2015/02/28

Senda el Cartero-PEÑA SALÓN 1226 mt-Vivolines-Casielles-Puente Vidosa.

Atzo, Abuztuak 19, herritik goiz atera eta San Juan de Beleño-ra etorri ginen. Gero Pierzu-ra joan-etorria, eta Beleñon lo egin ondoren, Beyos haitzartean dagoen Vidosa Zubira etorri gara. Bertan kotxea utzi eta 800 bat metro egin ditugu errepidetik, El Cartero bidearen hasierara heltzeko.

Errepide ertzean dagoen kartela. Berez, Degüera bidea da, baina hor jarri duten izenarekin da ezaguna. Guk Biamón herrixkara heldu arte jarraituko dugu bide markatu hau. Gero, utzi egingo dugu Salón mendira igotzeko.


Hasiera potentea da, harritzar artean eta malda handiarekin, baina bidea oso ondo dago markatuta.

Sella ibaiaren beste aldeko orratzak. Paisaia ikusgarria da.


Errepidea oso behean utzi dugu. Hasierako malda handia igo ondoren, bidea lasaitu egiten da, eta inguruaz gozatzen goaz.

Toki batzutan oso ondo mantentzen dira toki harrigarri hauetatik igaro ahal izateko ipinitako "armadurak".

Orain, PRa dela eta, kateak ere jarri dituzte.



Aurrean daukagu Biamón herria. Izugarria da ikustea zein tokitan bizi ziren orain dela gutxi arte "beyuskoak"

Herrira heltzeko "sedo bajo" deitzen dena igaro behar dugu. Bide hau da haitzartetik herrira etortzeko zuten bidea. Harrigarria!. Orain pista bat dago Casielles-etik, baina ez dago biztanle finkorik. Paradoxak.

Horreo "beyusco" hau nahiko ondo mantentzen da oraindik. Gainontzekoa ea erorita dago dena. Pena bat...

Biamón herrian PRa utzi eta, aintzinako bideak jarraituz, Nochendi lepora igo dugu. Hemendik oso ondo ikusten ditugu Pierzu eta Carria, Pongako bi mendi ezagunak.

Nochendi lepoa.

Viego herria, Llomena lepoa (Beleñora joateko), eta Tiatordos mendia.

Nochendi-tik Salón-era igotzeko, mendi guztia inguratuko dugu. Ertzera heldu ondoren, horma horrien azpitik joango gara, eta horretarako, kobazulo bat aurkitu behar dugu bertatik jeisteko. Ezinezkoa dela dirudi, baina badago pasoa!

Kobazulora jeisten.

Kobazuloko leihotik Viego herria ikusten dugu berriz.



Atera gara hormen azpira. Espektakularra eta sinesgaitza.

Horma horretan dago zeharkatu dugun kobazuloa.

Orain Peña Salón-en horma guztiak inguratuko ditugu azpitik, beste aldean Víboli-tik datorren bidera heldu arte.

Bagaude bidean. Boya La Campiella lepotxo hortara igoko dugu. Hemen bidea oso ondo dago.


Eta lepotik berehala heldu gara PEÑA SALON-era. Ez da mendi garaia (1245m), baina izugarrizko ikuspegiak ditu. Hemen, Tiatordos erraldoia.

Gure azpian Víboli herria, bere bi hauzoekin. Gero, horra jetsi behar gara, Vibolines bide sinesgaitza jarraitzeko.

Beste aldean, Porra de Valdepino (biharko helburua), Canto Cabronero, Peña Beza eta Cornión mendikatea.


Furacao begia, Vibolines mendian.

Víboli-ra jeisten, begiak ondo zelatatzen gaituela.

Víboliko etxeak.
Kanposantua.

Hemen hasten da Vibolines "sedoa". Ibilaldi guztia ari da espektakularra izaten, baina orain datorren episodio honek beste guztiak gainditzen ditu.

Hau da sedora sartzeko erreferentzia. Ate zahar bat hormen erdian. Zeharkatzera goaz...

Gezurra badirudi ere, hortik igoko dugu, horma gainditzeko. Inguru hauetako artzaiek aurkitzen zituzten zirrikituak izugarriak dira. Bertara hurbildu arte ez du ematen pasoa egongo denik, baina badago.


Toki zailenetan "armatutako" bideak daude. Liluratuta goaz.
Hormaren goiko zatian, kobazulo batera sartu behar da, gero goiko partetik irteteko.

Kobazuloaren sarrera.

Kanpora begira. Toki ona da atseden apur bat hartzeko, eguzkitik babesean, paisaiaz gozatu eta aintzinako artzaiek horrelako tokietatik ibiltzeko izango zituzten beharrei buruz gogoeta egiteko.

Kobazulotik irteteko dagoen episodioa ere ez da makala. Bidezidor estua horma guztia azpian daukagula.

Hortik aurrera lasaitasuna dator. Tuba artegiko txabola isolatuetara heldu gara. Txabola batetako sarrera.

Tuba-tik behera goazela basotik, berehala aurkitu dugu bide on bat, eta laister agertuko gara Casielles herriaren gainean.

Casielles herria. Gutxienez familia bat bizi da bertan.

Duela urte gutxi egin dute herrira heltzeko errepidea estua, Foz de los Andamios-etatik gora. Pongako "Alpe de Huez".

Atzera begira. Vibolines sedoa ezkerreko ertz horretan agertzen da, eta Tuba artegiko txabolak, basoaren goiko partean daude kokatuta.



Casielles herriko etxe eta horreoak.


Casielles-etik daukagun ikuspegia ere aparta da. Beyos inguratzen duten orratz, espoloi eta tontorrak.

Eliza.

Casielles-etik La Caviella beste herrixka batera jetsi behar da. Kostatu zaigu bidea aurkitzea. Lehenbizi, mastin batzuk oztopo egin digute, eta baso nahiko itxi batetik sartu behar izan gara, La Caviellan jauzita dauden etxeetako batean PRaren markak aurkitu ditugun arte. La Caviella, erabat utzitako herria da, dena dago erorita, eta landaretzak hartu du inguru guztia. Baina, hemendik igaro da La Verganza aintzinako bidea.

Behin markak hartuta, ez dago arazo handirik bidea jarraitzeko, nahiz eta toki batzutan nahiko izurratuta egon. Horrela jetsiko gara Beyos haitzarteko errepidera.

Beyos-en beste aldeko orratz eta espoloiak. Mundu bertikala da hau.

Hemen ateratzen da errepidera. "Kairn" bat dago bertan ipinita. Orain errepidea jarraitzea besterik ez zaigu geratzen Puente Vidosa-ra itzultzeko (ordu laurden bat). Ibilaldi honetan ez dugu mendi garairik igo, baina izugarrizko esperientzia izan da. Pongako inguru eta zirrikitu paregabeak ezagutu ditugu eta bertako artzaien bizitoki eta bizitza gogorraren lekuko izan gara. Ibilaldi gogorra da baina oso atsegin emailea.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina