2019/02/27

PETRAFICHA 2186 mt - QUIMBOA 2182 mt

2019-02-23 Goizeko 5:30etan atera gara etxetik eta 8:30etan Zurizako kanpineko tabernan gaude, bigarren gosaria egiten. Alano mendikateak bere itxura ederrena eskeintzen digu.

Ezkaurre ere ederra dago, ilbeheraren laguntzarekin.



Dena prestatu ondoren goizeko 9ak aldera hasi dugu martxa Zuriza bertan. Tacheras-era doan pista erabat elurtuta dago. 3 kmko pasiada polita hasteko.

Ordu hauetan elurra gogorra dago eta gustora goaz pistatik, aurrean daukagun panoramaz gozatzen.

Alano mendikateko Ralla, Tacheras, Achar eta gainontzeko tontorrak aurrean. Honuntz oraindik ez dator jende askorik. Linza aldera doaz gehienak.
Tacheras-en dagoen mapan ondo ikusten da gure ibilbidea. Tacheras aterpera igo eta hor, Petraficha sakanetik doan bidea utzi eta ezkerrera joango gara, basotik lehenbizi, zuzenean Quimboa lepora igotzeko eta handik tontorretara.

Tacheras behean utzi eta aterpera igotzen gaude. Hemen elurra oraindik ondo dago eta ezer gabe goaz.

Erdi erorita dagoen aterpera heltzen. Atzean, Ralla de Alano eta Ruzquía.

Achar de Alano, Punta Tacheras eta Ralla de Alano.

Alano-ko Orratzak, Tacheras pasabidea eta Achar de Alano.

Behin Petraficha lepora doan bidea utzita, basoan sartu gara eta hor elurra oso txarra aurkitu dugu, biguna, zulo handiekin,... Erraketak ipini ditugu eta horrela zerbait hobeto goaz. Hemen, basotik irteten. Orain dator zati okerrena, erreka pare bat pasa, eta mazela aldapatsua zeharkatu behar da, elur bigunarekin. Momentu batean buelta emateko ere egon gara. Ez dago arrastorik eta momentu batzutan belauneraino sartu izan gara.

Faxa Catalán aterpea behean utzi dugunean, zuzen hartu dugu Quimboa Bajo-aren azpian dagoen horma gainditu eta goiko aldera irteteko. Dena ezkerrera joan gara.

Gora atera garenean sarrio taldeak ikusi ditugu elurretan jolasten.

Hemen berriz elur gogorra daukagu, eta askoz hobeto goaz. Behean asko nekatu gara, zuloetatik irteteko ahaleginetan. Eskiatzaile talde handi bat ikusi dugu Petraficha sakanetik gora doazela. Atzean, Alano mendikatea.

Luze egingo zaigu mendilerrora heltzea, baina eguraldi bikaina daukagu eta atzeko panorama ez da nolanahikoa, Achar, Punta Tacheras, Ralla de Alano eta Ruzquía.

Quimboa Bajo atzean utzi dugu eta anai nagusien mendilerrora igotzen ari gara. Aldapa leunagoa da hemen.

Ezkerrean, Txamantxoia, Keleta-Kartxela, Otsogorrigaina eta Orhi ikusten ditugu.

Quimboa Bajo eta Ezkaurre ezkerrean. Aspaldian egon gabe geunden paraje hauetan. Gaur, orain arte, bakar bakarrik gabiltza.

Ezkaurre.

Zapaltzen ari garen elurraren formak. Lehen esan dugun bezala, gogorra dago, eta erraketekin gustora goaz.

Goiko mendilerrora heldu gara. Eskuinean daukagu Petraficha tontorra. Fondoan, Midi, Balaitús, Palas, Lurien,...

Hemen goian egingo dugu topo Petraficha sakanetik zetorren eskiatzaile taldearekin. Iparraldekoak gehienak eta Iruneako bikote bat, euskaldunak ea denak. Gustora egon gara beraiekin. Mallo Petraficha eta Chipeta daude gertuen, eta Agüerri, Bisaurín,..., atzean. Denak zuri zuri.

Ezkerrean, Gorreta, Gamueta, Acherito eta Billareak.

Aurrean, Acherito lakua (elurtuta erabat) eta inguratzen duten tontorrak, Larraille e.a. Atzerago, Sesques aldea.

PETRAFICHA tontorrera heltzen (2186m). 4 ordu kostatu zaigu igotzea. Beheko aldean denbora dexente galdu dugu zuloekin, eta gustora gaude hona heltzeko gai izan garelako.

Tontorrean. Atzean, gero igoko ditugun Quimboak. Ipar alderuntz, horma ederrak dituzte mendi hauek, eta elur "kornisak" ere bai.

Pirinioko tontor ezagunak atzean. Ezkerretik hasita, Lurien, Palas, Balaitús, Midi d'Ossau, Vignemale, Infiernoak, Garmo Negro-Argualas (ezagunenak aipatzeagatik).


Iparraldekoak berriz Petraficha sakanera jetsiko dira. Hor daude lepoan, jetsierarako prestatzen. Rincón de Alano-Peñaforca eta Lenito daude fondoan.


Gu bitartean, tontorrean oraindik, indarrak berreskuratzen eta paisaiaz gozatzen. Ezkerrean, Ralla de Alano, Espelunga, Ruzquía eta Ezcaurre.

Gorreta, Chinebral de Gamueta, Gorreta de los Gabachos.

Quimboak aurrean eta Binbaleta, Kartxela, Orhi atzean.

Petraficha-tik jetsi eta oso gertu dauden Quimboak igotzera goaz. Hemen egonda, ez zaigu askoz gehiago kostatzen.

Quimboa-ra igotzeko geratzen zaigun aldapa. Erraketak kendu gabe gabiltza.

QUIMBOA (2182m). Gorreta, Chinebral, Acherito eta abarrekin.
Ez dugu denbora asko egin Quimboa tontorrean. Jetsiera luzea geratzen zaigu, eta badakigu behean "sufritu" egin beharko dugula elur bigunarekin. Iruineako bikotea dago goian. Hauek eskiekin dabiltza.

Igoerako toki beretik egingo dugu jetsiera. Aurrean daukagun Quimboa Bajo-aren oinera heldu eta gero ezkerrera.

Txamantxoia, Otsogorrigaina, Orhi, hiru plano ezberdinetan.
Tacheras pasabidea, Achar eta Punta Tacheras.

Irudi dotorea eskeintzen du Quimboa Baxuak.

Quimboa lepotik behera.

Horma hori destrepatu dugu errezen ikusi dugun tokitik, eta elur biguna eta zulo handiak dastatzea tokatzen zaigu orain.

Eskerrak aurrean daukagun ikuspegia dotorea dela. Lortu dugu Tacheras aterpe ondora jeistea, eta zailena eginda atseden txiki bat hartu dugu bertan.

Aterpea han goian geratzen da. Orain Tacheras-era jeisten ari gara, elurgune guztiak baliatuz, erraketak ez kentzeko.

Eguzkia izkutatzen ari da, baina bere izpiak hor agertzen dira Ralla de Alano eta Ruzquía mendien artetik.

Achar de Alano.

Tacheras-eko lautada. Hau itzalean dago jadanik, eta elurra nahiko gogorra dago berriz.

Hiru km-ko pista elurtua geratzen zaigu orain. Baina irudi politak ikusteko aukera daukagu.

Elurrik gabe, honaino etor daiteke kotxez. Tacheras eta Alano mendikatea. Ez gara aspertzen horra begira.


Arratsaldeko 5etan heldu gara abiapuntura, Zurizan. 8 orduko ibilaldia izan da. Pozik gaude. Iruineak eskiatzaile bikotea ere oraintxe heldu da. Beste toki batetik jetsi dira, baina hauek ere sufritu behar izan dute elurraren egoera. Aldatu, eta etxera itzultzeko bideari ekin diogu.

Belabartze ere elurtuta dago.

Eta Irunberrin ilunabar ederraz gozatzeko aukera izan dugu. Beste opari bat. Gaueko 9etan etxean afalduko dugu. Egun oso intentsoa izan da. Garai batean, ohikoagoak ziren horrelako ekintzeri X 13 deitzen genien, oraindik ez dakigu zergatik...