2024/10/22

⛰️LA MOLETA 2575mt Zirkularra Canfranc-etik.

      Izasentzat lehenbiziko aldia izango da "Izas" haranean eta Moletan. Gezurra dirudi, baina hainbeste urte Pirinioan ibilita, oraindik ez da inguru horretara heldu. Gaur izango da eguna.

Nik behin daukat eginda ibilbide hau, baina aurkako norantzkoan. Eta urteak pasa dira. Beraz, biok ditugu arrazoiak. Badakigu desnibel ederra daukala eta aldapa gogorrak. Baina animoz beteta gaude.


 2024-09-10 CANFRANC ESTACION. Ladrones mendatean pentsatzen genuen uztea kotxea, baina pista itxita dago. Beraz, errepidean utzi dugu (1210m), eta bertatik hasi dugu ibilaldia. Goizeko 8,15 dira eta fresko egiten du. Hau da irteeran dagoen mapa. Gutxi gorabehera 41 zenbakia duen ibilbidea jarraituko dugu, baina aldaketa batzurekin.

 Coll de los Ladrones-era igotzen duen bidezidorra hartu dugu, eta behin pistara aterata Gotorlekuan, pistatik 100bat metro jetsi eta Picauvé-ra doan bidezidor aldapatsuari ekin diogu. Balizan, zaila dela jartzen du.

 Aldapa handia dauka eta labainkorra da.

 Eta zati batzutan katez babestuta dago, baina ez da beste mundukoa.

 Picauvé-ko lautadara heldu gara. Hemen pista jarraituko dugu ezkerrera, apur bat jeisten.

 Bertako balizak. Ezkerretik etorri gara eta orain metro batzuk pistatik.

 Atzean, candanchú aldean, dena dago estalita. Iparra dabil eta hodeiak daude sartuta mugan.

 Berehala utziko dugu pista, eta balizetan agertzen den bezala, Caseta del Vasco eta Elvira Iturrira doan bide sigi-sagatsua hartuko dugu. Oso ondo dago markatuta. Bidea, luzea baina oso erosoa da basoan zehar. Sigi-saga luzeak egiten ditu.

 Basoko leiho batetatik, beste aldean daukaguna ikus dezakegu. Tortiellas eta Lecherín-Borau aldea eguzkipean. Hodeiak mugan daude itsatsita.

 Gu itzalean goaz eta ea Elvira Iturriraino horrela joango gara. Horma dotoreak gainean.

 Bidea polita da eta oso ondo gainditzen ditu maila desberdinak.

 Canfranc Estación oso behean geratzen ari da.

 Haranaren beste aldea.

 Eta hor jarraitzen dute behelainoak Candanchú-n eta iparraldean.

 Kablez babestutako pasabidea.

 Zuhaitz ederra.


 Aurreko astebukaeran lasterketak izan ziren hemen (nahiz eta batzuk eguraldi txarragatik bertan behera geratu ziren), eta hurrengo egunetan beste lasterketa batzuk daude. Horregatik balizak jarrita daude oraindik.


 Gure gainean dagoen Orratza.

 Cargates sakana zeharkatzen. Hemendik erorketa zuzena dago Canfranc-era.

 Caseta del Vasco. Erabat erorita dago. Egitura geratzen da zutik.


 Leihoa.

 Eta bertan dagoen informazio-panela.

 Balizak. Hurrengo helburua Elvira iturria.

 Candanchú aldean behelainoak oraindik. Tontorrak ikusten dira.

 Erdi erdian geratzen da iturria. Elur-jausien aurkako babes ugari malda handi hauetan. Gero, iturritik eskuinera joango gara, hamar bat minututan aterpera heltzeko.

 Heldu gara Elvira iturrira. 2110 metrotara gaude.

 Iturriari buruzko informazioa.


 Ur ugari eta hotza duen iturria.

 Lecherines, Borau, Aspe. 2022/11/pico-de-la-garganta-de-aisa-el-sombrero

 Iturritik zuzenean igo daiteke Moleta lepora, baina gaur Buenavista aterpetik pasako gara. Luzeagoa da bidea baina ez dugu ezagutzen eta ikustea nahi dugu.

 Aterpe irekia da eta ez dauka gauza askorik, baina garbia dago eta lau litera baditu.

 Eta izena ondo jarrita dauka, ikuspegi bikainak eskeintzen ditu eta.

 Moleta goian ikusten dugu, baina oraindik apur batean PRa jarraituko dugu, ondoren erdian ikusten den Samán sakana zeharkatu eta eskuineruntz joan, eta eskuinean ikusten diren pinuen inguruan Karretoira doan bidea utzi eta ezkerrera berriz Samán sakana zeharkatzera.

 Samán sakana zeharkatzen. Hemen ondo jarraitu behar dira mugarriak, apur bat "liosoa" baita.

 Edelweis ugari ikusi ditugu zati honetan.

 Puntu honetan utzi behar da Karretoira doan PRa. Orain berriz Samán sakana zeharkatu behar dugu, baina gorago. Haranaren beste aldean, Magdalena mendilerroa, Lecherines, Borau,...

 Moleta gertuago. Oraindik ezkerrean geratzen den mendatera igo behar dugu.

 Moleta mendatera heldu gara eta beste aldean Izas harana daukagu, eta Campanal de Izas nabarmentzen.

 Gero hortik jetsiko gara. Eskuinean, Pala de Ip eta atzean, Argualas-Algas, Infiernoak, Llena Cantal,...

 Mendatean.


 Mendatetik gora, goiko hormara igotzen. Horma toki desberdinetatik igo daiteke, eta ez dauka zailtasunik.

 Buenavista aterpea ikusten dugu behean, kokapen estrategikoan.

 Gainditu dugu horma eta tontorretik oso gertu gaude. Aurrean Ip zirkoa eta Collarada, Neveras, Bucuesa, e.a.

 LA MOLETA (2572m). Ea 1400 metroko desnibela. Lau ordu eta 45 minututan. Gogorra, baina heldu gara. Atzean, Palas, Balaitús-Frondiellas, Llena Cantal, Infiernos, Algas, Vignemale,...




 Samán lakua gure azpian. Gero horra jetsiko gara.

 Samán lakua eta Pala de Ip eskuinean. Behean Izas harana, Arroyetas eta lehen aipatutako guztiak atzean.

 Mendatera jeisten, horma atzean utzita. Orain jetsiera oso luzea geratzen zaigu, baina horretara etorri gara...

 Mendatera heltzen. Tontorra goian eta horma pasatzeko bide errezena eskuin aldean.

 Eta orain beheko zulora, Samán lakura. Zirko dotorean dago kokatuta.2022/02/pala-de-ip-2779-mt

 Moleta mendatetik behera. Hemen ere, aldapa handia.

 Gogorrena jetsi ondoren, mendateruntz begira.

 Samán edota Iserías lakura hurbiltzen. Gero, lakutik irteteko, aurrean ikusten den mendatera igo behar da.

 Lakua eta Tronquera-ren hormak.

 Lakuaren ertzean. Toki polita da. Zerbait jan eta edateko baliatu dugu. Asteguna da eta oso jende gutxi dabil.


 Atsedena hartu ondoren, lehen aipatutako mendatera igo dugu eta bertatik azken begirada lakuari eta Moleta-ri.

 Orain jetsiera latza Izas aldera. Aurrean Anayet Erpina eta Garmo de Izas mendilerroa.

 Iserías-eko Buelta eta aterpea ikusten ditugu behean. Horra heldu behar gara, gero zulora jeisteko. Candanchú aldea, Anie eta abarrak atzean.

 Lakutik behera egin dugun jetsiera harrigarria. Hau Iserías Itzuliaren lehen zatia da. Ezkerrean, Pala de Ip agertzen da.


 Izas haraneko De las Negras urjauzi ederra ikusten dugu.

 Iserías-eko aterpean. Goian, Pala de Ip, Tronquera,...

 Itzuliaren bigarren zatian, Iserías-eko hormen azpian.

 Urjauziari begira. Oraindik jetsiera geratzen zaigu.

 "Divina" urjauzia.


 Izas haraneko beheko aldera jetsi gara. Baina oraindik bide luzea geratzen zaigu haranetik. Azkenean astuna egiten da, bide nahiko gogorra baita.

 Atzera begira, Izas harana eta Campanal de Izas.

 Urjauzi ugari Izas sakaneko errekan. Bidea bere ondotik doa eta harkaitz asko ditu eta aldapatsua da. Hainbeste ordu ibili ondoren, gogorra egiten da.

 Arkakaratsen fritu gorriak. Jetsiera luzearen ondoren Coll de los Ladrones-era atera eta handik errepiderainoko bidea. Azkenean, 8 ordu eta 45 minututan bukatu dugu ibilaldia. Gogorra baina interesgarria eta Izasi bere izeneko harana ezagutzeko balio izan diona. Bazen garaia!

IBILBIDEA Hemen













iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina