2016/05/04

ELURZULOAK-ARATZ-IMELEKU-ALLARTE-UMANDIA. Altzaniako Mendiak Araiatik.

2016-05-01 Araiako Ajuria lantegiaren erorkinen ondoan aparkatu dugu kotxea. Gerturatzerakoan ikusi dugu tontorrak geruza txuriaz apainduta daudela eta hotza egiten du. Plan zehatzik gabe, Aratz alderuntz abiatu gara.
Leizarrateruntz lehenbizi GRa jarraituz.

Bidea oso ondo markatuta beti. Gozamena da baso hauetatik ibiltzea.
Kukua ere topera dabil gaurko goiz hotz honetan.
Benetako iturri hotz.
Udaberria.

Eta bapatean, udaberritik ea negura igaro gara.

Kontraste dotorea sortzen da elurraren txuria eta pagadiaren kolore berde eta marroien artean.

Azkasaroi borda kokapen ederrean. Aitzgorri hodei artean.

Gainean daukagu Aratzeko tontorra.

Haize hotza dabil Azkasaroi inguru honetan. Borda ondora heldu garenean, zuzenean hartu dugu goruntz, Algorriren azpira dihoan bidea utzita.

Arabako lautadan giro goxoa dagoela dirudi, baina hemen goian haize hotza.

Horrela dago goiko alde guztia.

ELURZULOAK tontorra. Aratz atzean.

Ez dabil mendizale askorik. Korrikalari batzuk bai. Gaurko irudia hori izan da, gu bezalako inor ez dugu ikusi, denak korrika... Desagertzeko zorian ote gaude mendian lasai gabiltzanok?

Aratz, neguko itxurarekin.

Hodei beltzak gurekin jarraitzen dute.


ARATZ. Ez dugu denbora asko egin tontorrean. Aratzarte leporuntz jetsiko gara mendilerroa jarraitzeko asmoz.

Araia eta Ajuria lantegia. Hor eguzkia.

Lautadako herri eta soroak.

Harri arteko jetsiera.

Noizbehinka horrelako lora dotoreak ere agertzen dira harri artean.

Irumuga inguruko baso dotorea.


Ondoren horra joango gara, Imelekura.

Aratz eta Imeleku arteko lepoan.

Aratzetik egin berri dugun jetsiera.


IMELEKU.

Geratzen zaizkigunak. Erabaki dugu Umandiaraino joango garela. Gustora gabiltza, eta hemen haizea ez da hain hotza.

Imeleku eta Allarte artean dagoen lepoa, Allarte.

ALLARTE tontorrean. Aurretik igarotako Imeleku eta Aratz.
Atabarrate lepora hurbiltzen. Imelekutik aurrera marka txuri-horiak jarraitzen ari gara. Oso ondo balizatuta dago bidea. Araiara jeisten dira gero, baina guk ez ditugu jarraituko.

Atabarrate. Hemendik joan-etorria egingo dugu Umandiara.

UMANDIA. Gaurko bostgarren tontorra.

Ikuspegi polita daukagu Araiara.
Eta haizearen babesean, zerbait jan eta edateko ordua da. Balkoi abantailatsuan gaude.



Araia.

Indarrak berreskuratu ondoren, Atabarratera jetsi, eta pista batetik beheruntz Zirauntza iturburura heldu gara.



Ur gutxi erortzen da gaur, baina berdin da. Ezagutzen dugu ur askorekin (eta elurrarekin), eta orain horrela ikustea tokatzen da.

Orain Ajuria lantegira doan PRa jarraitzen goaz, urjauzi txikien ondotik eta baso ederrak zeharkatuz. Paraje dotoreak.







La Salud iturria.

Eta horrela, kotxea dugun Ajuria lantegira heldu gara, sei bat orduko ibilaldi zirkular ederra egin ondoren. Presarik gabe, korrika egin gabe.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina