2021/11/25

GRAN ERISTE 3056 mt Sahún Portutik

 

 

 2021-08-16  Chía-tik Sahún mendatera goaz, bertan gaua igarotzeko asmoz. Semearen denda txiki bat hartu dugu, eta aspaldiko partez, dendan egingo dugu lo..., beno ahalegindu. Eristeko tontor bat aspaldi daukagu eginda, hegokoa, eta beste biak falta zaizkigu.

 Benasque aldera daukagun panorama. Aurten ari gara inguru hau zapaltzen, eta ez da izango azkena.

 Mendatetik gertu dagoen Cerro Marradetas taberna-aterpea. Ez genekigun martxan zegoenik, bestela bertan egingo genuke lo, toki oso lasaia baita, baina denda ekarri dugunez ez gara hemen geratuko.

 Baina trago bat edan dugu, aurrean daukagun panorama dastatzen.

 Ilundu baino lehen jarri dugu denda. Atzean, bihar zapalduko ditugun eremuak ikusten dira.


 Afaltzen.



 Ilunabarra Maladeta-Maldito-Aneto-Tempestades-Margalida mendilerroan. Toki paregabean gaude.

 Ilargia daukagu lagun.
 Lasai, azkenengo eguzki-izpiekin. 2025 metrotara gaude.

 Eguzkia Perdido eta Sororeen atzean izkutatzen.


 Sestrales eta Añisclo inguratzen duen mendilerroa ilunabarrean. Bederatziak baino lehenago dendan sartu eta goizeko 5,30ak aldera altxatzeko asmoz lo apur bat egiten saiatuko gara.


HURRENGO EGUNEAN (Abuztuak 17)
 

 Denda jaso, gosaldu eta goizeko 6etan hasi gara ibiltzen. Barbarisa haranera goaz, pistatik behera jetsi gabe. Bide gogorra iruditu zaigu, igoera eta jetsiera askorekin. Aurrean Picos del Sen, Eriste Sur, Tuca de Bagüeña,...

 Barbarisa-tik erortzen diren urjauziak ditugu aurrean. Beraien ondoan elkartuko gara behetik datorren bidearekin.

 Ea ordubete kostatu zaigu haranetik datorren bidera heltzeak. Orain lakuetara igoko dugu.

 Inguruko mendiak Barbarisa lakuaren uretan erreflexatuta (2305m). Ea bi ordu behar izan ditugu eta altuera oso gutxi irabazi.

 Lakutik eskuinera hartu dugu. Ribereta lepora igotzen. Aurrekoan egon ginenean hemen, lakuaren ezkerretik igo eta Paso de la Gralla-tik heldu ginen Hego Eriste tontorrera.

 Ribereta lepoa atzean utzi dugu eta zeharkaldi luzea daukagu Bagüeña-ko tontorren azpitik. Eremu gogorra ibiltzeko eta bakardadea galanta. Tontor hauetara oso mendizale gutxi hurbiltzen da.

 Bagüeña eta Comolojuana mendiek osatzen duten zirkoan. Hemendik aurrera dena harria, eremu gogorra. Hemen, erditik igoko dugu eta ondoren eskuinera goian antzematen den lepoa hartzera.

 Comolojuana-ren "sorbalda"-ra heldu gara eta aurrean ditugu hiru Eristeak. Ezkerrekoa igota daukagu, eta gaurko helburua beste biak igotzea da. Baina azkenean erdikoa egin eta bestea utziko dugu. Kokoteraino jarriko gara hainbeste harkaitz eta harrirekin.

 Bagüeña-ko lakuak apur bat samurtzen dute inguru gogor hau. Lakuaren gainean Forquetak eta Espadas-Posets mendilerroa.

 Eriste Handia. Ezkerreko bretxara igo behar da, harritza labainkor eta gogorra gaindituz.

 Hormara hurbiltzen. Gogorra egiten ari zaigu mendia. Adinaren kontuak izango dira...

 Ipar Eristea edo Beraldi tontorra. Beste baterako ??? geratuko da. Gaur Handiarekin nahikoa eta soberan daukagu.

 Ezkerrean hego Eristea geratzen da. Hau, hortik daukagu igota, Gralla igarobidea gaindituz.


 Goiko bretxara igotzen. Trepada erraza baina harri solte askorekin. Kaskoak jarri ditugu.

 Azken zatia, bretxatik gora. Ez da zaila, baina oso adi ibili behar da.


 Tontorretik gertu dagoen plaka.

 GRAN ERISTE (3053m). Ea sei ordu kostatu zaigu eta nekatuta heldu gara. Atzean, Espadas-Posets. Hemen erabaki dugu Ipar Eristera ez joatea. Beste mendizale bat bakarrik ikusi dugu Hego Eristera zihoala.

 Lenés lakua eta Viadós aldea.

 Eguraldi aparta daukagu eta ezkertzen da, lasai ibiltzeko gutxienez. Espadas-Posets ertza atzean. Hor ere duela urte asko ibilita gaude.

 Alba-Maladeta-Maldito-Coronas-Aneto-Tempestades-Russell mendilerroa. Zenbat hirumilako?

 Espadas-Posets. Ah ze oroipenak!

1999-07-05


 Aurrean Punta Suelza, eta atzean, ezkerretik hasita, Sororeak-Marboré, Astazou, Argualas-Garmo Negro-Infierno, Vignemale, Robiñera.

 Millares lakua eta Viadós aldera dagoen kromatismo minerala.

 Hego Eristea eta Comojuana, Chía mendikatea ondoren eta Cotiella aldea atzean, eskuinean.


 Bagüeña-ko lakuak eta Tuca de la Llantía, Pleta de la Val eta Cerler atzean.

 Perdiguero erraldoia eta Boum eskuinean.

 

 Goiko tximinia jeisten. Jetsiera luzea geratzen zaigu.

 Hau da terrenoa. Bertikala eta erabat deseginda.

 Hormaren azpiko harritzan. Hau oraindik gogorragoa da. Tontorra goian.

 Comolojuana mendia eta, ezkerrean, gainditu behar dugun "sorbalda". Pasabide bat dago antzematen den biratik. Mugarriak ondo jarraitu behar dira.

 Hau da pasabidea. Trepada txiki bat geratzen zaigu. Atzean, Hego Eristea eta Eriste Handia.

 Hiru Eristeak. Itzuliko ote gara inoiz falta zaiguna egitera??? Gaur behintzat gogoak joan zaizkigu.

 Laku txikiak bide ondoan. Aneto aldea atzean.

 Barbarisa lepora heltzeko zeharkaldian.

 Barbarisa lepoan.

 Barbarisa lakuak eta Sen gailurrak.

 Barbarisa lakua. Bere ertzean geratuko gara, oinak busti eta zerbait pikatzeko. Atseden apur bat. Hemen ez dago jendetzarik. Bi pertsona bakarrik daude.

 Barbarisa sakana. Utzi dugu behera dihoan bidea eta zeharkaldi latza berriz Sahún mendatera joateko.

 Urjauzi dotorea sakanean. Hemendik kotxera Sahún mendatean. Azkenean hamar ordu egin ditugu guztira eta paliza ederra hartu dugu. Baina ezin gara kexatu... ondo bukatu baitugu. Orain Plan-en hidratatu eta Tramacastillaruntz lasai, bidean afalduta.


Ibilbidea