2015/06/02

FITZ ROY, CERRO TORRE. EL CHALTEN (Argentina)

Perito Moreno-tik Calafate-ra itzuli ondoren, arratsaldeko 18:30tan busa hartu dugu El Chaltén-era joateko.

Izugarrizko ilunabar ederra ikusteko aukera izan dugu busetik. Bi ordu eta erdiko bidai atsegina da, Argentino eta ondoren Viedma lakuak inguratuz. Gauez heldu gara El Chaltén-era eta Patagonia Travellers Hostelean hartu dugu ostatua. Toki oso egokia eta "motxilero" giroarekin.

Apirilak 13. Gaurko eguraldiaren iragarpena ez da oso ona, baina hemen gauzak egunean zehar asko aldatzen direnez, Laguna Torre-ra joatea pentsatu dugu. Herri hau 1985ean sortu zen, eta gaur egun, eskalada, alpinismo eta trekking-aren "meka" bezala ezagutzen da.

Kale giroa nahiko "hippya" da, eta horrek enkanto berezia ematen dio herri txiki honi.

Tokiak daukan gauzarik onena, mendiak bertan daudela, eta ibilaldiak herrian bertan hasten direla. Los Glaciares Parke Nazionalean gaude, baina ez da ezer ordaindu behar. Hemen hasten da gaurko ibilaldia.

Hasieran Fitz Roy ibaiaren gainetik goaz. Mendi guztiak hodeipean daude, baina han aurrean daukagun Cerro Sólo oso ondo ikusten da. Bera izango da gure gaurko faroa.

Fitz Roy ibaia eta udazkenenko tonoak basoan. Ibai hau Torre Aintziran sortzen da.

Ezkerrean Cerro Sólo, erdian estalita Torre inguru guztia, eta eskuinean, Poincenot eta Fitz Roy erdi estalita.

Poincenot orratza eta Fitz Roy. Gaur ez ditugu gehiago ikusiko.

Cerro Sólo (2121m).
Nahiz eta estalita egon, daukagun paisaia izugarria da. Baso patagonikoak udazkeneko tonoekin apainduta eta Adelas eta Torre mendiak aurrean.

Cerro Sólo bere glaziar eskegiarekin.



Bidea oso ondo egokituta dago, eta gozamen handia da horrelako kolorez inguratuta ibiltzea.



Argazki kamerek sua jaurtitzen dute!

Baso gorriak eta Grande glaziarra gainean. Aurreko morrenan dago Aintzira.



Fitz Roy ibaia.


Torre Aintziran. Hau gure latitudeetan lakua izango litzateke, baina han aintzirak dira. Dimentsio kontua!

Badirudi Torre-ren eskuineko orratzak nahi dutela agertzea..., baina ez da horrela izango.

Denbora egiten gaude lakuaren ertzetan, ea Torre eta bere sateliteak agertzen diren.




Grande eta Torre glaziarrak, Adelas mendilerroa eta Cerro Torre-ren azpian.

Ordubete egin dugu lakuan. Bakarrik egon gara. Baina oraindik goiz denez, morrenatik gora abiatu gara Maestri behatokiraino igotzeko. Morrena guztia zeharkatu behar dugu, glaziarraren gainera heldu arte.



Atzera begira, hona heltzeko zeharkatu ditugun basoak eta lautada ikusten dira. Herria, ezkerrean geratzen da, muino txikiaren azpian. Eskuin aldean, lakuaren ertzean dagoen basoan kokatzen da De Agostini kanpalekua. Patagonia eta Suaren Lurraldean toki askotan agertzen da italiar apaiz salestar honen izena. Bera izan bait zen Punta Arenas-era 1910 urtean etorri ondoren inguru hauetako glaziar, mendi, fiordo eta bestelako geografia-ezaugarriak munduari erakutsi zizkionak.

Morrenaren eskuinean basoa eta goiko glaziarretatik jeisten diren errekatxoak.

Grande glaziarra.

Glaziarraren gainean, basoan, horrelako pare bat txabola daude, erdi erorita. Maestri, Terray, Ferrari, Egger eta abarrek igaroko zituzten seguruen ordu batzuk toki hauetan... beraien eskaladak burutu ahal izateko.
Maestri behatokian. Hau espektakulua!




Hemen ere beste ordubete edo egin dugu, baina hor bertan ditugun orratz eta dorreak ez dira agertu. Pena apur batekin hartu dugu beherako bidea.

Dena dela, ingurua hain izugarria denez, honeraino etortzeak asko merezi izan duen sentipenarekin goaz beheruntz. Gainera oraindik biharko eguna geratzen zaigu, eta eguraldiaren iragarpena printzipioz ona da.




Beheruntz goaz, baina noizbehinka atzera begira ea miraririk daukagun...

...Mirari txiki bat, Herrón, Standhardt, Bífida, 4 Dedos,... Torre-ren eskuinean dauden orratzak, eta Torre glaziarra.

Perretxiko multzo dotorea basoan.

Cerro Sólo egun guztian egon da garbi. Kontraste handia basoaren kolorearekin.


Gaur irudi honekin konformatu beharko gara. Azkenean ez du euririk egin, eta ibiltzeko oso giro ona izan dugu. Kontutan izanda hemen haize bortitzak eta ekaitzak oso arruntak direla, ez da gutxi.


El Chaltén. Guztira zazpi bat ordu ibili gara paraje zoragarriak ezagutzen.

Afaldu baino lehen, garagardo bat hartzen gaudela taberna batean, hor hasi dira orratz izugarri horiek agertzen. Poincenot eta Chaltén (Tehuelchek izen horrekin ezagutzen zuten, "La montaña humeante"). Horregatik, garai batean, sumendia zela uste zuten, beti kea dariola bezala dagoelako.

Orain bai miraria!

Saint Exupery, Poincenot eta Fitz Roy.

Erabat hunkituta gaude ikusten ari garen espektakuluarekin.

Cerro Torre ere agertu da. Izugarria!


Ahonikenk jatetxean dagoen errotulo dotorea.

Afaltzen, Ahonikenk-en, gure Cerro Torre-ren ondoan. "Bifé de chorizo".

Apirilak 14. Eguna argitu baino lehen, Fitz Roy-ra dihoan ibilbidea hasteko prest gaude. Gaur hirukotea sakabanatu egin gara. Gure semea egunsentia Torre behatokian ikusi eta gero atzo egondako Torre Aintzirara igo eta handik Fitz Roy-ra zeharkatzeko asmoz atera da. Gu biok lehenbizi Fitz Roy-ra eta gero, baldin eta indarrak ondo baditugu, Torre-ra zeharkatu, atzoko tokitik jeisteko. Bidean gurutzatuko gara. Arratsaldeko 5ak jarri dugu tope bezala herrira jeisteko, 18:30an busa bait daukagu Calafatera itzultzeko.

Gure eskuinean, Las Vueltas ibaia eta Cordón de los Cóndores ditugu.


Nahiko azkar heldu gara Fitz Roy-ren behatokira. Baina gaur ez gara geratuko errotuloarekin bakarrik. Eguraldi bikaina daukagu eta baliatu behar dugu ahal dugun guztia ikusteko.

Eta errealitateak gure itxaropen guztiak gainditzen ditu. Saint Exupery, Rafael eta Poincenot orratzak.

Eta Chaltén guztien gainetik.

Poincenot eta Chaltén. Ordu batzutan izango ditugu begibistan.


Saint Exupery, Rafael, Poincenot, Fitz Roy, Mermoz,..., mendilerro guztia.


Piedras Blancas glaziarra.

Gauean hotza egin du, eta dena dago izoztuta Poincenot kanpalekura dihoan bidean.

Mendien erreflexua aintzira txiki batean.



Eskuinean geratzen den mendilerroa. Gorra Blanca dela uste dugu.

Toki batzuk turbera antzekoak dira eta egurrezko pasabideak daude. Erabat izoztuta daude eta adi ibili behar da ez labaintzeko.

Gu orain eskuinera goaz, Poincenot kanpalekua eta De Los Tres aintzirara. Gero jeisterakoan, hemen elkartuko gara semearekin, bera gu egon garen tokira igotzeko eta gu aldiz, bera datorren tokitik joango gara Torre aldera.

Poincenot kanpalekua babesten duen basoan sartzera goaz. Izotza nagusi.

Kanpalekua atzean utzi eta Blanco ibaia zeharkatzen gaude. Hor goian ikusten den muinora igo behar dugu. Aldapa gogorra, baina goian zain daukagun espektakuluak igoerako esfortzua arinduko du.

Río Blanco glaziarra eta bere gainean De La S, Saint Exupery eta Rafael orratzak.

Heldu gara De Los Tres aintzirara, Fitz Roy-ren azpian. Hiru ordutan Chaltén-etik. Tokia izugarria da eta oraindik ez dago jenderik. Gozatzea tokatzen da.

Lakua, De Los Tres glaziarra eta Pincenot eta Fitz Roy.


De Los Tres glaziarreko pitzadurak.

Ordu erdi egin dugu toki paregabe honetan, baina indarrak ondo ditugunez eta eguraldia lagun, Cerro Torre ikustera joatea nahi dugu, eta bide luzea geratzen zaigu horretarako.

Beraz jendea heltzen hasi denean, guk beheruntzako bidea hartuko dugu.

Beheko lautadara jetsi behar gara, eta gero Madre eta Hija Aintzirak ezkerretik zeharkatu Torre aldera jeisteko. Capri aintzira ere ikusten da, eta atzean, Viedma lakua.

Blanco ibaira jeisten.


Blanco ibaiaren ertzean, basoan, egurrezko pare bat aterpe daude.

Aldaparen oinean dagoen informazio adierazgarria.

Semearekin elkartu eta informeak elkarri pasa ondoren, Madre Antzira zeharkatzen.

Izugarrizko tono eta koloreak bai lakuan eta bai ertzetako basoetan.

Hija Aintzira.


Eta horrelako batean hor agertzen zaizkigu atzo izkutatuta zeuden orratzak, Torre, Egger, Herrón eta Standhardt.

Adelas mendilerroa eta goian aipatutako orratzak.

Begiak ezin kenduta gaude. Hau da espektakulua!

Merezi izan du itzuli luzea egitea! Ez da oso ohikoa horrela ikustea inguru hau.

Adelak, Torre eta bere glaziarra,... Dramatikotasuna eta edertasuna zati berdinetan.

Baina herrira itzultzeko ordua da. Penakin toki paregabe hauetatik alde egin behar dugulako, baina oso pozik izan dugun sortearekin.

Beste begirada bat Grande glaziarrari.

Tontorreko izotzezko perretxikoak ere ikusten ditugu.



Sólo mendiaren atzean erdi izkutatuta dagoen Cerro Grande ere agertu da.

Adelas. Hauek ez dira Torre eta Fitz Roy bezain ezagunak, baina ez dute inongo enbidiarik izan behar. Hauek horma eta korridoreak!

Dena amets bat izan ote da?

Okil berde (gorri?) honen jardunak dena errealitatea dela adierazten digu.

El Chaltén-era jeisten gaudela hor ditugu tontor guztiak hondo-irudi paregabea eskeintzen.

Ondo hartu gaitu benetan El Chaltén-ek. Garaiz heldu gara hostalera, eta dutxatu eta motxilak prestatu ondoren, seiretarako bus geltokian gaude, Calafate-rako busa hartzeko zain.

Baina gaur ez dute izkutatzeko asmorik, eta hor jarraitzen dute herriari nortasun berezia eskeintzen.

Busetik Viedma lakua eta guretzat ezezagunak diren mendiak.

Eta km dexente egin ondoren, oraindik hor ditugu gure bi egun hauetako protagonistak, Torre eta bere sateliteak, Saint Exupery, Poincenot, Chaltén, Mermoz,... Pozez gainezka goaz.

Viedma lakua eta bere gaineko mendiak.

Viedma lakua eta glaziarra.

Eta gaua egin denean, oraindik hor jarraitzen dugu Torre, Fitz Roy eta gainontzekoen silueta bikainak ikusten. Bukaera ezin hobea egun bikain honi. Calafate-ra gaueko bederatziretan heldu eta "Parrilla libre" batean ospatuko dugu Chaltén-en bizi izandako guztia.






















































iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina