2015/05/05

PUNTA ARENAS Bidaia eta sartu Txilen.

Martxoaren 28an gaueko 23:50tan hartu dugu Barajasen Santiagora eramango gaituen hegaldia. Azken bi urte hauetan bigarren aldia da bertara goazela. Baina oraingoan, hego-hegora goaz, Punta Arenas-era, semea bizi den inguruak ezagutzera.

Martxoaren 29a. 13 orduko hegaldi lasaiaren ondoren, Santiagoko aireportuan gaude. Hiru ordu eta erdiko geldialdia daukagu beste hegaldia hartu arte. Zerbait jan eta edateko baliotu dugu.

Eguerdiko 13:40an (dagoeneko Txileko ordua) Punta Arenas-erako hegaldia hartu dugu eta hiru ordu t'erdiko saioa daukagu. Berehala hasi gara Andeak ikusten.

Eta gure azpian izugarrizko glaziar eta mendilerroak agertzen hasi dira. Ez daukagu aspertzeko astirik! Ametsak errealitate bihurtzen hasi dira. 

Viedma Glaziarra

Hegoaldeko izotzezko lautada. "Campo de Hielo Patagónico Sur"

Upsala Glaziarra


Fitz Roy eta inguruko orratzak.



Horrelako paisaiak ikusiz berehala pasa zaigu bidaia eta begibistan daukagu Magallanes itsasartea eta Tierra del Fuego beste aldean.

Punta Arenas-era heltzen ari gara. Txileko hegoaldean dagoen portua eta Magallanes inguruko hiriburua. Brunswick penintsulan dago kokatuta. Orain zentro komertzial eta kosmopolita da. Zergagabeko Gunea ere badu eta mugimendu handia dauka.

Semearekin elkartu gara eta bere etxean gaude hurrengo egunetarako planak egiten.



Hiriarekin lehenbiziko kontaktua. Igandea da eta ez dago mugimendu handirik kaleetan. Lasaia eta atsegina iruditu zaigu.

Costaneran.

Lehenengo ilunabarra Punta Arenas-en, Magallanes itsasartean. Izugarrizko kolore eta tonoak daude, eta ostertzearen zabaltasun eta handitasunak hunkitu egiten gaitu.



Kasinoa.

Kasinoaren azkenengo solairuan dagoen kafetegitik 360º-ko izugarrizko ikuspegiak daude.

Eta eguna bukatzeko, semearen lagunek bertan hain tipikoa den erreki jana eskeini digute. Ondo hasi dugu bidaia!

Martxoaren 30a. Gaur, Punta Arenas zerbait gehiago ezagutzeko baliatuko dugu eguna. Hauek, beti dabiltza batetik bestera, petateak prestatu eta desegin. Gaur Diegok bere espedizioan erabilitakoak gordetzea tokatzen da.

Amerikako hiri gehienetan bezala Arma Enparantza dago, eta bertan Fernando Magallanes nabigatzaile eta esploratzaileari eta lurralde hauetako jatorrizko biztanleei (patagoiak) eskeinitako monumentua dago.



Costaneran pasiatzen. Enkanto handia du guretzat.


Kanposantua. Monumento historiko-artistiko bezala daukate.

Izkutaketan.



Magallanes-eko Unibertsitatean (UMAG).

Eta eguna bukatzeko, Eñauten pisukideak diren Romina eta Diegorekin afaltzen "La Mesita Grande"-n. Bihar kotxea hartu eta Tierra del Fuego-ra abiatuko gara, Ushuaia eta Karukinka Parkeak ezagutzera, besteak beste.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina