2019/05/09

AÑISCLO Arroila. Joan-etorri bat.

Antzinako zubia.
2019-04-15 Aste Santuko Astelehena. Eguraldiak nahiko arraro jarraitzen du eta 29 urte dira Añisclon egon ginen azkenengotik. Bidaia dela, jendetza egoten dela, aparkatzeko arazoak direla,..., beti aitzakiren bat. Gaur heldu garenean goizeko 9:30etan bi kotxe bakarrik San Urbez-eko aparkalekuan. Ondo gabiltza!

Arroilean sartu eta La Ripareta-ra heltzeko asmoarekin atera gara.

San Urbez-eko zubi zaharrean, Bellos ibaiaren gainean. Badaude metro batzuk beheruntz...

Bertan dagoen mapa dotorea.

San Urbez kapera, arroilaren sarreran.

Eta arroila.

Bidea oso ondo egokituta dago eta ez dauka sekreturik. Orain ez dabil jenderik eta lasai goaz, gure "bolara", argazkiak atera eta inguru eder honetaz gozatzen.

Protagonista nagusia Bellos ibaia da, urjauzi ederrekin. Uraren sinfonia!


Beheko alde honetan, bidea ezpel eta beste zuhaitz mota askoren artean doa, beti Bellos ibaitik oso gertu.




Hau Cumaz da. Ordubete egin dugu honeraino. Baina esan bezala, lasai goaz, gozatzen.


Cumaz-etik gora oraindik ibaiaren ertzetik joango gara.

Iturri dotorea bide ertzean.


Lurrera ere begiratu behar da. Badaude gauza politak.

Horma batzuk oztopatzen dutenean ibai ertza, ezkerrera hartzen da, eta aldapa tentetu egiten da Selva Plana-ra igotzeko.

Selva Plana-tik atzera begira, Añisclo babesten duten hormak ikusten ditugu. Hauek Sestrales dira.
Selva Plana-tik arroilaren beste aldetik erortzen den urjauzi ederra daukagu parean.

Selva Plana-tik jetsi egiten da Ripareta-ra heltzeko. Sarrio bat agertu zaigu bide ondoan, baina konturatu ordurako ea desagertu da mendian gora.

Riparetan gaude. Bi ordu luze behar izan dugu hona heltzeko. Toki oso ederra da. Pardina sakana dator ezkerretik eta Bellos ibaiaren ertzean gaude berriz.


Oraindik denbora badaukagunez beste orduerdi jarraitzea erabaki dugu. Gero bueltan, hemen geratuko gara zerbait "pikatzera".


Ripareta-tik gora baso eder batean sartu gara. Gero, bidea asko estutzen da eta zeharkaldi luzea egiten da Fuenblanca-ra joateko. Gu ez gara heldu. Orduerdi egin dugunean goruntz buelta eman dugu. Riparetan geratu gara jaten eta bide beretik itzuliko gara. Orain bai ikusiko dugu jendea, baina ez asko. Igotzerakoan beste hiru pertsona ikusi ditugu bakarrik.




San Urbez-era heldu baino lehenago, zirkuito laburreko bidea hartu dugu. Bellos zeharkatu eta Aso ibaiak sortzen dituen urjauzi ederrak ikustera etorri gara. Parajea zoragarria da. Hemen ere ez dabil jende askorik.



Eta hona etorri garenez, Aso-ko errotaren hautsikinak ikustera hurbildu gara. Horrela dago errotaren barnealdea.

Eta aparkalekura goazela Añisclo babesten duten horma dotoreak ditugu aurrean. Ezkerrean Mondoto mendia eta eskuinean Sestrales-etik erortzen diren hormak. Erdian Bellos ibaia.

Sei orduko ibilbidea izanda. Aterri egon da eta erabateko gozatua hartu dugu. Eta nola ez, bertan burutzeko plan berriekin goaz...

Ibilbidea wikiloc-en

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina