2021/10/27

PORTILLON aterpea Granjas de Astau-tik. TOUSSE DE MONTARQUE, GOURDON, SPIJOLES.

 2021-08-07 Egun batzuk ditugu jai eta Tramacastillara goaz asmo finkorik gabe. Kotxean goazela, lagun batek Estós aterpean hartu duela tokia, arazorik gabe, ez dabilela jende asko, e.a. Horrela, aspaldian Portillón-en aterpean ez garela egon eta deitzea erabaki dugu. Eureka! Hurrengo bi egunetarako tokia daukatela. 

Tramacastillan gauzak prestatu eta hurrengo egunean goizeko 8etan atera eta bagoaz Bagnéres de Luchon-era eta handik, Oô pasa eta Granjas de Astau-ra.

 2021-08-08  GRANJAS DE ASTAU (1140m). Eguerdiko ordubata da eta kostatu zaigu aparkatzea, dena beteta baitago. Baina tira, azkenean lortu dugu eta 1400 metro baino gehiagoko desnibela daukagu orain Portillón aterpera igotzeko. 


 Jende pila dabilen bide ezagunetik gora goaz. Oô lakuraino marabunta eta Espingo-ra ere jende asko. Zorionez lainotuta dago eta ez du bero handirik egiten.

 Oô lakuan urjauzi ederrarekin aurrean. Espingo mendatea goian erdiko bretxaren inguruan dago.

 Lakuaren ertzetan dagoen basoa.

 Urjauzi gehiago Espingo-ra igotzen.

 Oô lakua behean geratzen da.

 Espingo-ra heltzeko azken zatia. Hemen jendetza oraindik, beheruntz batez ere.

 Espingo (1967m). Honeraino jende asko etortzen da. Gu pare bat ordutan heldu gara.

 Aterpea. Guk alde batean utziko dugu. Gaur gorago goaz.

 Espingo lakua aterpearen azpian.

 Saussat lakua. Bere eskuinetik doa Portillón-eko bidea. Goiak erabat estalita. Guretzat oso ondo, freskura ederra baitaukagu igotzeko.

 Bidea oso polita da, urjauzien ondotik. Desnibela igartzen da baina gustora goaz.

 Atzera begira, Saussat lakua, Espingo mendatea eta aterpea. Mendatetik lakura jetsi egin behar da, altuera galduz.

 Bide oso landua da hau, nahiz eta toki batzutan erorita dagoen. Baina oso ondo jarraitzen da.

 Halako batean, behelainoak gainditu eta Quayrat eta Lèzat agertzen dira gure aurrean.

 Eta gure eskuinean, biharko helburuak eta gero aterpera itzultzeko erabiliko dugun Meatzarien bide basatia Tusse de Montarqué-ren magaletan.

 Bistan ditugu aterpea, urtegia, Portillón d'Oô mendia eta honen ezkerrean Perdiguero, baina hau estalita.

 Quayrat gogorra eta behelainoak atzean utzi ditugu.
QUAYRAT Ibilbidea





 Portillón aterpea eta Portillón d'Oô mendia. Inguru oso espektakularra da hau. Hirumilako tontor pila dago hemen. Pasada bat!

 Heldu gara. Goian, ezkerrean Crabioules eta Lliterola-ko behe-lepoa. Ondoren Lliterola-Royo eta Perdiguero hodei artean.

 Aterpea. Hona igotzea bakarrik igoera potentea da. 1400 metro pasatako desnibela dago haranetik. Lau ordu eta laurdenean igo dugu guk. Ez dago gaizki. Zeharkaldia egiten ari diren hiru eibartarrekin egin dugu topo bertan, eta beraiekin elkartuko gara bi egunetako afarietan. Gustora.

 Trastoak aterpean utzi ondoren, urtegitik itzuli txiki bat emango dugu. Portillón d'Oô-Seil dera Baquo era gure parean.

 Portillón d'Oô eskuinean eta Perdiguero ezkerrean.

 Kanpin-dendak ere badaude aterpearen inguruan. Gu afarian zain. Hotza egiten du.

 Baina gustora gabiltza kanpoan, aspaldiko historiak gogoratuz. Hemengo aterpe zaharra, obretako etxola, bertako zaindaria eta Ibarra arjentinoa,...

Egindako igoerak, Crabioules, Lliterola-Royo, eta argazkian ikusten ez diren gehiago...

 Quayrat.

 Seil dera Baquo ertza eta bere glaziar oso murriztua.

 Quayrat eta Lèzat. Eta zazpiretan afaltzera, eibartarrekin batera. Gaur gauean, biontzako bakarrik daukagu gela oso bat. Bihar arte!

Ibilbidea wikin


 2021-08-09. Sei t'erdietan gosaldu ondoren, 7,30n gaude martxan. Hotza egiten du. Aterpean lo egin duten gehienak edo zeharkaldia jarraitzera edo Perdiguero-ra abiatu dira, eibartarrak ere. Gu, bakarrik nola ez, Tusse de Montarqué-runtz. Portillón-Seil dera Baquo ertza daukagu aurrean. Hodeiak joan eta etorri dabiltza.

 Lèzat-Crabioules esnatzen oraindik, gure atzean.

 Perdiguero eta Portillón d'Oô. Perdiguero ea eguerdirarte egongo da estalita.

 Tusse de Montarqué gaina hartu dugunean, aurrean agertu zaizkigu gaurko gure helburuak. Aspaldi igotako mendiak dira hauek ere, Spijoles pare bat aldiz.

 Tusse de Montarqué tontorrera hurbiltzen. Aurrean, Seil-Cap dera Baquo, Oô mendatea eta Arlaud-Gourgs Blancs. Aterpean dagoen argazki batean, hemen futbol partidua jolastu zuten bertako zaindariak eta lagunak.



 TUSSE DE MONTARQUE (2889m). Quayrat eta Lézat atzean.

 Nahiz eta goian lau izan, jetsiera malkarra dauka Tusse-k. Hemen Euri Neurgailura jeisten gabiltza. Hori da erreferentzia egokia beste aldera igarotzeko.




 Hau da aurrean daukaguna. Lakura jetsi, elurgunea baliatuz, eta eskuinean dagoen Gourgs Blancs mendatera igo, Oô mendatearen azpian dagoen harritza zeharkatu ondoren.

 Gourdon eta Spijoles. Gourdon ezkerreko ertzetik igoko dugu.

 Gourdon-en azpian mendatera bidean.

 Oô mendatea eta Jean Arlaud ezkerrean geratzen dira.



 Baquo mendilerroa atzean utzi dugu. Hodeiek hor jarraitzen dute joan eta etorri. Ertz dotore hori behin daukagu eginda.

 Gourgs Blancs mendatean gaude (2877m). Alboan daukagu Arlaud-Gourgs Blancs-Armengaud-Lourde Rocheblave gailurreri bikaina, lehendik hiru aldiz egindakoa.                                        GOURGS BLANCS ibilbidea 

 Mendatearen beste aldean Milieu eta Isclots lakuak. Hau da La Soula-ra jeisteko haran ederra.

 Gourdon-era igotzen. Ez da zaila, baina badauka paso arraro xamar bat eta gainera haize nahiko zakarra dabil. Adi ibili behar da. Gourgs Blancs atzean.

 Pic Belloc, Hourgade, e.a. Isclots lakuen gainean. Eibartarrak bihar hortik jetsiko dira Soula-ra.

 GOURDON (3034m). Hotza eta haizea. Hodeiak sartzen berriz. Arlaud-Gourgs Blancs atzean.

 Spijoles-era doan ertza begiratzen. Aurrekoan beste ertz horretatik daukagu igo eta jetsita. Baina gaur dagoen haizearekin goiko zatia berriz toki beretik jeistea erabaki dugu. Agertu den frantsez batek ere gauza bera egingo du.


Igotako ertza destrepatzen kontu handiz.

 Goiko ertza jetsi ondoren zeharkaldia egin dugu Gourdon-en hormen azpitik, inongo biderik eta markarik gabe. Ikusi dugun eremu errezenetik.

 Gourdon eta egin ez dugun ertza hor goian ditugu. Bagaude Spijoles-en magalean.

 Eta Spijoles-era igotzen orain. Atzean Gourdon.  Lehen aipatu bezala, mendi horretan egon ginenean duela urte asko, ertz horretatik igo eta jetsi genuen, baina gaur haizeagatik ez gara ausartu. Elurgune horien azpitik etorri gara.

 Eguraldia hoberuntz doa eta Perdiguero ere agertu da. Gure azpian Lago Helado.



 Trepada erraza eta harkaitz onean goiko zatia gainditzeko.

 SPIJOLES (3065m). Saussat eta Espingo lakuak ditugu behean. Espingo aterpea ere ikusten da.

 Belloc-eko lakuak eta, zuloan, Granjas de Astau eta Oô herria.

 Milieu eta Isclots lakuak. Soula-ra jeisteko bidea hortik doa.

 Aurrean Gourdon eta atzean Arlaud-Gourgs Blancs.

 Tontorrean. Atzean Lézat, Crabioules, Lliterola-Royo-Perdiguero, Portillón d'Oô. Aurrean, Laku Izoztuaren gainean Tusse de Montarqué.

 Cap dera Baquo eta glaziar oso txikia.

 Perdiguero. Ezkerrean Col Superior de Lliterola. Hortik doa Portillón-eko bide arrunta.

 Bachimala-Abeillé mendikatea Soula gainean.

 Gustora tontorrean. Ez daukagu presarik eta eguna argitzen ari da. Beraz, lasai. Lehen aipatutako frantsezarekin bakarrik elkartu gara.

 Jetsiera. Igotakoa destrepatzen.

 Harkaitz ona hemen.

 Goiko hormaren azpiko harritzan.

 Beste detrepe txiki bat.

 Gourdon eta Spijoles atzean utzi eta Tusse-ren magalean dagoen Meatzarien Bidearen bila goaz. Aspaldi ibilita gaude baina ez gara asko gogoratzen. Dena dela, Spijoles tontorretik antzeman dugu nondik dihoan.

 Eta lortu dugu bidearen hasierara heltzea.

 Pasabide zirraragarria da Tusse-ren magalean meatzariek aurkitu zuten bidea Portillón-etik hona pasatzeko, behera jetsi gabe.

 Burnizko kableak ere jarri zituzten, baina orain baldintza txarretan daude. Hobe ez ikutzea.

 Zeharkaldi bikaina. Hemendik altuera galdu gabe helduko gara aterpera. Aurrean Quayrat.



 Goiko irtengune horretatik gatoz, eta orain apur bat jetsi behar da aterpearen altuerara hurbiltzeko.

 Eta aurrean daukagu Portillón aterpea eta urtegia eta Lliterola-Royo-Perdiguero mendilerroa. Lauretarako heldu gara aterpera. Afaltzeko ordurarte ondo hidratatu (garagardoak), zerbait jan eta tertulia dotorea eibartarrekin. Beraiek Perdiguero egin dute eta Bihar La Soula-ra doaz gu ibili garen bidetik. Eta gure plana bestalde, Lézat igo eta gero beheraino jetsi. Ea dena ondo ateratzen zaigun. Gaurkoa primerakoa izan da.

                                                   Ibilbidea

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina