2019/09/16

LA PORTA DEL CEL. 5 egun CERTASCAN, PICA D'ESTATS eta TAVASCAN inguruetan.

2019-07-20 Goizeko 8etan Elgoibartik atera, Frantziatik Vielha-ra joan, bazkaldu zerbait eta ondoren Bonaigua-tik TAVASCANera. Hau da zeharkaldiaren abiapuntua eta bukaera. Motxilak prestatu eta arratsaldeko 4ak aldean atera gara GRAUS-eko BORDETARA. Ordu t'erdiko pasiada da eta hankak luzatzeko eta bidaiaren nekea arintzeko oso ondo dator.
Txitxibilaldia 2019

TAVASCAN Abiapuntua

 1. eguna Uztailak 20
TAVASCANetik-GRAUS Kanpiñera
5 egun, 4 gau
Graus-eko kanpinean, afariaren zain. Atzean dauden hiru neskak katalanak dira. Gu 11 emakume + gizonezko bat (azken orduan baja bat egonda eta horregatik nire partaidetza), hiru katalan horiek, beste hiru gizon nafar eta Madrideko seikotea elkartu gara kanpineko aterpean, eta ibilbide berdina egingo dugu ondorengo 4 egunetan. Proiekto hau TXITXIBILALDI Taldeak  planteatutakoa da. Ausarta benetan!
Ibilbidea Tavascan-granjas-de-graus-


 2. eguna Uztailak 21.
GRAUS Kanpiñetik-CERTASCANera 
Goizeko 8ak aldera hasi dugu gaurko ibilaldia. Baliza ugari irteeran. Gu ezkerrera, Noarre Bordetaruntz. Bide ezaguna guretzat.

Ihez ibili ginen inguru horretan Tavascan-eko eski-estaziotik hiru tontor lotu genituen zeharkaldi ederra osatuz.
PIC DE LA COMA DEL FORN 2682 m, PIC DELS TRES ESTANYS 2763 m, PIC DE VENTOLAU 2849 m.  

Noarre ibaiaren ertzetik doan bidea oso erosoa eta polita da. Lehenbiziko egun honetan talde guztia goaz elkarrekin. Taldeko gazteena 61 urtekoa eta zaharrena 78koa. Gainontzekoak tarte horretakoak.

Noarre ibaia.

Noarre-ko Bordetan. Madrileñoen taldea gure aurretik doa. Horrela ibiliko gara egunero, batzutan aurretik, beste batzutan atzetik,...

Toki majikoa da hau.


Zelaiak lorez gainezka.

Noarre atzean utzi eta basoan sartzera goaz.


Urjauziak Guerossos-etik behera. Eskuinean utziko ditugu.

Gure taldea erabat zatitu da. Gu azkenak, poliki, poliki, ...

Urjauzi dotorea bidean.
Paularekin. Bera da taldeko nagusiena.

Guerossos-eko txabola eta bidea markatzen duten balizak. Certascan lepoa oraindik urruti eta oso goian geratzen da.

Guerossos inguruak.


Aldapa tenteak Pleta de Guerossos-era igotzeko.

Toki lasaia laku txiki batekin. Pleta Vella. Orain eskuinean ikusten den irtengune hori gainditu behar dugu lakuak dauden goiko lautadara heltzeko.


Pleta Vella behean geratzen da. Bidea oso ona da eta nahiz eta aldapa handia egon, ondo igotzen da.

Estany Blau-tik behera datozen urak.

Atzera begira ihez igotako mendiak.

Mont Roig, inguru hauetako beste mendi oso ezaguna.

Estany Blau-ra bidean. "Piano, piano, molto lontano"


Blau lakura doa bidea. Urjauzi ederrak ezkerrean.

Igaro dugun putzu txiki bat. Fondoan, zuloan, Noarre.

Estany Blau. Ederra benetan!

Goian beste laku bat dago. Paraje ederrean kokatuta daude, Certascan, Flamisella eta abarrek osatzen duten zirkoan.

Certascan tontorra daukagu gainean. Guk bere oina zeharkatuko dugu eskuineruntz, goian somatzen den lepora iristeko.
Hor goian Estany Blanc dago eta bertatik erortzen dira urjauzi horiek. Pics del Estany Blanc gailurreria dago gainean. Certascan-en ezkerrean geratzen dira.

Atzera begira, zaldiak Blau lakuaren gainean.

Haran estu hau zeharkatuz helduko gara Certascan lepora. Eskuinean, Agulla eta Pic de Guerossos. Ezkerrean, Certascan-era doan mazela.

Lepotik Certascan tontorrera geratzen den aldapa oso tentea.

Gure taldekoak zain lepoan. Batzuk tontorrera bidean daude.

Lasai asko dabiltza hauek, ea janari apur bat lortzen duten. Hemen jende asko elkartu gara, gora eta behera, asko aterpetik igota.

Txapeldunak! Gaurko zailena eginda dago. 2586 metrotara gaude eta 1334 m-tatik abiatu gara. Hemendik dena jeistea da aterpera, eta distantzia ez da handia.

Tontorrera ez igotzea erabaki dute batzuk eta atsedena hartzen gera diren bitartean, gu tontorrera abiatu gara. Atzean, hurrengo egunetan igoko dugun Pica d'Estats eta gehiago, Sotllo, Baborte, ...

Gazte talde handia zebilen bide arruntetik eta ertzetik igo dugu. Erraza da, gainera hau ezaguna da guretzat eta ikuspegiak izugarriak dira.

Aurrean daukagu tontorra. Gazte taldeko batzuk beheruntz datoz eta beste asko goian daude oraindik. Ea lekua uzten diguten...

Ertzean, Certascan lakuaren gainetik.

Blau lakuak, dotoreak hemendik ere.
CERTASCAN (2851m). Guretzat bigarren aldia hemen.

Goiko irtengunea jeisten bloke artean.

Lepora heldu garenean gainontzekoak aterpera jeisten hasita zeuden, beraz gu ere beheruntz.

Pare bat elurgune zeharkatu behar dira, baina ez direnez oso tenteak arazorik gabe igarotzen dira. Certascan lakua aurrean. Eskuineko ertzean dago aterpea.

Beste elurgune bat. Eskuineko harkaitzetatik ekidi daiteke.

Certascan, alde honetatik.


Lakura hurbiltzen.



Certascan lepoa erdialdean eta tontorra eskuinean. Hodei beltzak ari dira agertzen...

Lakuaren ertzetik aterpera helduko gara. Broate eta Sotllo aldea fondoan.

Pirinioetako laku handiena omen da Certascan.



Aterpea (2240m). Nahiko txikia da eta gainezka dago. Gau gogorra izango da...

Tai-chi egiten irakasle adituarekin.

Aterpearen azpian dagoen beste lakua eta biharko inguruak. Azkenean, hodei beltzek ekaitz zaratatsua ekarri dute baina apenas lau tanta bota dute. Berehala igaro da.

Sotllo, Pica eta Verdaguer. 21:30rako ohera. Bihar arte!

3. eguna Uztailak 22.
CERTASCANetik-PINETera

Goizeko 7rak baino apur bat lehenago prest gaude irteteko. Gaur taldea banatu egin da, lau hemen geratzen dira beste egun bat, inguruan ibilbide bat egin eta hurrengo egunean Tavascan-era jeisteko. Gainontzekook etapa luze eta gogorra daukagu aurrean.

Certascan mendia egunsentiko koloreekin. Eguraldi ona eta beroa dago iragarrita.


Beheko lakutik atzera begira, aterpea erdian eta Certascan mendia eta lepoa.

Certascan-eko lakuetatik Tavascan-etik igotzen duen pistara erortzen diren urjauziak.

Aterpetik apur bat jetsi ondoren, berehala hasi gara goruntz, Coll de Lurri-ra igotzeko.

Igoera sigi-sagatsua landaretzaz inguratuta.

Gero eta ederragoa agertzen zaigu Certascan mendia.

Lurri lepora (2217m) heltzen gaudela aurrean ditugu aterpea eta Certascan.

Geum Montanum.

Lurri lepotik Romedo haranera jeisten da. Hemen Romedo de Dalt lakua eta Pic Colatx.

Romedo de Dalt lakua eta Pic Colatx bere uretan bikoztuta.
Lakuaren ertzean errododendro artean.

Pinu fotogenikoa laku erdian.
Toki ederra Romedo de Dalt laku hau. Erreflexuak indar handia ematen diote.

Romedo de Baix-era jeisten. Gero bere eskuinetik zeharkatuko dugu, erdian ikusten den sakanetik gora joateko.

Destrepe txiki bat urtegira jeisteko.

Romedo de Baix. Erdiko ibar horretatik jetsi gara eta hor goian geratzen da laku honen anaia.

Guiló haranera sartzen.

Hemen nahastu egin gara (ez gara izan bakarrak), eta errekaren ezkerretik jarraitu dugu, eskuinetik joan beharrean. Itzulinguru bat egitea suposatu digu...

Estany Inferior de Guiló eta Port d'Aulus goian. Esan bezala, hona ez da etorri behar, bidea erabat eskuinetik doa. Guk hemen, laku guztia inguratu dugu eta gero eskuinean bloke artean igo ondoren egin dugu topo gure bidearekin. Orduerdi gehiago gaurko bide luzearentzat...

Bide egokia hartu ondoren aldapa luze eta tentea daukagu L'Artiga mendatera igotzeko.

L'Artiga mendatetik (2477m), Certascan mendia eta lepoa ikusten jarraitzen dugu. Zeharkaldia egiten ari garenok kenduta, inguru hauetan ez dabil inor.
Jetsiera bortitza beste alderuntz.
Ea dena bloke artean. Adi ibiltzeko tokia.

Aiguamolls-era jetsi gara (2100m inguruan). Eskertzen da zelaia zapaltzea. Baina aurretik beste igoera oso gogorra daukagu, erdian ikusten den sakanaren ezkerretik gora. Hau da gaurko "sinoa", gora eta behera denbora guztian.

Aiguamolls behean uzten. Igartzen dira daramatzagun igoera eta jetsierak eta hemen taldea sakabanatzen hasiko da.

Atzera begira, L'Artiga mendatea eta Aiguamolls-era egin dugun jetsiera. 300 metro baino gehiago jeisten dira hor eta orain beste hainbeste igo behar ditugu.

Hor goian dagoen Montesture lakutik erortzen diren urak sortutako sakana.

Aldapa serioa errododendro artean. Beroa ere nabaritzen da.

Montesture lakua behean uzten da, eskuinean.

Oraindik aldapa geratzen da, baina Morakaikokoak gustora daude itxuraz. Atzean, berriz, L'Artiga-tik behera egindakoa eta Montesture lakua.

Gogorra egiten ari da igoera hau eta taldea sakabanatuta dator.

Pointe de Recou mendatera heltzen (2447m). Atzean, L'Artiga mendatea eta atzerago Certascan.

Eta aurrean Montcalm, eta zuloan Pinet aterpea. Baina bertara heltzeko asko falta zaigu. Zuloraino jetsi behar da, ondoren aterpea baino gorago igo eta Estats sakana zeharkatu. Broma bat bezala...

Taldekoak mendatera heltzen. Hemen elkartuko gara denok. L'Artiga mendatea, Pic del Port ezkerrean eta Certascan fondoan.

Beste jetsiera bortitz bat orain. Harri solte artean hasieran.

Hor goitik gatoz.
Aterpea sakanaren beste aldean ikusten da, goian. Gu, alde honetan ikusten den bidezidorretik gora joan behar gara eta aterpea baino gorago igo, goian zeharkatu ahal izateko sakana. Hau da azkenengo errematea!


Estats errekaren urjauziak. Oso politak baina hemendik ezin da sakana zeharkatu.

Toki askotan bidezidorra galdu egiten da eta abereak sortutako tokietatik gora goaz. Gogorra egiten da.

Aupa! Gutxi geratzen da eta...

Behin muinora igo aterpea oso ondo ikusten dugu, baina ez gara heldu.

Estats sakanera jetsi behar dugu, elurretatik beste aldera igarotzeko.

Jetsi, elurgunea zeharkatu eta...

... abentura apur bat. Kablearekin babestuta dagoen horma bat igo behar da. Erraza da, baina puntu berezi bat ematen dio gaurko egun luzeari. Hemen, Rosa.

Trepadan, banan banan. Izaskun.

Mari Tere.

Arrate.

Marijo.

Eta Pili.

PINET lakua eta aterpea (2446m). 10 orduko ibilaldia izan da gaurkoa, igoera eta jetsiera askorekin. Gogorra izan da baina oso gustora heldu gara.

Hidratatzen, beharrezkoa da. Batzuk lakuan bainatu dira. Gustora dabiltza!  Dutxa (batzuk hotza), afari goxoa eta 21:30etarako lotara.

Nina(berez errumaniarra), Rosa eta Yolanda katalanak. Hirukote oso indartsua eta jatorra. "Saltsa" ederra jartzen dute.

   4. eguna Uztailak 23.
PINETetik-VALFERRERAra

Goizeko 6retan gosaldu eta 7etarako prest gaude gaurko etapa hasteko. Gaur Kataluniako tontor garaiena zapalduko dugu, gehienentzat lehenbiziko aldiz, eta honek plus bat eskeintzen dio etapa honi. Atzo eskuinetik jetsi ginen aterpera, eta gaur ezkerreko mazelatik gora joango gara Estats sakana jarraituz. Gaur tropela handiagoa da, Pinet-etik jende askok igotzen baitu Pica d'Estats.

Estats sakana. Eguraldia gaur ere oso ona. Honek segurtasun handia ematen du.

Aterpe gaineko lehenbiziko maldetan.

Hemen eskuinera jarraituko dugu, sakanean sartzeko.

Estats errekaren urjauziak.

Bidean dagoen plaka bat.

Zuloan dagoen Estats lakura heltzen. Cometa d'Estats-era doan sakana aurrean.

Estats lakua (2415m). Oraindik elur dexente dauka ertzetan.

Kolore ederrak lakuan eguzkiaren eta mendien erreflexuekin.

Pitxintxutarrak.


Montcalm lakuaren ertzetik igaro eta gora jarraitzen dugu. Pasabide polita harkaitz artean.

Guins de l'Ase mendia daukagu aurrean. Hau Sotllo-ra doan mendilerroan dago eta 3000-ra heltzen ez denez, oso mendizale gutxik igotzen dute. Mendi ederra!

Tropelean. Aldapa dago baina bide nahiko erosoa da.


Elurgune txiki batzuk geratzen dira bidean, baina ez daukate inongo arazorik.

Atsedena hartzeko ordua. Emakumeak zuzenean Pica-runtz joango dira eta taldeko gonbidatua bitartean Montcalm igotzera.

Putzu izoztua Col de la Comètte inguruan.

Vallferrera-tik datorren bidea eta Sotllo mendia. Gero hemendik jetsiko gara. Ni, Riufred mendatera joan gabe, zuzenean hasiko naiz Montcalm-era igotzen, bloke artean.

Montcalm-era igotzen nagoela ondoan ditut beste hauek. Izaskunek eta biok 1992-eko uztailean egin genuen hemengo sei hirumilakoen zeharkaldia. Pasa dira urteak...

MONTCALM (3077m). Hemen bakardadea.

Tontorrean nagoen bitartean, emakumeak Riufred lepora heldu dira. Laster jetsiko naiz horra.

Tontorrean. Atzean orain igoko ditugun biak, Pica eta Verdaguer.

Lora multzo dotorea harkaitz artean.

Montcalm-etik ondo ikusten dut Montcalm lakua eta zuloan dagoen Estats sakanetik gora jarraitu dugun bidea. Baita bezperako azken jetsiera ere.

Pica d'Estats eta Verdaguer. Bide oso nabarmena bien arteko leporaino. Gero hortik berehala igotzen da bietara.

Jendetza Pica-ren tontorrean. Kataluniako altuena izateak eragin handia dauka eta askotan gertatzen da hau.

Bi tontorren arteko lepora igotzen. Eskuinean, Verdaguer.

Gora heltzen.

PIC VERDAGUER (3125m). Gero jetsieran igaroko ditugun Estats eta Sotllo lakuak behean.

Hiru neska katalanekin tontorrean. Atzean, Pica.


Estats eta Sotllo lakuak.

PICA D'ESTATS (3143m). Pozez gainezka.


Gabarró-ra doan ertza. Hortik heldu ginen hona 1992an.

Montcalm eta Riufred lepoa. Jetsiera lepotik ezkerrera egingo dugu.

Gaur Sotllo ez dugu igoko. Badaukagu nahikoa, eta gainera jetsiera luzea geratzen zaigu Vallferrera-ra. Zeharkaldi honetako bi "hito" nagusiak bata bestearen aurrean, Pica eta Certascan.


Lorategi ederra tontorretik gertu.

Riufred mendatetik Cometa d'Estats-era jeisten.


Sotllo mendia aurrean. Hemen ezkerrera hartuko dugu Sotllo mendatera igotzeko, baina pendiza handiko bi elurgune daude eta gehiago jetsiko gara, elurguneak ekiditzeko.

Cometa d'Estats-eko lakuak. Beheko lakuaren ertzean dagoen elurgunearen gainetik hasiko gara Sotllo mendatera igotzen.

Bagoaz goruntz. Gogorra egiten da aldapa hau igotzea. Mendatea goian.

Sotllo mendatera igotzen.
Atzera begira, Cometa d'Estats. Hortik erortzen da goizean igarotako Estats lakura doan sakana.
Destrepe txiki bat igoeraren azkenengo zatian.

Kanaleta hau jetsi eta Sotllo lepora helduko gara.

Sotllo lepotik 350m-ko jetsiera tentea daukagu Estats lakura jeisteko.

Hor geratzen da Sotllo mendatea (2874m).

Estats lakua eta Monteixo mendia.

Hodei batzuk Sotllo mendatea apaintzen. Jetsiera gogorra hau ere.
Estats lakua eta duela gutxi zapaldutako tontorrak. Hemen, gehienok bainu freskoa hartu dugu. Baina jarraitu behar da...

 Sotllo lakua da bestea baino beherago. Bidea eskuinetik doa.

Sotllo lakua eta Verdaguer-Pica-Gabarró-Rodó de Canalbona mendilerroa.


Lakutik behera hezegune batzuk igaro behar dira. Pasabideak prestatu dituzte ondo zeharkatzeko.

Plans de Sotllo. Bidea beti eskuinetik.

Urjauzi politak sakanean.



Bidegurutzea. Hemen eskuinera hartzen bada, bihar pasako dugun Baborte aterpera joan daiteke, baina ez da gaurko helburua. Gu sakanetik behera, errekaren ezker aldetik orain.

Sotllo sakana behean uzten da. Hemen zati gogorrak daude, bideak igoera tente batzuk ditu eta.


Sakaneko irtenguneak ekiditzeko dauden igoeretako batean katez ekipatutako horma bat igo behar da.

Ari gara Vallferrera-ra hurbiltzen. Luzea egiten da Sottlo-tik beherako jetsiera.

Pla de Boet eta Andorrako mendiak. Aterpea basoan izkutatuta geratzen da.

Azkenean heldu gara Vallferrera aterpera (1905m). Egun luzea eta gogorra gaurkoa ere, baina benetan ederra. Beste taldeekin elkartu eta tertulia dotorea sortu da, aterpeko sukaldari euskaldunaren txispak denak parrez lehertu arte. Afari ona eta ohera goizao. Biharko etapa azkena da, eta luzeena ere bai. Ea ba!


5. eguna Uztailak 24.
VALFERRERAtik-TAVASCANera 
Gaur ere goizeko 7ak baino lehenago aterako gara, etapa luzea baita, eta Tavascan-era lasai heltzeko asmoz. Hemen agertzen direnak hiru nafarrak dira. Hauek gu baino askoz azkarrago dabiltza. Pilik etapa hau ez egitea erabaki du eta Pla de Boet-etik Tavascan-era itzuliko da, han dauden beste kideekin elkartzera.

Aterpetik Pla de Boet-era jetsi ondoren, Pla de la Selva-runtz hartuko dugu, gero Baborte aterpera igotzeko.

Ezker aldeko basotik ari gara jeisten, Noguera de Vallferrera errekaren ertzetik.

Pla de la Farga-ra jetsi gabe Baborte-ra doan bidea hartu dugu. Hemendik aurrera, aldapa gora. Boskotea zazpikotea bihurtu da. Gasteizeko Monika eta Gasteiz ondoan bizi den Win holandarra eta euskeraz dakiena. Hauek Muntanyes de Llibertat eta Porta del Cel lotu dituzte, eta Certascan aterpetik elkar ikusten ari gara. Gogorrak hauek ere!

Basello txabolatik pasatzen.

Landaretza artean erdi izkututa Basello-tik gora.

Basello txabola eta Monteixo atzean.

Erritmo lasai baina jarraituan.

Aldapa gogorra bukatzen, Baborte-ra heltzen ari gara.

Win holandar-euskalduna argazkia ateratzen Baborte lakuan (2340m).
Toki ederra Baborte. Lakua eskuinetik inguratuko dugu, aterpetik pasa eta Sellente lepora igotzeko.

Bloke artean lakuaren ertzetik.

Laku ertzean. Xarma berezia dauka lakuak.

Erreflexuak bilatzen.

Lakua eta Monteixo. Erlaxatzailea!

Tres Picos eta Sellente lepoa lakuan bikoiztuta.

Erdiko muinoan ikusten den aterpe ondotik pasatzen da.

Baborte-ko aterpe irekia.

Oso txukun eta garbia dago barrutik. Irrati-igorgailua ere dauka. Toki eta inguru ederrean kokatuta dago.

Paraje ederra Baborte hau! Eta mendi politak eta gutxi bisitatuak igotzeko aukera.

Sellente lepora igotzen.

Lepora heltzen.

Sellente lepoan (2448m), Win eta Monika gasteiztarrarekin.

Coma de Sellente-n behera Pic de Becero-rekin. Honen oinera heldu baino lehenago ezkerrera hartu behar dugu beste aldapa potente bat igotzeko. Eskuinetik joanda (momentu batean apur bat despistatu gara eta hortik hasi gara jeisten), zuzenean jeisten da Tavascan-era pare bat ordutan. Baina guri oraindik asko geratzen zaigu.

Balizak. Gu baborte-tik gatoz eta eskuinetik jeisten da Pla de Boavi eta Tavascan-era. Baina hori ez da gure bidea. Hemen ez du ezer adierazten eta horrekin despistatu gara, baina berehala konturatu eta hartu dugu eskuinera.

Behin gure bidea hartuta, aldapa gogorra bloke artean.

Hor goian dagoen Coll de la Llaguna-ra igo behar dugu.

Ilargiak markatzen digu norabidea.

Llaguna mendatetik (2596m), zulotik igo berri dugun aldapa daukagu behean. Sellente lepoa eskuinean geratzen da. Aurreko mendiak Pic de Baborte eta Pic dels Estanys.

Hau da gure norabidea eta zeharkaldia bukatzeko falta zaiguna.
Bide lasaia orain Roca Cigalera-ra heltzeko.

ROCA CIGALERA (2668m). Atzean, Sotllo, Pica,... Orain bai, dena behera herrira jetsi arte.

Eremu zabal eta nahiko laua goiko aldean. Behelainoarekin ez da izango oso erreza hemen orientatzea. Roca Cigalera atzean geratzen da.

Aurrean daukagun Bassa de la Ribera-ra jetsi behar gara eta ondoren jarraian dagoen sakanera sartu Tavascan-era jeisteko.

Ribera-ko lautadara jeisten.

Ribera-ko txabolan. Hor sellatu behar da zeharkaldiko tarjetia.

Sakanetik behera. Hasiera honetan bide erosoa erreka ondotik. Hor aurrean laster herria ikusiko dugu baina oraindik bi orduko jetsiera oso gogorra geratzen da. Gainera bero handia egiten du, baina helburua gertu egoteak asko animatzen gaitu.

Gainera oztopoak daude bidean, zuhaitz asko erorita.

Zuloan Tavascan.

Zorionez dena ez da gogorra, irudi politak ere ikusten dira bidean.



Eta azkenean lortu dugu herrira heltzea eta zeharkaldi bikain hau bukatzea. Gainera etapa honetan (aurrekoetan ez bezala) iragarritako denbora hobetu egin dugu azkenean, indartsu bukatu dugunaren seinale.



Ondorio bezala, ibilaldi gogorra baina oso ederra. Guk gainera eguraldi oso ona izan dugu eta horrek segurtasun handia eman digu lasai ibiltzeko, beti altueran ibili baikara. Port del Cel izena oso egokia, egun hauetan zeruaren atarian ibili garelakoan gaude eta. Taldea oso ondo eta jende jatorra inguruan. Experientzia oso berezia.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina