2019/06/23

PEÑA BLANCA 2556m, PEÑA ROYA 2578m Santa Elenatik (Tena Bailara)

Hau da Tramacastilla-ko gure etxetik ikusten duguna. 1986an igo genituen Panticosa herritik abiatuta, Asnos lakutik gora. Baina irudi hori hor daukagu beti eta atzo kotxean gentozela, astebukaera igarotzera, helburu zehatzik gabe, hego aldea elurrik gabe zegoela ikusi genuen eta ikusitako erreportai batzuk gogoratuz, Santa Elena-tik igotzea pentsatu genuen. Badakigu gogorra dela, garaiera-aldea handia, 1600 metrotakoa eta inguru basatia. Gainera, eguraldiaren iragarpena, ipar aldean nahiko hodeitsua baina hego aldean hobea da. Beraz, plana eginda!

2019-06-15 Goizean altxatu garenean, espero ez genuen irudia, behelaino trinkoa Tena haranean. Goizeko 8etan hau da Santa Elenan daukagun panorama. Errepide ertzean utzi dugu kotxea (990m) eta Gotorlekua goian daukagu. Horrela hasiko dugu ibilaldia, altxatuko duen itxaropenarekin.

Gállego ibaia, zubiaren azpian. Pista jarraituko dugu gotorlekuraino.

Gotorlekuaren atzeko aldetik ateratzen da jarraitu behar dugun bidea. Harkaitz horren eskuinetik igo eta bertan hartu behar da ezkerrera. Ez dago inongo mugarri edota markarik eta hasiera ez da oso nabarmena, baina berehala sartzen da basoan eta hor bidea argia da.

Guk hasieran ez dugu sarrera ikusi eta Santa Elena baselizara joan gara. Berriz buelta eman eta ondo hartu dugu bidea.

Ilun dago basoan.

Behelainoek tono berezia ematen diote.


Hau Ereta del Mercadé behatokia da, baina ezer gutxi daukagu behatzeko.

Basoan jarraitzen dugu. Pago ederrak ere agertzen dira tarteka.

Asfodeloak.


Cuello Chico. Altxatzea nahi duela dirudi baina ez da horrela izango. Hemen izan dugu eguneko sustoa. Bapatean, gainean daukagun baso horretatik izugarrizko marruak hasi dira. Garbi dago alde egiteko aginduak direla eta animali handiren batenak direla. Ez dugu ezer ikusi eta berehala jarraitu dugu gure bidea, baina oraindik ez dakigu zer animali ote zen. Artza izan daitekela ere pentsatu dugu...

Basora berriz.
Cuello Grande-n, Lasieso-ko orratzen gainean. Orain eskuinera joango gara, basora eta zeharkaldi luzea egingo dugu D'a Lana kanalaren beste aldera heltzeko.

Cuello Grande-tik minutu gutxira, bidearen azpian geratzen den Zerzinera iturrira heldu gara. Emari handia eta ur freskoa.

Zeharkaldian gaude eta atzera begira Cuello Grande ikusten dugu. Behelainoek hor jarraitzen dute gora eta behera.

Gure eskuinean Lasieso sakanera erortzen diren arroiletako bat.

Lilium Pyrenaicum. Piriniotako Azuzena.

Ez ditugu gehiegi ikusi. Landareak bai, asko, baina gehienak goiko ertza janda.

Baina ikusi ditugunak dotoreak.

Lana kanala zeharkatzen. Cuello Grande erdiko muinoa da. Hemen ez da altuera asko irabazten.

Bidea polita da, lorez apainduta.

Lasieso-ko orratzak eta Cuello Grande.

Kanal guztia zeharkatu ondoren beste muino txiki batera atera gara. Bertan barra metaliko bat dago. D'os Bascos deitzen omen da bizkar hau. Hemen hasten da aldapa latzena. Gero gainditu behar ditugun hormak oso goian ikusten dira, hodeiz inguratuta.

Eskuineko muino horretatik hasi gara gora igotzen. Hasieran bidea nahiko nabaria da eta mugarriak ikusten dira landaretza artean.

Baina hemendik gora, landaretza gero eta trinkoagoa dago, eta intuizioa jarraituz egin dugu gora. Gainera mugarriak jartzen ibili gara, hodeiak hemen jarraitzen baitute.

Zati txarrena igarota, harri artean egin dugu igoera. Hemen oraindik zalantzak izan ditugu ea lortuko genuen tontorrera igotzea, hodeiak oraindik nahiko trinkoak baitira. Zorionez, hemen aintzinako GR baten marka zuri-gorriak agertzen dira, eta hauek jarraituz joango gara tontorraren azpira heldu arte. Orain, ezkerrera doaz markak, beheko horma horiek gainditu ahal izateko.

Horrela lortu dugu Rápita-ren eskuineko ertzera heltzea. Bubal urtegia daukagu azpian, baina Tena harana ere hodeipean dago.

Jarraitu behar dugun ertza Peña Blanca-ren hormetara heldu eta eskuinetik igarotzeko ondoren. Hodeiak orain joan eta etorrian dabiltza. Ea garbitzen duen...

Hoz de Jaca eta Bubal.

Momentu batzutan zerbait garbitzen da eta Tena haraneko herriak ikus daitezke. Mendiak, Ferraturas-Soba mendilerroa erdian eta Arriel eskuinean.

Hauek dira gaur ikusiko ditugun izaki bakarrak.

Punta Escarra. Hasi gara zerbait ikusten.

Hormen azpira heldu behar gara. Ondoren, eskuinean dauden faxetako bat jarraituko dugu, ezkerrean kanal erraz bat aurkitu arte. Hemen markak ugariak dira.


Hauek Hoz de Jaca aldera dauden hormak dira. Punta Blanca, ezkerrean fondoan dago.
Faxatik zeharkatzen. Berehala hartuko dugu ezkerrera, hormak gainditzeko kanalaren bila. Markatuta dago.

Behin hormen gainera irten, Peña Blanca-ra doan ertza daukagu ezkerrean, eta horra joango gara. Marka zuri-gorriak utzi egin behar dira, hauek eskuinera baitoaz, ez dakigu garbi nora.
Ertzean. Atzean Oroel mendia. Luzea egin zaigu azken igoera hau, baina noski, 1600 metroko garaiera-aldea igertzen dugu.

Erdian dagoen Peña Blanca tontorrera heltzen.
PEÑA BLANCA (2556m). Hau da gure oinetan daukaguna. Bost ordu behar izan ditugu behetik. Denbora apur bat galdu dugu mugarriak jartzen, baina gogorra iruditu zaigu igoera, batez ere barra metalikoa dagoen muinotik gora.

Gertu geratzen da Peña Roya. Atzean, Sabocós dago, baina hodeipean. Gure asmoa, Gavín edo Loba lepora heldu eta handik Lasieso sakanera jeistea zen, zirkularra egiteko. Baina hemendik Loba lepotik behera dagoen sakana ikusita, biderik gabe eta oso bertikala, toki beretik itzultzea erabaki dugu.

Tontorrean. Behelainoak behintzat desagertu dira, eta nahiz eta hodeiak hor jarraitu, lasaitu gara, orain bidea argi daukagulako. Jetsi baino lehen Peña Roya-ra joango gara.

Ezkerrean Serrato eta Batanes eta eskuinean Vignemale, denak hodeiekin. Aurrean Loma del Verde eta Baldairán, Ferreras, e.a ondoren.

Peña Roya eta Sabocós.

Peña Roya-ra igotzen. Atzean, peña Blanca eta, atzerago, Telera.

PEÑA ROYA (2578m). Sabocós-era doan ertza.
1986an Panticosa herritik igo ondoren. Vignemale ondo ikusten genuen orduan.

Hau da gaurko egoera. Tramankulo ta guzti.
Baldairán aurrean eta Serrato-Xuán eta Batanes atzean.

De los Asnos lakua ezkerrean eta Sabocós eskuinean, Panticosa-ko eski-estazioan.
1986

Bubal urtegia, Sandiniés, Escarrilla, Lanuza urtegia eta Sallent de Gállego.

Peña Blanca Peña Roya-tik. Orain ari da eguzkia ateratzen eta koloreak indartzen.
Peña Blanca, Bubal, Telera-Escarra (Partacua mendikatea).



Hoz de Jaca eta Bubal.

Partacua.

Peña Blanca-ra itzuli eta ertzetik behera. Jetsiera luzea geratzen zaigu.

Peña Montañesa ikusten dugu, urruti.

Hau da goiko gaztelutik irteteko kanala. Berriz marka zuri-gorriekin.

Hormen azpiko zeharkaldia. Fondoan Oroel.

Bubal, Tramacastilla (gure herria), Pazino, Ferraturas-Soba, Arriel.

Han atzean geratzen da Peña Blanca. Fajalatan gaude.

Jetsiera bortitza orain.

Toki egokienak bilatzen. Zati honetan jarri ditugu mugarriak igoeran.

Tarte batzutan alde garbienak uharraren bidean daude eta hortik ari gara jeisten. Hau da zati aldrebesa.

Burrúmbalo gailurra Santa Elenaren beste aldean.

Asfodeloa.

Zati gogorrena bukatzen. Hemen aldapa oso tentea dago eta ibiltzeko ez da erosoa.

Orain bai garbitu da goiko aldea. Justu erdian dago hormak gainditzeko jarraitu behar den kanala. Zailena egin dugu!

Gavín edo Loba mendatea erdian eta Sarasé mendia eskuinean. Lasieso sakana behean. Hortik jeistea zen gure asmoa, baina hemendik hobeto goazela uste dugu.

Lana kanaleko zeharkaldi loretsua. Cuello Grande ezkerrean, eta bere gainean, atzean, Burrúmbalo.

Zeharkaldian. Orain ondo berotzen du eguzkiak.



Horrelako irudiek daramagun nekea arintzen dute.
Oso gustora hartu dugu iturria eta bertako ur freskoa. Atsedena hartzeko toki ederra, itzalean eta enborrekin egindako jarleku dotoreetan.

Lasieso-ko orratzen gainean dagoen Cuello Grande-n. Orain beste Cuello-ra bitartean baxu hitzegiten joango gara ea lehengo animaliak lasai uzten digun.

Zorionez orain ez dugu sustorik izan eta igoeran ezer ikusi ez dugun behatokira heldu gara. Hor daukagu Biescas gure aurrean. Orain bai behatokia!

Lasieso-ko orratzetako bat. Eta Santa Elena-ko abiapuntura jeistea besterik ez zaigu falta. Azkenean ea 10 orduko ibilaldia egin dugu, 1600 metro gora eta behera, gogorra baina ederra. Toki oso basatia iruditu zaigu, eta hori errepidetik nahiko gertu dagoela. Ez dugu inor ikusi. Beraz, beti bezala, non dago Pirinioen masifikazioa???...

Afaltzera Escarrilla-ra etorri gara eta bertatik ikusten ditugu gaurko bi mendiak. Eskuinean dago Fajalata-ko ertza, eta Peña Blanca lehena eta Peña Roya ondoren.