2018/04/25

TURBÓN 2492m eta TURBONET 2344m. Vilas del Turbónetik

2018-04-05 Atzo Ordesatik Tramacastillara itzuli ginenean, eguraldiaren iragarpenari begira eta oso ona ematen dute gaurko. Aste guztian gaude zain, eta badirudi heldu dela eguna. Hau zen helburu nagusiena egun hauetarako! Horrela ba, goizeko 6:30tan atera gara etxe-tik eta Sabiñanigo-Boltaña-Ainsa tik pasa ondoren, 8:00etarako bigarren gosaria egiten gaude Campo-ko Cotiella ostatuan. Nola ez, Cotiella ikusten dugu bertatik, zuri-zuria.

Campo-tik errepide oso on bat jarraituz Vilás del Turbón herrira heldu gara. Bainuetxea eta botilaratze planta igaro, eta bihurgunean, aurrera jarraitu dugu pistatik metro gutxi batzuk, errekatxoa igaro eta ondoan aparkatu dugu (1370m). Beraz, 1200m-ko garaiera aldea daukagu. Horrela ikusten da Turbón bertatik. Lehenbiziko aldia da gatozela eta blog batean ikusi dugun elurrarekin egindako ibilaldi bat daukagu gordeta mugikorrean. Ea moldatzen garen...

8:45ean hasi gara oinez, eta gure aurretik mendizale bakarti bat ikusi dugu irteten baita. Hasieran Aras mendatera eta Abella-ra doan PRa jarraituko dugu, pistatik.

10 bat minutura edo, badago Turbon-era igotzeko baliza bat ezkerrera, eta bidezidorra dago, baina gure erreferentzian aurreragotik hartu behar dugu, eta hau baztertu eta pistatik jarraitu dugu.

Baliza ugari daude. Guk "Turbón por Canals" jarraituko dugu. Gainera momentu batean, pistan, gure aurrean, orkatzkume bat pasa da. Polita izan da.

25bat minutu pistatik ibili ondoren, iturri baten ondoan, guk jarraitu behar dugun baliza agertzen da. Beraz, pista  eta PRa utzi eta ezkerrera, basora.
Basoan berehala hasi gara elurra zapaltzen, baina ez da jarraitua oraindik. Arrasto zaharrak daude, baina garbi dago gure aurretik atera dena ez dela hemendik etorri. Baina lasai goaz, eguraldia bikaina daukagu eta ditugun erreferentziak onak dira.

Basotik atera, eta dena dago erabat elurtua. Hemen bertan jarriko ditugu erraketak, nahiz eta gero, aurrean ditugun maldetan Izasek kendu egingo dituen, eta nik beraiekin jarraituko dudan. Frontón de las Brujas daukagu aurrean, eta bere ezkerrean, Pasaturbiello lepoa.



Frontón de las Brujas eta Turbón-en ekialdea. Hortik badaude igotzen diren korridore batzuk, baina gaur ez da eguna, elurjauzi arriskua nahiko handia baita.

Hemen ikusi ditugu aurretik doan mendizalearen arrastoak, bera erraketarik gabe doa, eta Izasek erraketak kendu eta arrastoa jarraitzen ari da. Ni erraketekin noa, nahiz eta ez izan oso egokia, "flanqueoa" baita, eta deserosoa da, baina tira...
Erraketekin igotzeko hobe da eskuinean dagoen zulotik zuzenean igotzea. Hori da jeisteko hartuko dugun bidea. Dena dela, gaur zortez gabiltza, ibilbidea begiratu beharrik ere ez daukagulako. Aurrekoaren arrastoak jarraitzerik besterik ez.
Frontón de las Brujas-en azpian dauden malda hauek ez dira oso fidagarriak. Elurjauzi batzuen arrastoak ikusten dira eta ahal den azkarren pasatzen saiatu gara. Elur asko dago eta orain tenperatura dexente igo da.



Pasaturbiello lepoaren inguruan malda txikiagoa da, eta orain biok goaz erraketekin. Hor erdian ikusten den haran horretara heldu eta ezkerrera joan behar da. Aurrekoaren arrastoak nabariak dira.

Eskuinean zabaltzen ari den paisaia, Gallinero, Malditos-Coronas-Aneto-Tempestades,... Eguraldia bikaina, mendia izugarrizko egoeran... Ez dugu gehiago behar! Badirudi asmatu dugula...

Clarabide, Gourgs Blancs, Jean Arlaud, Seil dera Bacquo, Portillón, Perdiguero, Crabioules, Remuñe, Maupàs, Boum,..., ezkerretik eskuinera.

Abadías, Maldito-Astorg-Coronas, Aneto, Tempestades, Margalida. Ba bai, egia da mendi honek ikspegi bikainak eskeintzen dituela. Eta eguraldi honekin eta dagoen elur pilarekin, dena areagotzen da.

Besiberri mendilerroa. Ezkerrean, Ipar Besiberriaren piramidea. Erdian, hego Besiberri-Comaloforno-Celestin Passet.


                       Malda leunak erraketekin igotzeko. Orain egoera    
               onean dago elurra.
Espadas-Posets mendilerroa.




Bakoitzak bere bidea egiten du.

Orain ikusi dugu lehen aldiz Turbón. Urruti dago. Orain Turbonet zeharkatu egingo dugu eta jeisterakoan igoko dugu.

Turbonet zeharkatzeko erraketak kendu ditugu, eta berriz hona jetsi arte ez ditugu erabiliko. Erosoagoa da ezer gabe joatea. Arrasto ona daukagu eta elurra nahiko ona orokorrean. Hemen behelainoak sartu dira haranetik gora, eta puntu dotorea eskeintzen dute.

Turbonet zeharkatu ondoren, metro batzuk jetsi behar dira, ez asko, eta ezkerreko haran horretatik joan behar da, ondoren erdian dauden muino horietatik gora, goian ikusten den Turbón ertzera igotzeko. Ederra dago inguru guztia.


Utzi dugu atzean Turbonet. Ezkerretik dator La Muria-tik igotzerakoan hartzen den Coma de San Adrián.
Malda leunak ertzera igotzeko.


Hemen atera gara ertzera. Behelainoak hor dabiltza, jolasean, ukitu berezia ematen.

Ertzean. Hasieran oso zabala eta malda leunarekin.

Tontorra ikusten dugunean fondoan, estutu egiten da ertza. Honek puntu interesgarria ematen dio, bi aldeetan amildegia baitago, batez ere, gure ezkerrean. Baina ez da zaila, eta gainera arrastoa irekita daukagu.

Atzera begira, hor jarraitzen dute behelainoek jolasean.


Hemen, noski, ikuspegiak handitu egin dira. Cotiella daukagu ezkerrean.

Eta Peña Montañesa ere.

TURBON-en tontorrean (2492m). Atzean, Aneto eta malditoak. Azkenean merezi izan du zain egotea eta egun aproposa aukeratu dugu etortzeko.

Antenak dauden tokitik, ertzaren jarraipena iparraldera. Fondoan, Espadas-Posets, Perdiguero e.a.

Maladeta guztia-Abadías-Maldito-Astorg-Coronas-Aneto.

 Izas tontorrean, antenatik ikusita. Hemen dagoen informazio panela dena estalita dago, ez da ikusten.

Gailurraz eta inguruaz 20 bat minutu gozatu ondoren, beherako bidea hartu dugu.



Ertzeko irudiak. Benetan interesgarria. Hemen gurutzatu gara igoeran mendizale bakartiarekin eta orain bakarrik gabiltza.


Tontorrera begira. Baldintza ezin hobeetan aurkitu dugu mendia.

Ertza utzi eta pala nahiko leunak jeisten.

Hemen elurra ondo mantentzen da oraindik eta erraketarik gabe goaz.


Turbonet-era hurbiltzen. Ertza jarraituko dugu tontorrera igotzeko.


Turbonet-etik, egin dugun bidea ikusten.

TURBONET (2344m). Atzean, Turbón.

Pala eder horretatik jetsi gara igoeran erabili dugun "flankeora" eta lepotxo honetan jarri ditugu berriz erraketak ahal den beheraino jeisteko beraiekin. Kornisa dotoreak ditu Turbonet-ek.

Agur esaten gaurko bi tontorrei. Asko gustatzen ari zaigu.

Gu Pasaturbiello leporuntz heltzen eta orain gurutzatu gara gora doazen hiru mendizalekin. Hemen elurra dexente bigun da eta doazen orduan eta ez eski eta ez erraketa, kostatuko zaielakoan gaude... Baina tira, denetarako dago jendea.

Pasaturbiello-tik behera zuzenean hartu dugu eta horrela erraketekin oso ondo ari gara jeisten.


Behean, pasabide dotore batetik sartu gara, basoaren gainean goizeko arrastoak aurkitu arte, bidean. Igotzen hainbeste kostatu zaigun zatia, guretzat gaurko gogorrena, orain azkar jetsi dugu.

Basoaren erdiraino lortu dugu erraketekin jeistea. Orain lasai, bidea jarraitzen pistara atera arte. Gero, pistatik jetsiko gara kotxera.

Turbón-en ekialdea pistatik. Gozatzen goaz.

Vilas del Turbón. Azkenean 7 ordu ibili gara. Uste genuen baino gutxiago, kontutan hartuta ea dena elurrarekin egin dugula, baina zorte handia izan dugu. Lehen esan dugun bezala, egoera onean aurkitu dugu elurra, eta aurrekoak egindako arrastoak ere asko lagundu digu. Mugikorrean eraman dugun erreferentzia ere begiratu beharrik ez dugu izan. Egun paregabea!

Vilas del Turbon-etik behera, errepidetik, Lierp harana eta Serrate herria Turbón-en azpian.

Turbón. Orain Campo-ra jetsi, hidratatu goizeko ostatu berdinean eta lasai, Tramacastilla-ra itzuliko gara, bidean beste geldialdi teknikoren bat egin ondoren.
Eta egun eder hau borobiltzeko, Fiscal herrian erositako saiheskiak afaltzen etxean. Zer gehiago behar da gustora egoteko?