2017/06/24

PEÑAFORCA 2390 mt. Taxeras-etik. Aspaldiko beste ezagun bat.

2017-06-18 Igandea. Goizeko 8etan prest gaude ibilaldia hasteko Taxeras-en. Kotxe asko, baina jende gehiena Chipeta aldera dihoa, eta gutxi batzuk gure norabidean, nahiz eta gero Alano-ko atea zeharkatu ondoren, denak Ralla aldera joan, eta gu bakarrik Peñaforcaruntz. 5. aldia da bertara goazela, baina 3.ez hemendik, beste biak Oza eta Hecho-tik. Alano mendilerroko gainontzeko tontorrak ere ezagutzen ditugu, beraz gaur urrutien dagoenera goaz.

Tacheras-en ibaia zeharkatu eta basora sartzera goaz.

Eskertzen da basoak eskeintzen duen itzala. Bero egiten du goizeko ordu hauetan ere.

Basotik atera eta gainean daukagu Tacheras-eko Ate erraldoia. Hortik sartuko gara Alano haranera. Eskuinean Achar de Alano.

Alano-ko Orratzak, Atea, Achar, Punta Tacheras eta La Ralla. Ederra da mendilerro hau.

Bukatu dira basoak (eta itzalak), eta bagoaz oso garbia den bidezidorra jarraituz, lehenbizi eskuinera, eta gero norabidea aldatu eta ezkerreruntz pasabidearen oinera heltzeko.

Hemen egingo dugu norabide aldaketa. Bidea oso ondo markatuta dago mugarriz, eta nahiz eta aldapa polita egon, oso ondo igotzen da. Gainera brisa apur bat ere badago, beraz gustora.

Zati lasaiagoa, kanalaren azpira heltzeko.

Achar de Alano gure gainean. Hemendik oso basatia da, baina atzetik igoera labur eta nahiko erraza du.

Ilargia Alano-ko hormekin.


Mitxoleta horiak.

Igarobidera igotzeko azken zatian aldapa handiagoa dago, baina bidezidorra ona da.

Koloretasuna hormen babesean.

Tacheras-eko Ate erraldoia. Atzera begira, Quimboak, Chinebral eta Gamuetako tontorrak.

Alano haranean gaude, eta orain belardiak dira nagusi. Hemen guk eskuinera hart dugu, Alano leporuntz dihoan bidezidorra jarraituz.
Oraindik urruti ikusten dugu Peñaforca. Hori izango da jarraituko dugun ibilbidea. Alano lepoa ezkerrean dago, eta mugarriak horra dihoaz. Orain jarraituko ditugu, baina zelaiak bukatzen direnean, bide utzi eta eskuinera joango gara.

Hor behean utzi dugu Alano lepora doan bidea, eta Peñaforcaren bizkarraren bila goaz. Apur bat gorago ere har daiteke.
Hau da atzean uzten ari garena. Atea, Achar-aren eskuinean dago, eta gero zelai horiek zeharkatu ditugu.

Marmota batzuk ikusteko aukera izan dugu.

Hau da zeharkatu dugun inguru nahiko kaotikoa, baina erreferentzia garbiak daude aurrean, eta animalien bidezidorrak aurkituz, nahiko ondo ibiltzen da.

Loredun tokiak ere badaude.

Bizkarra hartu eta ertzera igotzen goazen heinean, ikuspegiak zabaldu egiten dira. Alano harana, La Ralla eta Ezkaurre bere ezkerrean, eta Orhi, Otsogorrigaina, Lakartxela, atzean.

Ertzeko lehenbiziko irtengune nabarmenena. Eskuinetik gaindituko dugu. Ezkerrean putre bat zelatan.
Alano haranaren beste aldean, Rincón de Alano. Hau ere aspaldiko ezaguna.
Beheko aldean ertzaren eskuinetik doa bidea, mugarriz markatuta.

Baina guk momentu batean beheko bidea utzi eta ertza hartu dugu, bertatik jarraitzeko. Atzean, Ralla, Espelunga eta Ezkaurre.
Ertzetik jarraitu ezkero, pare bat bretxa zeharkatu behar dira. Destrepe eta trepada entretenigarriak dituzte.


Azkenean lortu dugu tontorrera heltzea. PEÑAFORCA (2390m). Azkenengo aldiz, 2002. urtean egon ginen hemen. Badira urte batzuk... Oza-tik igo duen beste bikote batekin egin dugu topo. Beste inor ez dugu ikusi.

Rincón de Alano aurrean eta Ansabère, Hiru Erregeen Mahaia, Table, Pène Blanque eta Dec de Lhurs besteak beste, atzean.
Egin dugun ertza ezkerrean eta Alano harana behean.


Itzulera haranetik egingo dugu.

Aurrean Lenito, Bisaurín-Secús, Castillo de Acher ezkerrean,..., eta atzean, Collarada, Garmo Negro- Infiernos, Balaitús, Midi,...

Arrigorriagako Padura taldearen buzoia.

Beste bikotea tontorrean geratu da eta gu bagoaz Oza-ra doan bidetik.

Hor goian ikusten den lepora jetsi, eta Oza-ra doan bidea utziz, kanal potente hau jeisten hasi gara. Hasieran hormen ondoko harkaitz handiak baliatuz, nahiko ondo jeisten da.

Hormen ondotik hobeto jeisten da.

Baina behin hormen babesa bukatu, belaunak proban jartzen...

Aldapa latza dago.

Zati gogorrena bukatzen.

Lora erramu dotorea hainbeste harkaitzen artean.

Jetsi dugun harritza guztia. Tontorra goian, erdian eta ibilitako ertza eskuinean.

Ilargiak hor jarraitzen du, Peñaforca-ren hormen gainean.

Heldu gara haranera eta ondo ikusten da jetsitako kanala eta harritza.

Baina oraindik eremu harritsu hau zeharkatu behar dugu, belardi lasaietara irteteko. Eskerrak mugarri asko dauden, bide egokiena jarraitu ahal izateko.

Lortu dugu eremu kaotiko horretatik irtetea. Orain zati lasaigoa daukagu Tacheras-eko Atera heldu arte.

Atzera begira, azken agurra Peñaforca-ri. Orain bai, bero handia.

Tacheras-eko Igarobidea. Sakan ederra.

Beheruntz. Azkenengo astindua belaunentzat.


Gutxienez bista alaitzeko motiboak badaude.

Behera heltzeko desiatzen gaude. Sargori dago eta brisa ere beroa oso. Alano mendilerro ederra daukagu atzean.


Hau da zain daukaguna Tacheras-en. Gorputzari lasaigarri ederra eskeiniko diogu ur freskotan. 7 bat orduko ibilaldia izan da eta, batez ere beroagatik nahiko gogorra. Baina merezi izan du gure Pirinioetako irteerak hasi ziren inguruetara itzultzea.
Hau da ibilbidea.