2023/10/17

Andorra, ⛰️PIC DE ENVALIRA 2826 MT, ⛰️PIC NEGRO DE ENVALIRA 2821 MT

 ANDORRA. Hiru egunerako etorri gara Andorra-ra. Aurretik ere egin izan ditugu horrelakoak, lurralde hau toki oso egokia delako mendiko irteerak egiteko. Aurten, urte oso lehorra izaten ari da, baina justu egun hauetarako euria izango dugu gonbidatu. Horrela bada, pentsatuta genituen irteerak alde batera utzi eta beste gauza errazagoak egiten saiatuko gara.

2023-08-26 Espero genuen bezala, goizean altxatu eta euria. Pas de la Casa-ra igo dugu, hemendik zerbait azkarra egiteko. Goiko aldean utzi dugu kotxea, errepideko ertze batean, eta euripean abiatu gara Abellettes lakurantz doazen eski-pistetatik(2200m). Aurrean daukagu Fontnegra lepoa, eta horra igo behar dugu lehenbizi. Guretzat inguru ezezaguna da hau. Baina bideak oso ondo balizatuta daude.

 Pistak utzi eta harkaitz-bloke artetik doa bidea. Esan bezala, bidea ondo balizatuta dago eta badakigu irteera labur eta erraza dela. Gainera atertu egin du...

 Fontnegra lepoa aurrean. Bide nabarmena. Gainera aurrean gu bezalako beste lau "piratu" ikusten ditugu. Baina hauek gazteak. Frantsesak.

 Ondo jarraitzeko bidea, erraza.

 Hodei beltzak ditugu gainean, eta edozein momentutan euritara joko dutela dirudi, baina aurrera goaz.

 Fontnegra-ra heltzen ari gara. Pas de la Casa behean.

 

 Fontnegra lepotik Isards mendatea ikusten dugu aurrean. Horra igotzea da hurrengo helburua, gero hortik eskuinera joateko. Urdingune txiki bat orain.

 Col des Isards (2650m). Marka horiak daude honeraino.

 Isards-etik lehen igaro dugun Fontfreda lepoa eta Pas de la Casa eta Envalira mendatea ikusten ditugu.

 Mendatetik beste aldera dagoena. Puig Pedrós aldea dela uste dugu.

 Orain bi tontorretara. Goiko alde hau oso irekia da. Hemen izugarrizko haize bortitza daukagu.
 Bi tontorrak aurrean. Oso igoera erraza da. Okerrena, jasan behar dugun haize bortitza.

 Lehenbizi urrutien dagoenera igoko dugu, Pic de Envalira. Bere oinean gaude.

 Picos del Cubil eta Pessons lakuen zirkoa ditugu atzean. Hor zehar euria ari du, eta laster helduko zaigu hona.

 Hau da tontorrean ipintzen duena, baina ez dago ondo.

 PIC DE ENVALIRA (2826m). Haize bortitzari aurre egiten. Pessons zirkoa atzean.

 Oso gertu daukagu Pic Negre. Ezkerrean ikusten dena da.

 Andorra eta Cerdanya aldeko tontorrak.

 Eskuinean, Col des Isards eta tontorrera datorren bide zabala. Erdian Pics de Fontnegra eta Abelletes zirkoa ezkerrean.

 Atzean ikusten den tontorretik jetsi eta bigarrenera igo dugu, PIC NEGRE DE ENVALIRA (2821m). Heldu da euria hona. Berehala joango gara beheruntz. Pare bat ordutan igo ditugu biak.
 Tontorretik, Abelletes lakua eta Pas de la Casa.

 Ostadarra Grau Roig gainean. Zaparrada gainean daukagu.

 Mont Malús, Pessons, Altos del Cubil,...

 Ostadarra Pessons-eko lehenengo lakua eta bertako ostatuaren gainean.

 Isards lepora jeisten. Bustitzen orain. Gainera haizearekin min egiten dute euri tantek aurpegian.

 Isards-etik behera, euripean.

 Norabidea harkaitzean margotuta.

 Goian geratzen dira igotako tontorrak.

 Pistetara heltzen ari gara eta bi tontorrak ditugu bistan. Atertu egin du eta urdinguneak berriz.

 Abelletes lakua. Orain bertara jetsiko gara. Eguzkia atera da eta arropak lehortzeko oso ondo etorriko zaigu.

 Igotako tontorrei begira. Alde honetatik itxura latza daukate.

 Abelletes lakuan dagoen kartela.

 Lakua eta Pics de Fontnegra gainean. Hemendik azkar jetsiko gara kotxera. Azkenean zortea izan dugu. Hiru ordu pasako ibilbidea egin dugu. Ez dago gaizki. Toki berriak ezagutu eta dena lehortuta bukatu dugu txangoa.

 Hodei lentikularrak Envalira mendatearen gainean.

ENVALIRAK IBILBIDEA





iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina