2024/11/03

⛰️GRAN TAPOU 3151 mt-⛰️ MILIEU 3131mt

 

2024-10-04 Abuztuaren 18-19an egon ondoren, hemen gaude berriz GAVARNIEn, beste ibilbide bat egiteko asmoz. Ostiral arratsaldean  heldu gara eta zuzenean Ossoue haranera etorri gara. Aurreko egunetan elurra egin du goi mendietan eta egoera ikustera gatoz. Gainera urte asko dira ez garela hona sartu eta pista nola dagoen ikustea ere nahi dugu.


 Hor goian ikusten ditugu biharko helburuak, Vignemale Koroiako lehenbiziko hirumilakoak, Milieu eta Gran Tapou. Elurrik ez dago eta horrek lasaitzen gaitu. Desnibel handia daukagula badakigu.

 Barrage d'Ossoue eta Vignemale mendikatea.

 1991an eskiekin egin genuen saiakera bi mendiak igotzeko, baina hodeiak eta haizeak ez zigun utzi, eta azkenean Pic de Pla d'Aube-ra igo genuen. Hau jetsi ondoren ateratako argazkia da. Orduan altxatu zuen. Gero, urte berean, irailaren bukaeran berriz etorri ginen eta lortu genuen bi mendiak igotzea.

                                     
 Berriz gaur, Petit Vignemale-tik Pique Longue-ra doan ertza (1994an egin genuen), eta Ossoue glaziar murriztua.
                          
 Millás txabolaren ondoan. Arratsalde ederra egiten du eta kotxea barrera dagoen tokian utzi eta oinez etorri gara pistatik, hankak apur bat askatzeko. Biharko abiapuntua non dagoen ikustera joan gara, apur bat gorago.

 Txabolan Bernatuara-ko transhumantziari buruz dagoen informazio-panela.

 Txahalaren askariaren ordua da.

 Pimené, Ossoue haranetik ikusita.

 Astazouak eta Marboré. Orain Granjas de Holle aterpera afaldu eta lo egitera.

 2024-10-05 OSSOUE sakanean gaude. Goizeko 7,45 dira eta oinez hasteko prest gaude Millas txabola baina apur bat gorago dagoen zubian (1720m). Egunsenti bikaina!



 Pimené sutan dagoela dirudi.

 Zubi hau zeharkatuz hasi gara. Balizetan, Lourdes txabola eta Bernatuara mendatea jartzen du.


 Vignemale mendikatea kolore gorrixkekin. Gure bi tontorrak oso goian, 1400 metro gorago.

 Hasieran Lourdes txabolara doan bidetik goaz.

 La Canau sakanetik gora.

 Sakanetik behera datorren errekatxoa.

 Sakanetik atera eta ezkerrean daukagu ikusgai Lourdes txabola. Hortik Bernatuara-ra joaten da. Guk hemen, bide hori utzi eta eskuinera hartuko dugu, zelai aldapatsu batetik gora.

 Goruntz. Aurrean, Pic Rond eta Pointu. Beraien azpitik joango gara Montferrat lakuetara.

 Hemen Pic Rond-en azpitik goaz, bidezidorra jarraituz. Aurrean, Pic Pointu, eta ondoren gure bi helburuak, oso goian eta urruti.

 Toki beretik atzera begira, Ossoue sakana zuloan eta Pimené, Astazouak, Marboré,...

 Putzu txiki bat bidean. Ossoue sakanaren beste aldean, Pic Labas, Pouey Mourou, Pic de la Badète,...

 Pointu-ren azpian dagoen aldapa oso tentearen bukaerara heltzen.

 Kanal horren irteeratik behera begira.

 Montferrat lakuetara igotzen. Goian, Petit Tapou eta gure bi tontorrak.

 Gauean hotza egin du eta itzalpeko eremuetan izotza dago.

 Montferrat-eko lakuetan(2375m). Hainbat laku daude, baina handienak ezkerrean utziko ditugu. Oraindik 800 metroko desnibela geratzen zaigu.

 Hau da lakuetatik ikusten duguna aurrean. Petit Tapou, eta atzerago gureak. Hasieran erdialdetik joango gara, eta eskuinera ondoren.

 Pic Pointu eta lakuak behean geratzen dira, Atzean, Pic Rouge de Pailla, Astazouak, Marboré guztiak, Roland bretxa, Taillón eta Gabietou. Gavarnie-ko zirkoa.

 Parapentea, eskuinean daukagun Ossoue sakanean.

 Montferrat lakuak eta Pic Pointu. Atzean, Gavarnie-ko zirkoa.

 Eskuinera etorri gara eta aurrean ikusten den harritzatik gora egin behar dugu. Mendizale bat dihoa aurretik. Aldapa latza hor ere.

 Harritzatik gora. Erdian dagoen sakanera sartuko gara, hori gainditu eta eskuinera ondoren.

 Harritzan. Aldapa gogorra, nahiz eta bidezidorra egon harri artean.

 Sakanaren goi aldean, beheruntz begira. Orain ezkerrera (argazkian) joango gara, azken aldapetara heltzeko.


 Orain bai, bi tontorrak begibistan eta gertuago. Ezkerrean Milieu eta eskuinean Gran Tapou. Bien arteko mendatera igoko dugu.

 Tapou bretxan. Lehenbizi eskuinean daukagun Tapou-ra igoko dugu, altuenera. Aurrean, Montferrat eta Vignemale-ko Koroiaren gainontzeko tontorrak.

 Gran Tapou-ra igotzen. Behean bretxa eta ekarri dugun bidea. Igoera erraza da, pare bat trepadarekin, baina arazorik gabe.

 Tontorrera heltzen. Ezkerrean, Montferrat.

 Montferrat- Pico Central-Cerbillona eta marmoleraren gainean, Clot de la Hount-Pique Longue. Izugarrizko bistak ditugu azken metroetatik.

 Panticosa eta tena Bailararuntz. Aurrean, Baciás eta Batanes.

 Baciás, Brazatos, Forátulas, Partacua guztia, Collarada, Punta Escarra, Pala de Ip, Borau,...

 Tontorrera irteten. Atzean, Tendeñera-Sabocós-Peña Blanca mendigunea, Peña Oroel,...

 GRAN TAPOU (3150m). Lau ordu t'erdi behetik, gure pausoan. Vignemale mendigunea atzean.

 Baysellance aterpea.

 Baysellance eta bere gainean Pic de la Sède. Horren eskuinean Pic Labas eta La Fruitière aldeko mendiak.

 Abiapuntua Ossoue sakanean, 1430 metro beherago, eta egin dugun igoera guztia ikus daiteke. Montferrat lakuak eta Pointu tontorra ere lekutan.

 Sarradets eta bere gainean, Marboré-Cilindro-Perdido eta Gavarnie zirkoko ertza Casco-raino.

 Infiernoak, Marmolera-Piedrafita-Llena Cantal-Punta Zarre. Midi d'Ossau ondoren eta atzerago, Gamueta, Acherito, Petretxema, eta eskuinean, Anie.

 Clot de la Hount-Pique Longue Marmoleraren gainetik irteten. Garaienean jende ugari ikusten da.

 Ertzetik behera, bi tontorren arteko bretxara.

 Bretxara heltzeko azken pasabidea. gero bretxatik berehala igotzen da bigarren tontorrera.

 PIC DU MILIEU (3130m).

 Ara haranaren gainean gaude. Bujaruelo ea bertan daukagu...

 1991an toki berean, atzean Gran Tapou eta Orratzekin.

33 urte beranduago, baina gozatzen oraindik.

 Bagoaz beheruntz. Aurrean Tapou. Jetsiera luzea geratzen zaigu...

 Goiko harritzatik behera. Ossoue oso behean, Aurrean, Pirinio zabala, Gavarnie zirkoko guztiak eta Perdido, Munia mendikatea,...

 Gran Tapou. Ezkerreko ertzetik egin dugu gora eta behera.

 Igoerako toki beretik goaz beheruntz. Aurreko paisaia, ikusgarria.

 Torre eta Casco de Marboré. Eta Roland bretxa eta Sarradets. Duela hilabete eta gutxi ibili ginen hor zehar. Casco-3011-mt-eta-Torre-de-Marbore-3012

 Tontorrak goian geratzen dira dagoeneko.

 Petit Tapou-ren azpiko sakanera jeisten.

 Sakanean. Elurguna batzuk geratzen dira hemen.

 Montferrat lakuak eta Pic Pointu. Atzean, Gavarnie zirkoa osatzen duten tontorrak.

 Montferrat lakuetan. Inguru ederra eta bakartia da hau.

 Montferrat lakuak.

 Beherago dagoen putzuan. Atzean, Pic Labas, Pouey Mourou, ...

 Pic Pointu-ren azpiko belardietan. Milieu-Tapou eta Montferrat oso goian.

 Ossoue sakana eta Vignemale mendikate guztia.

 Hemen bidea erosoagoa da, baina egindako desnibela nabaritzen da. Pimené aurrean. Laster helduko gara Lourdes txabolako bidegurutzera. Gero handik behera zuzenean.

 Heldu gara abiapuntura. Azkenean, 8 ordu t'erdiko ibilbidea. Desnibela gatik gogorra, baina ederra benetan. Hirumilako errazak, masifikaziorik gabekoak eta inguru ikusgarrian. 

Ibilbidea Hemen Gran Tapou eta Millieu



iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina