2020/01/30

ELGOIBAR, 100 URTEKO OLINPISMOA. INAZIO IZAGIRRE eta AMBERES 1920.


Espainiako delegazio batek Olinpiar Jokoetan parte hartu zuen aurreneko aldia izan zen Anbereskoa, 1920an. Aurten, 2020an, ehun urte betetzen dira. Atletismoan 14 partaide izan ziren, eta horietatik bi elgoibartarrak, Juan Mugertza eta Inazio Izagirre "Upai", gure aitxitxa. Mugertza, Elgoibarko krosa dela eta, ezaguna da, baina Upai nahiko ezezaguna izan da. Hau da gure omenaldi xumea.

Bukaeran agertzen den bezala hainbat urtetan izan zen Espainako txapelduna hiru diziplina desberdinetan, pisu, disko eta xabalina jaurtiketetan, eta Espainako marka onenak bereak ziren.

Elgoibarko Sallobente baserriko Upai baserrian jaio zen 1896an eta 11 anai-arreba ziren. Indar handikoa, familiako beste mutilak bezala, herri kirolen munduan hasi zen jaurtiketekin eta herri eta hauzoko jaietan bere indarra erakusten. Hortik pasa zen orduan sortutako atletismo federazioak antolatutako probetan parte hartzen. Gehienak Euskal Herrian ziren, Donostia, Tolosa, Irun, e.a.
Bere inguruan jaurtitzaile talde ederrak sortu ziren eta irakasle bezala ibili zen.

1920an, Elgoibar herri txikiko baserritar hura Anberes-en parte hartzeko aukeratu zuten. Donostiako Atotxan egin zen azken atletak aukeratzeko azken proba eta pisu eta xabalina jaurtiketetan Espainako markak gainditzea lortu zituen. Haiek nerbioak!

Eibarko Untzaga plazan pisua jaurtitzen.

Garai hartan, noski, ez zuten beste herrialdetan egiten zutenaren berri, ezta ere ze marka egiten zituzten beste atletek eta nola jaurtizten zuten ere ez. Berak, hemen dena irabazten zuenez, Amberes-en ere gauza bera egingo zelakoan joan zen. Urduri eta ilusioz gainezka. Atzerrira eta olimpiadetara, izugarria!

             1920. urteko pasaportea.              



Amberes-eko errealitatea, beste bat izan zen. Selekzioko eta beraz historia guztiko lehenengoa izan zen parte hartzen, xabalinako proba izan baizen lehenbizikoa. Berehala konturatu zen Finlandia, Alemania eta iparraldeko atletak beste maila batean zeudela. Jaurtiketak beste teknika batekin egiten zuten, eta askoz aurreratuago zeuden maila guztietan. Xabalinako lehenbiziko lauak finlandiarrak izan ziren eta 60 metro baino gehiago jaurti zituzten. Ipurdiko ederra hartu zuen baina esperientzia bikaina izan zen. Handik etorrita 1930 ingururarte jarraitu zuen probetan parte hartzen. Herriko jendeak "Upai kanpeoia" deitzen zion.
Barren aldizkarian aterata, 2004an

Ezkondu eta seme bat eta alaba bat (gure ama) izan zituzten. Hortik aurrera bizitza arrunta egin zuen. Sigma lantegian lan egin eta etxean lasai egon. Bere afizio nagusia perretxikotara joatea zen. Oso ondo ezagutzen zituen Sallobenteko bazterrak eta beti ekartzen zuen zerbait etxera, udaberriko zizak eta gibelurdinak eta ondoak batez ere. Bere toki izkutuak inori ez zizkion erakusten, etxekoei justu justu. 1974ko abenduaren 12an zendu zen 78 urterekin.
2020-01-10 Elgoibarko Kultur Etxe berrian. Mintxeta Atletismo Taldeak eta Madrideko Corredor aldizkariak antolatutako hitzaldia. Upairen biloba bezala ohore bat izan da bertan parte hartzea eta gure aitxitxaren ezagutza apur bat behintzat handitzea.

Eskerrak eman behar dizkiegu Espainiako Atletismo federazioko Estatistikoa den Miguel Calvo-ri eta Corredor aldizkariko Alex Calabuig-eri gure herrian antolatu duten hitzaldi honengatik eta gure aitxitxaren historia atletikoa plazaratzeagatik.



Espainiako delegazio batek Olinpiar Jokoetan parte hartu zuen aurreneko aldia izan zen Anbereskoa, 1920an. Espainiak 56 kirolari eraman zituen Anberesera, eta bi elgoibartar zeuden horien artean, Juan Mugertza saltakaria eta Inazio Izagirre pisu jaurtilaria.
Lehen Gerra amaitu berritan bi elgoibartarrok Anberesera eginiko bidaiaren nondik norakoak eta hainbat bitxikeria azaldu zituzten Mintxeta Atletismo Taldeak eta Corredor aldizkariak antolatutako mahai-inguruan, joan den urtarrilaren 10ean. Mugertza zein Izagirre aitzindariak izan ziren hainbat arlotan. Mugertzaren eta Izagirreren familiako kideek hartu zute parte solasaldian, Mugertza krosaren historia eta estatistiketan adituak diren Juan Mari Iriondo eta Felix Astigarraga elgoibartarrekin batera, eta Alessandra Aguilar (Lugo, Espainia, 1978) antxitxikari ohiak ere egin zuen berba, parte hartu duen hiru Olinpiar Jokoetan izaniko bizipenez eta Mugertza krosean bizitakoez. Kros egunean omenaldi txiki bat ere egin zioten antolatzaileek hainbat alditan Elgoibarko krosean parte hartu izan duen saltakari galizarrari. 
<Barren aldizkaria>







Upai kanpeoiari.