2025/09/20

⛰️ NEOUVIELLE 3091 mt Zirkularra.

    PIC DE NEOUVIELLE-n, bost aldiz gaude egonda, baina azkena, semearekin, 2007an. Nèouvielle parkeko gainontzeko hirumilakoak ere igota ditugu, aspaldi hauek ere. Eta adinean aurrera goazenez, berez distantziaz igoera laburrenetakoa da hau eta horregatik aukeratu dugu. Bisita berri bat beraz, baina ez ginen asko gogoratzen duen harkaitz-bloke festarekin...

                                  

NEOUVIELLE 1986. Lehenbiziko aldiz.

NEOUVIELLE 1986. Campbieil, Badet, Pic Long atzean.

1988 Hau eskiekin. Hemen Aumar lakuan, Aubert lakuko aterpera bidean. Kotxea oso behean utzi behar izan genuen. Neguan irekita egoten den aterpean egingo dugu lo.
NEOUVIELLE 1988. Tontorrera igotzeko azkenengo metroak eskirik gabe.
   
NEOUVIELLE 1988. Tontorrean. Gero, udazkenean, berriz joan ginen, eta Neouvielle eta Ramougn igo, baina orduan La Glère-tik.


          NEOUVIELLE 2002. Elgoibarko Emakume taldearekin.

NEOUVIELLE 2007. Semearekin. Baina ordutik 18 urte pasa dira, eta noski, gauzak ahaztu egiten dira.

 2025-09-03 Bielsan egin dugu lo eta ordubeteko bidaia egin ondoren, Orédon lakuko bidesari-langa pasa eta Aubert lakuko aparkalekura goaz. Aumar lakura heldu baino lehen hor ditugu tontorrak, eguzkipean jada. Eguraldi ona dago iragarrita eta baliatu egin behar.


 Ramougn eta Nèouvielle atzean. Goizeko 8ak dira. Ez dago jende asko eta gure aurretik ez dugu inor ikusten. Frantsez batzuk Aubert mendateruntz abiatu dira.

 Aubert lakuan dagoen orientazio-mahaia (2150 metrotan gaude).

 Aubert lakua goizeko argi politekin.

 Lakuaren ertzeko bidetik goaz eta orain presa zeharkatu behar dugu.

 Ramougn eta Néouvielle goian. Ezker aldetik hasten da igotzen, eta gero eskuinera hartu Barris bretxa zeharkatzeko.

 Tontorrak eta Hourquette d'Aubert eskuinean. Itzulera hortik egingo dugu.

 Aubert bretxaren eskuinean dauden Pic dets Coubous eta Madaméte, Aubert lakuko uretan bikoiztuta.

 Aubert lakua.

 Presa zeharkatu eta hartu dugu Néouvielle-ra doan bidea. Hemen, laster, hutsegite handia egingo dugu, Pas del Gat-era doan bidea jarraituz, eskuinera egin beharrean. Adi ez joatearren...

 Les Laquettes behean geratzen dira.

 Hutsegitea konpontzen. Eskuinera hartu dugu baina goragotik eta kostatu zaigu bide egokira ateratzea.

 Dagoeneko Barris bretxa zeharkatu dugu eta bidean gaude. Dena dela, harrituta gaude zenbat mugarri-lerro dauden ikusteaz. Toki desberdinetatik daude jarrita mugarriak. Ez genuen halakorik ezagutzen. Aumar lakua eta Pic des Quatre Termes aldea atzean.

 Aubert eta Aumar lakuak eta Madaméte, Quatre Termes,... Inguru bikaina.

 Igoerako zati lasaiena izango da hau. Atzean, Ramougn-era doan Barris d'Aubert ertza.

 Marmota hau bide ondoan atera zaigu.

 Eta apur batean hor geratu da.

 Sartu gara harkaitz-bloke festan. Mugarriak nonahi, baina oso gogorra. Behean, Aubert eta Aumar. Gu eskuinetik gatoz, diagonalean.

 Erreferentzia aurrean daukagu, Chausenque Bretxa. Bere oinera heldu aurretik, ezkerrera hartu behar da. Hortik etorri ginen 1988ko udazkenean Néouvielle eta Ramougn igotzeko.

 Chausenque bretxaruntz. Bere eskuinean, D'Espade ertza.

 Chausenque eskuinean utzi eta ezkerreruntz. Hau da harkaitz jaialdia!


 Eta hau da aurrean daukaguna. Erdiko hormen azpira heldu behar da, gero handik ezkerrera igotzeko. Nondik doa bide egokiena???

 Hemen goaz toki onenak bilatze nahian, baina ez da batere erraza.

 Bloke artean murgilduta. Gainera, aurretik ez dabil jenderik eta erreferentzia gutxi, baina tira... Beranduago helduko dira mendizale gehiago.

 Gu aurrera, goiko hormen azpira hurbiltzen. Hemen, baina aspaldi, glaziarra zegoen eta gure gogoetan, elurgune batzuk gutxienez. Orain baterez.

 Midi de Bigorre, Espade ertzaren gainean.

 Tontorrera hurbiltzen, bloke artean hemen ere. Trepada txikiak egiten bloke handienetan.

 Tontorraren ezkerreko ertzera igo eta Ramougn aldera pasa gara. Tontorraren eskuinetik ere igo daiteke, baina gaur hemendik hartu dugu. Cap de Long lakua eta Ramougn dotorea. Ertz horretatik igo genuen 1988an.

 Trepada errazak baina eremu delikatuan.

 Azkenengo metroak tontorrera heltzeko. Ramougn baxuagoa da, eta Cap de Long eskuinean.

 Tontorraren azpian. Goian, Trois Conseilleurs-eko ertzetik heldu diren bi eskalatzaile frantsez.




 PIC DE NÉOUVIELLE (3091m). Kostatu zaigu heltzea, gogorra egin zaigu, baina hemen gaude. Lau ordu t'erdi, hutsegite eta guzti.

 Badet, Pic Long, Maubic. Atzerago Perdido-ren ipar aldea eta Behatza agertzen dira.

 Pic Long-en ertza, Pic d'Estibère Male eta Bugarret, eta atzean, Perdido-Cilindro-Marboré.

 Torre de Marboré-Casco-Roland Bretxa-Bazillac-Taillón.

 Tres Consejeros-Turón de Néouvielle aurrean, Pic Long eta gainontzekoak. Eguraldi eta ikuspegi bikainak.

 Vignemale.

 Frondiellas, Balaitús, Palas,...

 Lehenbizikotik 39 urte beranduago, biok tontorrean. Gozatzeko momentuak...

 Baina guretzat zailena dena geratzen zaigu eta beheruntz poliki, poliki. Orain hasi da jendea heltzen.

 Tontorraren azpian, ertzera zeharkatzen Ramougn aldetik. Igoerako ingurutik jetsiko gara, edo ahalegindu behintzat.

 Bloke handienak baliatuz jeisteko. Tontorra goian.

 Beheko "glaziarrera" jeisten. Poliki baina seguru.

 Espada ertza eta Midi de Bigorre aurrean.

Bloke artean beheruntz. Hor aurrean, ezkerreruntz hartuko dugu, Aubert Bretxara joateko. Eskuinetik igo gara, eta orain ezkerretik itzulko gara. Ez dakit erabaki oso ona izango den...


Midi de Bigorre 

Aubert eta Aumar lakuak. Baina urruti oraindik. Hartu dugun"bidea" ere erabat gogorra, bloke artean, nola ez. Ezkerretik jetsiko gara bi lakuen artean dagoen aparkalekura.

 Hemen ere, mugarriak toki desberdinetatik doaz, eta ez da erraza bidea ondo jarraitzea.

Bloke-festa bukatzen, baina eremu guzti hori zeharkatu dugu. Ezkerrean Ramougn eta Néouvielle ondoren. Eskuinean d'Espade ertza.

Hor geratzen da gure helmuga.

Aubert bretxara heltzen. Utzi ditugu atzean zati gogorrak. Berez, ez dago bretxaraino igo beharrik, baina hemen gaudenez, eta oso gertu dagoenez, ba gora.

 AUBERT BRETXA (2498m). Handik gatoz...

Bretxan.

45 minutu geratzen zaizkigu. Hor Coubous aldea ikusten da.

Coubous lakuen inguruan.

 Gu Aubert lakuruntz, bide erosotik orain. Baina gaur ibilitako goiko eremu guzti hori oso gogorra iruditu zaigu.

Aubert eta Aumar

 Aumar lakuaren gainean. Hortik eskuinera berehala helduko gara aparkalekura.  9 ordutan bukatuko dugu gaurko "periploa". Ondoren, 9 euroko bidesaria ordaindu Oredon-en, Bielsa-ko tunela zeharkatu eta, lasai, bidean hidratatu eta gosea asetuz, Tramacastillara.

Hemen ibilbidea




iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina