaz. Bide erosoa Gèla haranera igotzeko.
Neste de la Gèla-ren urak ditugu eskuinean.

Basoaren gainetik geratzen da Gèla harana. Pic de la Gèla eskuinean eta Barroude-ko hormak, hauek denak eguzkitan.

Ordubete baino gutxiagoan heldu gara Gèla haranaren sarrerara. Esan bezala, bide erosoa eta gainera itzalean. Hau dena berria da guretzat.

Haranaren sarreran dauden balizak. Gu lehenbizi Barroude-ra joango gara, Barroude mendatera ondoren eta gailurrera igo ondoren, Port Vieux-etik itzuliko gara hona.
Orain beraz, eskuinera, zubia zeharkatu eta errekaren eskuinetik goruntz.
Pic de la Gèla gure gainean. Bere azpitik joango gara Barroude-ra heldu arte. Bide oso ona eta nahiko erosoa.

Igoko dugun tontorra, Pico de Puerto Viejo. Barrosa mendatea bere atzean geratzen da eta bertatik oso erraza da igoera.

Gèlá harana. Eskuinetik igoera eta ezkerretik jetsiera.

Lehenbiziko zatia oso erosoa eta lasaia da.

Aurrean daukagu Barroude zirkoa eta Tromouse-ko gailurreria goian. Izugarrizko eguraldia daukagu eta gozamena da inguru hauetan ibiltzea. Jende dexente hurbiltzen da zirkoraino, tokia ikaragarria da eta.

Troumouse ertza eta Gerbats eskuinean. Hona etortzeko arrazoietako bat zirkoa behetik ezagutzea da. Goiko ertz guzti hori duela urte dexente (beste gauza asko bezala) egin genuen, zirkoko hirumilako guztiak zapalduz, beste aldean dagoen Troumouse zirkotik. Orduan oraindik ez zeuden peajeak kotxez igotzeko zirkora.

Utziko al digute pasatzen...?

... bai, ez da egon arazorik. Pic de la Gèla eskuinean eta Gerbats eta Troumouse ertza ondoren. Hemen hasten da tentetzen aldapa.

Gerbats-en azpian dagoen urjauzi horren ondora heldu behar gara, gero hor eskuinetik igotzeko Barroude zirkora.

Urjauzira heldu baino apur bat lehenago hartzen da eskuinera, kanal txiki batetik gainditzeko zirkoaren azpian dagoen irtengunea. Pic de la Gèla aurrean.

Atzera begira, Gèla harana eta ekarri dugun bidea. Puerto Viejo mendatea eskuinean eta bere azpian dagoen mazela horretatik jetsiko gara berriz haranera.

Bagaude Barroude zirkoan. Hau bai ikaragarrizko katedral naturala! Harkaitz zuriak indar gehiago ematen dio inguruari.

Zati lasaia orain lakuetara heltzeko. Lehen hemen aterpe bat zegoen, baina duela urte batzuk erre egin zen eta orain ez dago ezer ez.

Barroude zirkoko hormak laku handienaren gainean.

Izugarri ederra da tokia. Bakarrik hona etortzeak merezi du eta bi ordu t'erditan igo daiteke.


Laku txikia.

Pasada bat da tokia. Denbora luzea eman daiteke hemen, begira eta lasaitasunaz gozatzen...

Laku guztia inguratu behar da Barroude mendatera igotzeko.

Lakuaren bukaeran hasten da goian dagoen mendatera igotzeko bidea.

Bapatean izugarrizko zarata entzun dugu eta atzera begiratzerakoan harkaitz jauzi handia Barroude-ko hormetatik behera. Eskerrak hor ez dabilen jenderik...

Altuera irabazten ari gara eta perspektiba hobearekin ikusten dugu Barroude. Pic Gerbats eta Pic de la Gèla zirkoaren beste aldean orain.


Barroude mendatean gaude (2534m). Mugan berriz.
Mendatetik ikuspegi ederra daukagu.

Goian eremua erabat aldatzen da eta sumendi batean ibiliko bagina bezala goaz. Bidea erosoa da hemen ere. Tontorra ezkerrean agertzen da. Muino hau igo behar da bertara hurbiltzeko.

Atzera begira, Munia eta Troumouse tontorrak. Munian bi aldiz gaude egonda, bata ertz guztia egin ondoren. Hemendik Troumouse-ra badago igotzerik, erdian ikusten den espoloi horren ingurutik. Harkaitz ez oso fidagarria eta nahiko aldrebesa da igoera, baina aukera egon badago.

Sarrio taldea gure aurrean.

Bidezidor horretatik hurbilduko gara gure tontorrera. Hauek ez dute horrelako biderik behar...


Sarrioak alde egin dutenean, bagoaz gu mendiaren oinera hurbiltzen. Igoera oso erraza alde honetatik.

Ertzera heldu garenean, gero jetsiko garen Puerto Viejo mendatea ikusten dugu.
Hemen, Bielsa-ko tunelaren beste aldean dauden mendiak, Batoua, Bachimala, Posets, Eristeak, e.a.


PICO DEL PUERTO VIEJO (2721m). Ezkerrean Robiñera, eta ondoren, Munia, Troumouse,..., eta Barroude-ko zirkoa. Izugarrizko espektakulua!

Hemen Pic de la Gèla eta Campbieil eta Neouvielle mendikateko tontorrei begira.
Aragoi aldera erortzen den Pinarra sakana eta Suelza, Batoua, Posets, Eristeak,... Mendiak eta mendiak.

Gure atzetik dabilen emakume frantsesa. Jeisteko beldurra omen dauka eta mendateraino gurekin jetsiko dela esan digu.

Barroude-ko lakuak.

Barroude edo Barrosa mendatea behean eta Robiñera, Munia-Troumouse.

Puerto Viejo-ra jeisten. Hemen aldapa handia dago eta nahiz eta zaila ez izan lasai hartu behar da.

Aldapa handiena jetsi ondoren. Tontorra goian.

Mendatera jetsi baino lehenago, ertzetik ondo ikusten dugu Gèla harana eta mendatetik behera jarraitu behar dugun bide sigi-sagatsua.
Mendatean (2378m). Espainiako gerra zibilean, Bielsa herria bonbardatzen zuten bitartean, ehundaka biztanle pasa ziren Frantziara mendate honetatik. Ah ze nolako urritasun eta eguraldi gorriak pasa omen zituzten hemendik igaro behar izan zutenek bizitza hobeagoearen bila.

Pico del Puerto Viejo, izen bereko mendatetik. Hona ere jende ugari etortzen da, bi aldeetatik.

Zuloan ikusten den Gèla haranera jeisteko bidearen zetak, mendatetik ikusita.

Igo dugun tontorraren azpitik goaz orain, haranera jeisten. Aurrean, goizean igotako maldak Pic de la Gèla eta Gerbats-en azpian.

Hor goian geratzen da Puerto Viejo mendatea.

Aurrean daukagu goizeko igoera Barroude-ra.

Gèla haranera jeisteko azkenengo zatian. Aurrean, Bugatet eta Mèchant mendiak.

Gèla haranean gaude. Atzera begira, ezkerrean, jetsierako bidea eta Puerto Viejo mendia. Eskuinean, igoerakoa eta Barroude zirkoa. Hemen osatu dugu zirkuitoa. Orain pistatik behera, aparkalekura.

7 ordutan bukatuko dugu ibilbide zirkular dotore hau. Eguraldi paregabea izan dugu eta benetan merezi duen tokiak ezagutu ditugu. Ea 1400 m-ko garaiera-aldea dauka bai gora eta bai behera, baina orokorrean bide nahiko erosoak jarraituz. Tontorretik mendatera jeistea da gogorrena, baina ez da zaila. Gustora goaz...

Abiapuntuan dagoen informazio panela. Hor agertzen da gaurko mendatearen garrantzia eta historia apur bat.