2019-04-25. Gaur Degaña eta Ibias (Asturias) Fuentes del Narcea parkean dagoen Muniellos-eko Erreserba Integralera goaz. Kantabriar mendikateko basorik enblematiko eta ezagunenetakoa da, edertasunagatik eta dimentsioengatik. Ezin da edozein momentuan joan, baimena eskatu behar da, egunean 20 pertsona bakarrik sar daitezke eta. Doakoa da, baina demanda handia dauka eta aurretik egin behar da eskaera. Guk duela urte batzuk saiakera egin genuen bezperan deituta eta ordubete zain egon ondoren ea gutxienez bik kale egiten zuten, ez genuen zorterik izan. Aurten, duela 3 egun deitu genuen, eta gaurko bi plaza zeudela libre esan ziguten. Eguraldi oso euritsua dagoelako edo izango zen... Gu aukera baliatzera gatoz.
|
Cangas de Narcea-tik Moal herria pasa eta Tablizas-era etorri gara. Bertan dago Parketxea. Goizeko 9retan irekitzen dute, eta ordurako hor gaude. Hiru ibilbide egin daitezke basoan, eta guk, nola ez, luzea egitea nahi dugu. 19 bat km ditu eta kontutan hartzekoa da. Zaindariak burutik kendu nahi digu eguraldi txarra dela, zati bat ireki gabe dagoela eta egoera txarrean dagoela,... Azkenean, ibilbidearen norantzkoa aldatu dugu, zaindaria lasai geratzeko, eta goian ikusten badugu luzea egiteko baldintzak daudela, telefonoz mezua bidaltzeko agindua eman digu. |
|
Azkenean ea 10etan hasi dugu ibilbidea, Tablizas ibaiaren ertzetik. |
|
Hasieran, km bateko ibilbide egokitua dago, mugikortasun arazoak dituzten pertsonak ere egin ahal izateko. |
|
Egokitutako bidea bukatzen denean, bide zabala jarraitzen da, beti ere Tablizas ibaiaren ondoan. Basoa izugarria da eta gozatzekoa. Landaretza oso anizkoitza da, pagoak, haritzak, urkiak, haginak, haltzak, astigarrak, lizarrak,... eta denak egoera oso basatian. |
|
Magiaz betetako tokiak. |
|
Ura eta basoa. Zein sinplea eta zein ederra! |
|
Ibai ertzeko ibilaldi honetan apenas irabazten da altuerarik. 617 metrotik abiatu gara eta 1400-era igoko dugu. Orain aterri dago, eta ez da gutxi. Heldu garenean zaparrada ederra ari zuen eta. |
|
Igaro dugun hirugarren zubia edo da hau. Oraindik ibai ertzetik jarraituko dugu, baina laster hasiko gara igotzen. Gure aurretik beste euskaldun bikote bat doa, eta gainontzekoak atzetik datoz. "Puntazo" bat da baso guztian 20 pertsona bakarrik gaudela pentsatzea. |
|
Zuhaitz baten enborren jantziak. |
|
Hemendik gora hasten da aldapa. |
|
Erabat orbangabea dena. |
|
1238 metrotara dagoen Tres Cruces-era igotzen ari gara. Elurra egiten hasi da eta lurrean ere hasi gara elur apur bat zapaltzen. |
|
Neguko itxurarekin ezagutu behar dugu baso eder hau! |
|
TRES CRUCES (1238m). Izena hortik etorriko delakoan gaude. Orain ezkerrera joango gara, lakuetara. Gero berriz hona jetsi eta eskuinetik jarraituko dugu. Erabakita daukagu. |
|
Baso horren erditik doa ibilaldi luzea, gero egingo duguna. Dena dago elurtuta, baina polita izango dela iruditzen zaigu. |
|
Orain lakuetaruntz. Opari bat da horrela aurkitzea inguru hau. Berriz atertu du. |
|
Heldu gara lehenbiziko lakura, Laguna de la Isla (1313m). Hemendik ez da bereizten erdian dagoen irla. Paraje bakarti eta ederra. |
|
Bigarren lakura igotzen. Hemen bidea ez da oso nabaria, eta gainera elurtuta dago erabat. Baina aurrean doan euskaldun bikoteak arrasto polita egin du. |
|
Hemendik ikusten da ondo beheko lakua eta irla. Behean, Tablizas harana. |
|
Igoera hau, gaurko egoeran, apur bat "delikatua" da. Zaindariak hona ere ez igotzeko esan digu. |
|
Bigarren lakua, Laguna Fonda (1401m). Oraindik zirraragarriagoa. |
|
Hirugarrena hemendik oso gertu dago, baina pasabide arriskutsua dago (beti ere, elurtuta dagoelako) laku honen gainean, eta nahiz eta beste bikotea eta gu ahalegindu garen, ez arriskatzea erabaki dugu eta beraz ez gara heldu hirugarrenera. Hau Laguna Fonda da goitik ikusita. |
|
Eta hau Laguna de la Isla igo dugun tontortxotik ikusita. |
|
Bagoaz beheruntz oraindik ibilbide luzea daukagu eta. Bikote euskaldunak ere ibilbide luzea egitera doazela esan digu. |
|
Laguna de la Isla. |
|
Irla aintziraren ertzean. |
|
Tres Cruces-era jeisten. Beste bikote batekin gurutzatu gara, eta hauek ere euskaldunak. Gainontzeko 14ak ez ditugu ikusiko. |
|
Tres Cruces-en. Hor ikusten da lakuetara doan bidea. Behean Tablizas harana, baina guk oraindik bide luzea daukagu horra jeisteko. |
|
Baso magikoan gabiltza berriz. Bizar dotorea. Trasguak agertzea falta zaigu... |
|
Gorosti ugari alde honetan. |
|
Hor ikusten da Tres Cruces-etik lakuetara doan bidea. Tarte batzutan aterri dago eta beste momentu batzutan elurra egiten. Baina gu gozatzen beti! |
|
Basotik irten eta txiler artean joango gara tarte batean. |
|
Atzera begira, jarraitzen ari garen bidea antzematen da. Altuera mantentzen du bideak tarte luzean, igoera eta jetsiera laburrak eginaz. Lakuak beste aldeko mazela elurtuan geratzen dira, erdi aldean. |
|
Orain harizti eder batean sartu gara. |
|
Haritz erraldoi bat. |
|
Fuenculebrera. Ur gutxi dauka. |
|
Pasabide honetan soka finkoa dago jarrita. Ez da zaila baina oso labainkorra dago eta ez zaigu gaizki etorri. Gainera orain zaparrada ederra botatzen ari du. |
|
Basoan berriz. Bukatu arte auripean ibiliko gara. Orain hasi gara aldapa beheruntz, eta hemendik aurrera aurkitu ditugu zailtasun handienak, zuhaitz asko erorita baitaude bidean eta akrobazia pila egin beharko ditugu. |
|
Luzea egin zaigu Degollada sakanera jeisteko bidea, bidean zeuden oztopoen gatik batez ere. |
|
Oraindik oztopo gehiago bide zabalera atera garenean. Horregatik esan digu zaindariak ez egiteko ibilaldi hau. Baina buru-gogorrak garenez, hau ere gainditu behar. |
|
Azkenean, 7:30 ordu ibili ondoren heldu gara abiapuntura. Zaindariak, "vascos bravos" oihuka hartu gaitu. Blai eginda bukatu dugu eta bertako beheko suaren ondoan aldatzeko aukera eman digu. Normalean ibilbide hau aurkako norantzkoan egiten da eta gure asmoa hori zen, baina gaurko baldintzak kontutan hartuta, horrela egin dugu. Nekatu gara (oztopoak asko gogortu dute bidea), baina asko gozatu dugu. Zirraragarria iruditu zaigu Muniellos basoa, eta elurrez apainduta puntu bat gehiago. Opari bat izan da!!!! Ea udazkenen batean errepikatzeko aukera daukagun... |