2024/04/30

🏠Bonaigua, 🏔️TUC DE LA CIGALERA 2497 MT

      2024-04-04

Estarri d'Aneu ondoan dagoen GUINGUETAn gaude hiru egun igarotzen. Atzo, Isil-etik Airoto sakanera joan ginen Airoto-ko lakuak eta aterpera heltzeko asmoz. Behetik elur gutxi ikusten zen eta ez genuen materialik eraman. Errore handia! 1700 metrotik gora elur asko eta oso biguna. Ezin izan ginen heldu!

Gaur, errezera etorri gara. BONAIGUA mendatera etorri gara. Oraindik eski-pistak irekita daude eta elur asko dago. Atzo, interneten begira ea zerbait erreza zegoen hemen, Tuc de la Cigalera aurkitu genuen. Hau da beraz gaurko helburua.

 BONAIGUA (2077m). Jatetxearen ondoan utzi dugu kotxea eta bertan jarri ditugu erraketak. Aste eguna da eta oso lasai dago dena. Gaur desnibel txikia daukagu, eta ibilaldia ez da batere luzea. Hasierako metroak pista batetik egingo ditugu, ertzetik, eskiatzaileei traba egin gabe.

 Irteeratik izugarrizko ikuspegiak ditugu. Hemen, Aneto-Coronas-Maldito-Maladeta-Alba mendilerroa.

 Pista utzi eta eskuinera goaz. Eguraldi bikaina eta elurra ona erraketekin igotzeko. Ikusi ditugun mendizale guztiak eskiekin dabiltza.
 Hasieran dago aldapa tenteena. Sigi-saga batzuk eginez igo dugu.


 Behin aldapa hori gaindituta, eremu lasaiagora atera gara. Ikuspegiak bikainak izaten jarraitzen dute. Hemen, Ratera, Saboredo lakuen eremua, Tuc Gran de Sendrosa,... Bakarrik goaz, eta kotxera jetsi arte horrela ibiliko gara. Inguruko beste tontorretan  ikusiko dugu jendea, baina hemen ez.

 Perdiguero-Remuñe-Crabioules-Lèzat-Quayrat...

 Ratera ezkerrean eta Tuc Gran de Sendrosa eskuinean. Erdian, Saboredo lakuak daude.

 Tuc Gran de Sendrosa. Ihezko udan igo genuen. tuc-gran-de-sendrosa-2703-mt

 Ondo elurtuta dauden eremu zabaletatik gora goaz. Eski arrasto ugari daude eta guretzat egokiena den bidea ari gara jarraitzen.

 Saboredo lakuen ingurua eta Ratera erdian. Eskuinean, Colomers-era doan mendilerroa. Paisaiaz gozatzen!


 Goruntz. Hasieran aurrean daukagun muinoa pentsatu dugu dela tontorra. Baina ez, benetako tontorra ezkerrerago geratzen da.

 Ikuspegiekin jarraitzen dugu. Gure eskuinean, Gerber harana, Pui de la Bonaigua, Ximeneies, Bassiero, Amitges, Saboredo, Ratera,...pic-de-amitges-2851-mt-tuc-de-saboredo.

 Aurrean daukagu 2476m-ko garaiera duen muinoa. Bere ezkerreko mendatera igoko dugu zuzenean eta, gero ezkerrean dagoen tontorrera. Oso ibilbide erosoa.

 Bagaude ertzean. Muinoa eskuinean, kornisa dotorez apainduta.

 Azkenengo metroak tontorrera heltzeko.

 TUC DE LA CIGALERA (2497m). Pare bat ordutan igo dugu, lasai. Eguraldi eta ikuspegi bikainak. Denbora hartuko dugu bertan. Hemen, Gerber harana, Bassiero, Amitges, Tuc de Saboredo,...

 Montardo eta ingurua.MONTARDO UDAN 2837-mt

 Russell-etik Maladeta guztietara doan mendilerroa. Aurrerago Mulleres eta Forcanada besteak beste.

 Perdiguero, Lliterola, Crabioules, Lèzat, Quayrat,...

 Gauden tontorretik gertu, Tuc de la Llança ezkerrean eta Cap del Montanyó d'Arreu. Ezkerreko magalean Beret-eko eski-pistak ageri dira.

 Tontor zabalean. Tuc de la Llança atzean.

 Cap del Muntanyó d'Arreu, Tuc de Bonabé, Pic de Moredo eta Pic Qüenca eskuinean. Isil eta Montgarri-ren artean dauden mendiak dira.

 Mont Roig ederra.

 Behean utzi dugun muinoa eta Bonaigua-ren beste aldean, Gerber harana, Bassiero, Amitges, e.a.

 Ekialderuntz, Isil aldea, Mont Roig eta Pica d'Estats ingurua besteak beste.

 Eta paisaiaz ederki gozatu ondoren beheruntz. Orain jetsiera zuzenagoa egingo dugu goiko aldean.

 Aurrean daukagun panorama izugarria da. Gustora goaz, zentzumenak ondo asetuta. Gainera elurrak egoera onean jarraitzen du.

 Pinu horrek ondo eusten dio elurrari.

 Beheko pala tentea jeisten.

 Hori da jetsi berri dugun elurrezko pala. Eskien arrasto ugari. Berehala gaude pistetan.

 Orain gure erraketa arrastoak gehitu ditugu. Hemendik azkar helduko gara kotxera.

 Eta bokata jaten Bonaigua-ko jatetxean. Azkenean hiru ordu eta hiru ordu laurden-eko ibilaldia izan da. Lasaia baina ikuspegi ederrez gozatzekoa. Mendian ere oso lasai, ez baitugu mendizale asko ikusi. Merezi izan du.

IBILBIDEA
















2024/04/18

⛰️MONT CARO 1442 mt🌲🌲Tarragonako altuena


2024-03-27Gaur bagoaz inguru hauetatik Pirinio aldera. Baina joan aurretik goiza Tarragonako garaiena den CARO mendia igotzeko baliatuko dugu. Badakigu igoera gogor eta luzeak badituela, baina ez dugu denbora gehiegi eta, beraz, igoera arruntena eta motzena egingo dugu. Horrela ba, Sant Carles de la Rápita-tik atera, Tortosa-tik igaro eta Roquetes-etik gora doan errepidea jarraitu dugu Caro aterpearen ondoan dagoen L'Esquirol aparkalekuraino (1062m). Errepide estua eta aldapa handikoa, oso polita. Txirrindularientzat erronka ederra da, Caro tontorreraino igo daiteke eta. Gaur ikusi ditugu batzuk. Kotxez ere igo daiteke goraino, baina ez da gure helburua.

 L'Esquirol-en dagoen mapa. Guk hor agertzen den ibilbide zirkularra egingo dugu, eskuinetik igo eta ezkerretik jetsi. Ez da luzea eta toki dotoreetatik doa. Okerrena hasiera da, km batean errepidea jarraitu behar da eta, Carrasqueta mendateraino.

 Gutxienez loratan dauden gereziondoak ditugu ikusgai. Goikalde hauetan aterpe eta etxebizitza ugari daude basoan sakabanatuta. Aterpea eta jatetxea ere daude.

 Egin dugu errepideko zatia eta hemen mendiko bidea hartuko dugu. Oso ondo balizatuta dago dena. Lehenbizi Coll dels Pallers-era. Igoera lasaia da.


 Bidea basotik doa, gorosti artean.

 Mendateraino bide lasaia, pinu, ezpel eta gorosti artean. 

 Coll dels Pallers. Hemen GR7a utziko dugu eta eskuinera hartuko dugu (igotzen ezkerrera). Balizak ondo adierazten du.
 



 Bi monolito horien artetik gora hartuko dugu. Caro-ren ertzean gaude. Orain marka gorriak ditugu bidea adierazten. Oso ondo dago dena. Ez dago galtzerik.

 Hau atzean uzten ari garena da. Harrigarria da kostatik gertu horrelako inguruak ikustea. Toki basatiak zibilizaziotik oso hurbil.

 Polita da bidea. Lainotuta dago, eta tarteka sirimiri apur bat ere, baina ez dago arazorik.


Tarteka aldapa gogorren bat ere badago. Hemen adibide bat. Monolitoaren ezkerretik igaroko dugu.


 Mediterraniora begira. Hodeitsu.


 Atzera begira. Coll dels Planells erdialdean geratzen da eta aurreko monolito horren eskuinetik gatoz.




Goian dagoen lautada zeharkatzen.


 Atzera begira.

 Goian agertzen dira tontorreko antenak, baina oraindik falta da.


 Ebro-ren deltaruntz begira. Aurreko egunetan hor zehar ibili gara.

Azken zatia. Zaila dirudi, baina bidea ezker aldetik doa, oso ondo landuta.
 Bidezidorra hormen azpitik doa.

 Bart gauean elur apur bat egin du eta toki hezeetan oraindik ikusten da. Baina ez digu igoera oztopatu.

 Tarte batzutan nahiko malkartsua da hormen azpiko bidezidorra.

 Azken igoera nahiko bortitza da, baina erraza. Behean, aterpearen eta aparkalekuaren inguruan dauden txaletak agertzen dira.

 MONT CARO (1442m). Hainbat informazio panel daude, antena eta eraikinen ondoan. Esan dugun bezala, kotxez igo daiteke honera.

 Bezperan ibilitako Fangar penintsula eta Tortosa aldea.

 Lloret sakana eta inguruak. Hortik ere badaude igoera gogorrak. Gu eskuin aldetik etorri gara. 
 Hodei beltzak, baina ez gara busti. Gero horruntz jetsiko gara, ondoren ezkerrera joateko.

  

 Tontorreko parafarnelia. Koadernoak ere badaude, zerbait idazteko.

 Jeisteko beste alderuntz goaz. Hemen ere ondo balizatuta dago bidea. Landaretza ugari bidean.
 Hainbat aldiz zeharkatuko dugu errepidea, baina dena mendiko bidetik beheraino.

 Beti basoan murgilduta. Aparkalekua baino km bat inguruan ateratzen da beheko errepidera, eta ondoren L'Esquirol aparkalekuan itxi dugu ibilaldi zirkularra. Bi ordu eta 45 minututan eman dugu itzulia, nahiko lasai eginda. Desnibela txikia da, eta oso humanizatuta dago ingurua, baina mendiko ibilbidea polita da.


IBILALDIA