2017/11/12

TURON GARIÉ 2.381 mt, SOUM D'AAS 2.427 mt, PIC D'AULIOU 2.409 mt Bious Oumètte-tik.

2017-08-25 Berriz gaude Jean Pierre-ren azpian, baina gaur Bious-eko aparkalekura igo beharrean, presaren azpian dagoen Bious Oumètte-en utzi dugu kotxea. Gaurko plana, Aule sakanetik igotzea eta Arrec d'Aas-etik jeistea da, beste ibilbide zirkular bat osatuz. Paraje hauek ez dira Ayous-ekoak bezain ezagunak, baina pena merezi du ezagutzea.

Aule sakanetik gora. Bide hau hainbat aldiz erabili dugu, Aule lakura igotzeko, hor erdian ikusten den Gaziés mendira igotzeko, e.a.

Urjauziak Aule sakanean. Nahiz eta abuztua izan oso jende gutxi ikusiko dugu inguru hauetan, eta tontorretan inor ere ez.

Aule-ko artzaien txabola. Hemen badago mugimendua.

Gaziès beti aurrean. Guk gaur albo batean utziko dugu, eta goian ikusten den lepoaren ingurutik ezkerrera dihoan ertza jarraituko dugu.


Putre hau gure gainetik pasa da. Ez da argi ikusten, baina marmota bat daramala dirudi.

Aule lakua eta Midi. Eskuinean, Pic d'Auliou. Xarmagarria da toki hau. Hona ez da etortzen Ayous-eko lakuetara joaten den jendetza.

Zaldiak lasai dabiltza laku ertzean.

Lakutik gora Turón Garié leporuntz.

Lepora heldu gabe, zuzenean hartu dugu Turón Garié mendiaren tontorreruntz. Atzean, Sesques mendilerroa.

Kanal txiki batetatik igo dugu ertzera, tontorretik gertu. Atzean Gaziès eta Pic d'Aule. Hau ihez ezagutu genuen, Gabás-etik Er lakutik gora igota. Anekdota bezala, Aule-ko txabolatik pasa garenean bertako artzaiarekin egon gara hizketan eta berarentzat Aule mendia ez da hori, gu orain igotzera goazena baizik, hau da Soum d'Aas. Ez da gertatzen zaigun lehenengo aldia...

Orain Aspe harana daukagu gure eskuinean, eta Lescún-eko mendiak atzean.

Castillo de Acher.

Aule lakua gure azpian orain.

Turón Garié pasa eta ertz erosoa geratzen zaigu Soum d'Aas-era.

SOUM D'AAS (2427m). Atzean, erdi izkutatuta, Auliou tontorra, eta atzerago Midi, Telera eskuinean,...

Sesques eta Caperan-a burua ateratzen.

Hemendik aukera bat aurrean ikusten den ertza jarraitzea da, gero behean ezkerrera jeisteko. Baina guk ezkerrean dahoen Auliou tontorrera nahi dugu joatea eta, beraz, ezkerrera jeisten den ertzetik joango gara bi mendien arteko lepora.

Ertzetik jeisten. Jetsiera laburra da, eta ondoren Auliou-ra igoko dugu, momenturen batean eskuak erabiliz, baina arazorik gabe.

Ertzetik, gero jeisteko erabiliko dugun Arrec d'Aas sakana ikusten dugu. Eskuinean dagoen Ayous mendiak babesten du sakan hau. Bere atzean, Moines eta Casterau ikusten dira, eta Moleta, Pala de Ip, eta beste hainbeste. Eta Midi, nola ez.

PIC D'AULIOU (2409m). Aule lakua eta Gaziès eta Aule mendiak.

Bezperako Casterau eta Moines.

Orain jetsiera bortitza daukagu lakutxo horretara heltzeko. Hemen ez dago biderik eta mugarrik ere ez. Toki egokienak bilatu behar dira. Eskuinean Ayous mendia, eta ezkerrean Midi eta Peyreget.

Mazela zabala da eta sigi-sagaka lortuko dugu jeistea.

Hemen gaude putzuan, eta Midi eta Peyreget-en ikuspegi dotorea daukagu.

Lurien, Balaitús, Frondiellas, Arriel.

Arrec d'Aas sakanaren beheko aldea. Hor, Ayous-en azpian dagoen lepotik datorren bidearekin egingo dugu topo. Bide garbia eta erosoagoa.

Han atzean dago aipatutako lepoa eta Ayous mendia. Gu eskuinetik etorri gara.

Artzaien txabola. Hemen hasi gara jendea ikusten.

Bide zabala Bious-eko urtegira jeisteko.

Urtegia eta Midi. Atzo beste aldetik ibili ginen.

Presa zeharkatu eta Oumètte-ko aparkalekura jeistea geratzen zaigu. Itzuli dotorea gaurkoa ere eta bezperakoa baino bakartiagoa. Gozamena!

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina