2018/04/18

PEÑA AMAN (Men) eta PEÑA SAN MIGUEL (Sen) . GUARA.



2018-04-02 Astelehena. Gaur Pirinioak erdi estalita daude eta euri arriskua ere badago. Horrelako kasuetan beti geratzen zaigu Guara-ra hurbiltzeko aukera. Tramacastilla-tik ordubete baino zerbait gehiago behar dugu, beraz nahiko gertu geratzen zaigu. Hainbat aldiz etorri izan gara, baina aukera asko dago hemen. Roldán Igarobidea eta alboan dauden bi haitz horiek askotan ikusi ditugu, eta gaur biak igotzeko asmoz goaz San Julián de Banzo-ra bidean.

Peña Amán. Hau da lehenbizikoa. Esan bezala, horretarako, Huesca igaro, Barbastro-ra doan errepidea hartu eta km gutxitara errepide hau utzi eta Loporzano herrira doan bidegurutzea hartu eta seinaleak jarraitu San Julián-era.

Herrira igaro baino lehenago daukagun ikuspegia. Oso dotorea da tokia.

San Julián herrira sartu gabe, errepidea jarraitu, pista bihurtuta, San Martín de la Val d´Onsera  jartzen duena utzi eskuinean eta aurrera segi, soroen ertzetik aparkaleku txiki batetara heldu arte. Bertan daude seinaleak. Peña San Miguel ere jartzen du baina irakurri dugunez blog-en batean bien arteko bidea oso zikina dago eta gainera igoera eta jetsiera potenteak joan-etorria egiteko. Beraz, oraingoz Amán-era joango gara hemendik. Ordu t'erdi behar dela irakurri dugu.

Bidea oso ondo balizatuta dago, ez dago galtzerik. Lehenbizi Val d'Onsera sakanera jetsi behar da, eta han ukuilu-babestoki hau aurkitzen da, higaduraren ondorioz itxura kuriosoa duten hormen azpian.
Sakan lehorra igaro eta oso ondo egokituta dagoen bidea jarraituko dugu. Momentu batzutan galtzada itxura ere badu.
15 bat minututan bidegurutze honetara heldu gara. Argi dago nora joan behar dugun. Bestea, beste halako egun baterako helburu pendientea. Beti plan berriak buruan...
Eremu lehorra da, baina landaretza badago, eta kuriosoa.
Sen eta Men.

Amán. Bere eskuinean dagoen lepora heldu behar da, gero eskuineko ertz horretatik igo eta azkenengo zatian dauden iltzeetatik "trepatu".
Hor ikusten da lepora doan bidea.

Hemen gaude lepoan. San Miguel-era joan-etorria egiteko hemendik hartu behar da behera, Flumen ibaia zeharkatu eta beste aldeko aparkalekura igo, handik igotzeko tontorrera. Eta gero itzuli, noski. Guk era erosoagoan egingo dugu. Baina orain Amán daukagu aurrean.

Trepada errazen bat egin behar da, baina hauek ez dute inongo arazorik.

Hori da azken zatia. Horra heltzeko eskuinera joango gara "bira" aereo baina erraza jarraituz.

Eskuinean amildegi erraldoia Flumen ibaiarekin zuloan. Ibaiaren beste aldean, Peña del Fraile eta Peña San Miguel, eta gero erabiliko dugun aparkalekua. Hortik igotzen da San Miguel-era.

Ekarri dugun biratik, 180º-ko bira eman eta azkenengo irtengunearen azpiko beste bira hau segitzea da klabijak dauden tokira.

8 bat metroko horma da, eta horietatik 5 erabat bertikalak. Zailena hasieran dago, lehenengo iltzea nahiko altu dagoelako eta behean egoten diren harriak hobeto heltzeko, ez zeuden jarrita. Hau da gora igo ondoren, beheruntz begira. Hiltzerik gabe IIIko zailtasuna edo izango da, eta iltzeekin errazagoa, baina bakoitzaren arabera... Izas-en belaunak ez daude gaur hau igotzeko prest eta hor geratu da zain. Hau igo ondoren, berehala dago tontorra.

PEÑA AMAN (1121m). Oso gertu dago San Miguel, baina beraien artean dagoen amildegia izugarria da.

Hoya de Huesca.

Ea eskuekin ukitzeko bezala, baina urruti. Hau da Roldán-en haitzartea deitzen dena. Flumen ibaiak sortutakoa bi haitz hauen artean. Benetan zirraragarria.
Putrea.

Berriz hormaren gainean nago hiltzeetatik jeisteko. Adi ibiltzeko tokia bai da, ze edozein oharkabe hemen ez da txantxetakoa, amildegia itzela baita.
Horma jeisten.

Hau da zati zailena.

Bagoaz beheruntz igoerako bidea jarraituz.

Peña del Mediodía-Picón-en hormak ditugu aurrean.

Txabola zahar baten hondakinak bide ertzean.

Val d'Onsera sakanean dagoen babestokian.

Higaduraren ondorioz sortutako formazio kuriosoak. Eta hiru bat orduko ibilaldia egin ondoren heldu gara berriz aparkalekura. Orain kotxea hartu, Huesca igaro eta Monrepós mendatea igotzen hasi baino lehenago dagoen ostatuan ogitartekoa jan eta ondoren alboan dagoen Nueno herrira joan eta handik Sabayés eta Santa Eulalia de la Peña-ra, baina herri honetara joan gabe eskuinera dihoan pista estua jarraitu. Pistan adi ibili behar da, oso estua baita eta eskuinean amildegia dauka.

Peña San Miguel eta tontorrean dagoen ermita, Santa Eulalia herriko bidegurutzetik.

Erdian dagoen lepo horretan dago aparkalekua. Hortik 20bat minutu behar dira tontorrera heltzeko.

Aparkalekuan bertan daude balizak eta inguruko mapa. Bidea oso ondo egokituta dago hormaren azpiraino. Mendi hau orain dagoen egoeran bestea baino askoz errazagoa da.

Bagoaz. Tontorra gainean.

Hormaren azpira heldu eta bira hau jarraitu behar da. Katea dago jarrita, baina nahiko zabala da eta ez dago zailtasunik.

Eta hemen hasten da "ferrata". Peña Guarak jarritako eskailerak eta kablea dira. Ez dago zailtasunik eta "normalean" (bakoitzak erabaki behar du nola doan eta ze jenderekin) ez da behar material berezirik.

Bi tarte daude eskaileraz hornituta. Hau da bigarrena. Gero goiko lautadara ateratzen da berehala.

PEÑA SAN MIGUEL(1126m). Igoera laburra baina entretenigarria.

Putreak dira hemengo biztanleak.

Peña Amán orain beste aldean, eta alde honetan Peña del Fraile. Erdian Paso de Roldán haitzartea. Elezaharrak dionez 778. urtean Carlomagno-ren armada arabiarren menpe zegoen Zaragoza hartzera joan, baina ez zuten lortu eta Pirinioetara alde egiten zeudela Frantziara itzultzeko, armada horretako Roldán zalduna Amán haitzaren gainean setiatuta geratu eta bere zaldiaren gainean jauzia egin eta San Miguel gainera heldu omen zen... Elezaharrak.



Hoya de Huesca hemendik ere. Flumen ibaia.

San Miguel ermita.

Ura biltzeko zituzten urasketako bat. Hau hormen babesean dago, hor ura freskoagoa mantentzen baita. Gehiago daude.

Ferratatik behera. Hau Amán-ekoa baino errazagoa da. Azkenean beste egun interesantea igaro dugu Guara harrigarrian. Aukera asko daude eta oraindik asko ditugu ezagutzeko. Jarraituko dugu etortzen.


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina