2019/10/10

PICOS DEL INFIERNO. Zirkularra Panticosa-ko Bainuetxetik.

2019-08-22 Goizeko 8etan atera gara Bainuetxetik askotan igo dugun bidetik (1660m). Tropel handia bai aurretik eta bai atzetik. Gehienak Garmo Negro-ra doaz. Gu gaur Infiernoetara. Laugarren aldiz goaz zeharkaldi hau egitera. Asko gustatzen zaigu, eta azkena duela urte dexente izan zen, beraz errepikatzeko ordua heldu da.

Bainuetxea. Aparkaleku guztiak daude beteta, kotxe, furgoneta eta karabana ugari.

Ibilbide oso ezaguna Pondiellos leporaino. Gaur, beste batzutan baino eskuinagotik igoko dugu, Pondiellos tontorraren azpitik. Aukera asko daude eta ez dakigu zein den erosoena.

Garmo Negro daukagu goian Mallata Alta-ra igotzen gaudela.
Ilargia ere, norabidea adierazten bezala.

Pondiellos tontorraren azpian, harkaitz bloke artean. Bainuetxea mila metro beherago utzi dugu jadanik. Hemen ea bakarrik geratu gara, gehienak Garmo Negro-runtz bait doaz.

Ilargia Pondiellos Orratzaren gainean.

Pondiellos lepoan (2812m). Atzean, Brazatos, Baciás, Tendeñera, Escuzana, Gabietous, Taillón, Marboré,... Ordicuso-ko lakua ere ikusten da, behean.

Pondiellos-eko laku ederrak eta Midi d'Ossau fondoan. Izugarria da paraje hau.

Eskuinean ditugu Infiernoak edo Quijada de Pondiellos. Igotzeko jarraituko dugun gutxi gorabeherako bidea.

Lakuak eta Mendebaldeko Infiernora doan ertza. Batzuntzat hori da igoera errezena. Fondoan Midi.

Pondiellos lepoa utzi eta izen bereko tontorraren azpiko zeharkaldian goaz gure helburuaren oinera hurbiltzen. Lepoaren gainean Pondiellos Orratza eta Garmo Negro.

Eskuineko harritzatik doan bidezidor bat jarraituz helduko gara trepadaren oinera.

Pondiellos lakuak.

Lakuak, Pondiellos lepoa, Pondiellos Orratza, Garmo Negro eta Algas eskuinean.

Hormaren azpira heltzen. Arnales daukagu atzean.

Oinera heldu garenean, kaskoak jarri ditugu, harri solte asko baitago igoeran, eta goian jendea dabil eta baita beste mendizale batzuk beheruntz datoz. Oso nabarmena den kanala ( elurrarekin hortik igotzen da) ezkerrean utzi eta trepada errazak eginez horman gora goaz, sigi-sagan.

Mugarriak jarraituz eta intuizio apur batekin toki egokienak aukeratuz, erraz igotzen da.

Atzean daukagun paisaia ederra da, Pondiellos lakuak, Orratza, Garmo Negro eta Algas. Atzean, Telera agertzen da eskuinean.

Ekialdeko eta Erdiko tontorren arteko lepora ateratzen da. Hemendik gure eskuinera hartu eta berehala heltzen da lehenbiziko tontorrera.
INFIERNO ORIENTAL (3079m). 12,15 dira eta oso gustora egin dugu igoera. Eguraldi bikaina daukagu eta goietan ibiltzea gozamena da.

Geratzen zaigun ertza, Erdiko tontorra lehenbizi eta Mendebaldekoa fondoan. Atzean, Midi.
Laku Urdinak, Bachimaña eta Bramatuero urtegiak, Marcadou, Arratille, duela gutxi igotako Neveras ( ez du asko destakatzen), Serrato, Vignemale, Chabarrou, Midi de Bigorre atzean, ...  Mendiak eta mendiak.

Tontorrean. Atzean, Retona, Pala de Alcañiz, Collarada, Escarra, Pala de Ip,... eta Tramacastillako urtegia.

Lehenbiziko tontorretik jeisten.

Destrepe erraz batzuk.

Oso gertu geratzen da Erdiko tontorra eta garaiena.

INFIERNO CENTRAL (3081). Frondiellas, Balaitús, Costerillou ertza eta Cristales.

Laku Urdina, Marmoleras-Piedrafita, Llena Cantal, Punta Zarre, Gran Facha, Cambalés,...

Mendebaldeko tontorrera doan ertza jarraitzen. Fondoan, Midi ezkerrean eta Lurien eskuinean.

Ertzeko marmoleriatik igotako bi tontorrak atzean.

INFIERNO OCCIDENTAL (3073m). Pecico, Gran facha, Cambalés, Marcadou, Bramatuero,...

Orain ondo bereizten dugun Neveras eta nabarmenena den Vignemalerekin.

Tebarray aldera jetsiko gara orain. Hau da gehienek erabiltzen duten bidea igotzeko. Harri solte asko dago, eta jende gehiago ere bai, beraz adi ibili behar da.

Kontu handiz jeisten. Ikusten da ze nolako eremua den, bertikala eta harri solte askorekin.

Atseden bat jetsieran. Hona dator Pondiellos lakuetatik dagoen beste igoera alternatiboa, batzuntzat errezena dena. Ez daukagu garbi. Garmo Negro-Algas-Argualas mendilerroa.

Hemen susto handi bat izan dugu. Gorago zetozen batzuk harri pila bota dituzte eta zorionez ez digute ikutu. Baina, lehen esan duguna, zaila izan ez arren arriskutsua bihurtu daiteke eta kaskoa ez dago soberan.

Sallent-era jeisten den sakana. Formigal, Foratata, Pacino eta Escarra urtegia ikusten dira.

Igoera txiki bat Garmo Blanco-ren ertza zeharkatzeko. Arriel eta Lurien fondoan.

Jetsiera luzea eta beti adi ibiltzekoa Infierno lepora heldu arte.

Toki arriskutsuenetatik irteten, Tebarray lakuaren gainean. Tebarray lepoa erdian eta tontorra ezkerrean, Llena Cantal eskuinean eta Frondiellas-Balaitús mendikate guztia fondoan.

Tebarray lakua eta tontorra. Midi agertzen da atzean.

Jetsiera luzea geratzen zaigu Infierno lepotik behera, GRa jarraituz. Arratille, Neveras, Serrato,Vignemale,... aurrean.

Infiernoak laku Urdinen aldetik ikusita. Gustora ibili gara goiko ertz horretan.

Punta Zarre.

Goiko Laku Urdina eta Infiernoetatik erortzen den ertza.

Laku Urdina eta Infierno lepoa eskuinean. Infiernoak goian.

Lakua, Infierno lepoa eta Piedrafita mendia.

Beheko Laku Urdinaren gainean. Izena ondo ipinita daukatela garbi dago.


Beheko Laku Urdina eta Infiernoak.

Bachimaña-ra jeisten. Aurrean Serrato eskuinean, Neveras-Arratille erdian eta Vignemaleren burua Neveras-en gainean.

Hainbat aldiz ibilitako bidetik, Bachimaña zeharkatzen. Serrato eta Xuans eskuinean.

Aterpea, gaur ere, alde batera utziko dugu. Hemendik aurrera jende ugari, gora eta behera.

Frailiaren urjauzia.

Kableekin babestutako pasabideak.

Caldarés ibaiak sortzen dituen urjauzi txikiak.

Eta betiko urjauzia. Zerbait dauka toki honek. Pasatzen garen guztietan ateratzen diogu argazkia. Eta beti dauka zerbait desberdina eta berezia.

Arratsaldeko 5,30etan heldu gara Casa de Piedra aterpera eta ospatzeko ordua da. Merezitako garagardoak. Ibilaldi aparta eta guretzat hunkigarria. Ez gara aspertzen Panticosa inguruetan.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina