2019/04/30

AXISTOI 1230 mt, LAURIÑAGA 1279 mt. LINDUS 1218 mt. Ibañeta Mendatatik-

2019-03-30 Gaur, bidai luzea egin ondoren, Ibañeta mendatera heldu gara. Tontor bat daukagu hemen "tatxatu" gabe, eta hori izan da arrazoietako bat hona etortzeko. Ez bakarra, noski, ingurua oso ederra baita eta noizean behin merezi du bueltatxo bat egitea.

Hau da falta zaigun tontorra, Lauriñaga. Mendate bertatik ikusten da. Pasiada erraza eta garaiera-alde gutxikoa. Nahi bada laburtu daiteke gainera, Lindus leporaino kotxez igo daiteke eta, baina gu oinez joango gara Ibañetatik.

Hasiera Lindus lepora doan errepidetik da, baso eder baten erditik. Ezkerretik, Girizuren mazelatik errekatxoak datoz.

Basoa dotorea da, nahiz eta garai honetan erdi biluzik egon.


Lindus lepora heldu ondoren, Banka aldera jarraitzen duen errepidea utzi eta eskuinera hartu behar da. Mendilerroa jarraitzea da.

Narzisoak.

Axistoi tontorrera igoko dugu lehenbizi. Hemen tentetu egiten da aldapa, baina ez da luzea.

Axistoi eta Txapelarriko Kaskoa (beste tontortxo bat) pasa ondoren Beraiko lepora jeisten ari gara. Aurrean daukagu Lauriñaga eta azken aldapa, hau bai tentea.

Azken aldapa. Eskerrak ez dela oso luzea, gogorra baita.
Mendi ezagunak ditugu atzean.

Tontorrera heltzen. Fondoan Donibane Garazi eta inguruak.

LAURIÑAGA. Buzoian Auñamendi izena agertzen da. Dirudienez, Iparraldean izen honekin ezagutzen dute.

Mendilerroak Argarai tontorreraino jarraitzen du, baina hori ezagutzen dugu, Luzaidetik igota egin baigenuen. Hemen ere ibili dira inguruak erretzen. Iparla agertzen da ezkerrean.

Putrea.

Itzulera toki beretik egingo dugu. Aurrean ditugu Txapelarriko Kaskoa eta Axistoi. Berriz igo eta jetsi egingo ditugu Lindus lepora heltzeko.

Higaduraren ondorioak edo suteenak...

Pagadi ederra lepora heldu baino lehen.

Lindus lepoan. Lau bat ordu daramagu ibiltzen, lasai, eta Lindus tontorra gertu dagoenez, bisita bat egingo diogu.

Lepotik gora, malda lasaia eta nahiko motza.

Ondo ikusten dugu Axistoi eta Lauriñagaren arteko mendilerroa. Hortik gatoz.

LINDUS. Atzean, Adi. Orain lepora jetsi eta errepide lasaitik Ibañetara itzultzea geratzen zaigu.

Ibañetan dagoen mapa eta Axistoi-Lauriñaga mendilerroa. Orain turismo apur bat etxera bidean.
Ibilbidea Wikiloc-en


2019/04/07

CHÉRUE 2193 mt. Ossau haranean.

2019-03-23 Gaur larunbata da eta Formigal eski-estazioko jendetza eta saltsak atzean utzi ditugu, Portalet mendatea zeharkatu eta Fabrèges lakuaren ertzean, errepidean, dagoen Pont de la Sagette-ra etorri gara (1238m). Ez dago aparkatzeko arazorik, beste bi kotxe besterik ez. Bertan dagoen balizak adierazten digu bidea.

 Basotik doa bidea, aldapa handiarekin hasieran. Hemen behean ez dago elurrik. Duela urte batzuk uda garaian egon ginen hemen, Lavigne eta Chérue mendiak igotzen. Midi eta Ossau haranaren behatoki ederrak dira. Gaur jende gehiago ibiliko zela uste genuen, baina azkenean eskiatzaile bakar bat bakarrik ikusiko dugu egun guztian.

Basoaren erdi aldetik gora hasi gara elurra zapaltzen. Hemen gogorra dago eta ondo ibiltzen da ezer gabe.

Basoa bukatu baino lehen, bidea utzi egin dugu, oso deseroso baitago, elur gogorrarekin eta alboetara ibiltzera behartuta. Orduan zuzenean igo dugu basotik, pendiza oso handia, eta goiko maldetara irteteko kranpoiak jarri ditugu.
Hemen gaude basotik irteten. Bidea ez dator hemendik baino gaur hobeto iruditu zaigu. Kranpoiekin goaz, eta berriz basora itzuli arte ez ditugu kenduko. Atzean, Cézy.
Chérue txabolara heltzen. Eskiatzaile baten arrastoa bakarrik daukagu. Atzean, Pic de la Sagette eta Artouste-ko eski-estazio inguruak.
Chérue txabola (1810m) erdi estalita dago. Atzean, Lurien. Orain hemen eskuineruntz joango gara, pala tente bat igo eta mendiaren ertzaren azpian dagoen haran txikira irteteko. Txabolatik aurrera ikusten den arrasto zaharretatik joanda ere igo daiteke.

Azkenengo zatian oso pendiza handia dago elurretan eta zati hori ekiditzeko albotik igo dugu.

Txabola hor behean geratzen da. Hemen elur asko dago eta gozamena da, dena guretzat baitaukagu. Atzean, Lurien eta Artouste inguruko mendiak.

Hau da gozamena! Dena zuri-zuria, arrastorik gabe. Tontorra goian daukagu. Gu argazkiaren erdian ikusten den lepotxora joango gara gero ertzetik jarraitzeko.

Gure arrastoak zuritasunean.

 Kokapen ederra aurkitu du zuhaitz horrek.
Hemen egin dugu topo eskiatzaile frantziarrarekin. Bera beheruntz zetorren, igoerako eta jetsierako arrastoak utziz. Gu ere horra gora aterako gara.

Zuhaitza eta Lurien atzean. Hori ikuspegia daukana! Eskiatzailea hortik jetsi da.

Ertzera irteten. Lavigne tontorra behean geratzen da. Atzean, Gaziés, Aule,..., ingurua.


Eta ertzaren beste aldean, Midi erraldoia.
Hasieran ertza oso zabala da, mazela bat ertza baino gehiago. Baina goian asko mehartzen da.

Hor hasten da zati estua. Kontuz ibili behar da, batez ere txabola aldera malda handia baitago eta elurra gogorra.

Hau da geratzen zaiguna. Jetsi den eskiatzailea hemen oinez ibili da, eskirik gabe, eta eskertzen dugu berak egindako arrastoa.

Tontorrera hurbiltzen. Lavigne eskuinean geratzen da, beherago. Ezkerrean, lehen aipatutako Aule, Gaziés, Sesques inguruak.

Alboan Midi d'Ossau, Jean Pierre Bearn-eko biztanleentzat.

CHÉRUE (2193m). Hiru ordu t'erdi pasatxo behar izan dugu igotzeko, lasai.
Ikusten dugun guztia erabat elurtuta dago. Pombie alderuntz begira.

Hor, Lurien, Balaitús, Frondiellas, Arriel, Soba, Soques,...
Midirekin. Eguraldi bikaina eta ikuspegi zoragarriak.


Beheruntz, toki beretik. Igoeran bezala, oso adi goiko ertz estuan.

Behin goiko estutasunak pasa, lasai, gure lagunari agur esaten.

Ertzetik behera. Hemen elurra bigunagoa dago, baina kranpoiekin jarraituko dugu, gero txabola gainean dagoen pendiza handia ondo jetsi ahal izateko.

Orain gure arrastoak gehitzen zaizkie eskiatzaileak utzitakoei.

Gustatu zaigu zuhaitz hori.

Igoerako arrasto sigi-sagatsuak eta jetsierako zuzenak.

Hau da txabola gainean daukagun pendiza eta igoeran eskuinetik saihestu duguna. Orain gustora.


Chérue txabola.

Txabolatik behera, basora sartzen. Hemen ere zuzen jetsiko gara.

Sarrio bat basoan.

Txabolarako bide arruntera heltzen. Hemen kenduko ditugu kranpoiak, basoko bidea jarraitzeko. Gaur erraketak gainean pasiatu ditugu.

Fabrèges lakua. Berehala helduko gara abiapuntura, Pont de la Sagette-n. Jetsiera bi ordutan egin dugu. Irteera ederra izan da, bakartia, eta gozatzeko inguruetatik. Udan egin genuenarekin konparatuz oso desberdina.