2017/06/01

Putzubeltz-EKAITZA-MENDIEDER. Zirkularra Arantzatik.


2017-05-14 ARANTZA herrira etorri gara. Lehenbiziko aldia da hona gatozela. Erreportai batzuk ikusi ditugu Putzubeltzeko igoerari buruz, eta ezagutzeko gogoa sortu zaigu. Ez dugu informazio gehigarririk ekarri, eta bakarrik erreportaietako datoak eta argazkiak ditugu buruan. Ea nola ateratzen den...

Udaletxea. Herri oso polita dela iruditu zaigu. Kotxea sarreran utzi dugu, eta herria zeharkatu behar dugu, Arruzpiko zubira jeisten den galtzada hartzeko.

Kale nagusia. Itzultzerakoan, atzealdeko ostatuan berreskuratuko ditugu indarrak.

Lora bat. Ez gaude oso "santo" oraindik.

Galtzada.

Erreka zulora jetsi eta Arruzpiko zubia zeharkatu ondoren, ezkerraldera hartu dugu. Oraindik bideak galtzada itxura du.



Beraskunetik Arantzako zentralera ura daraman kanalarekin egin dugu topo eta bere gainetik goaz. Piano erraldoi baten teklak zapaltzen joango bagina bezala goaz, musika egiten... Goian, Mendieder. Hortik itzuliko gara.
Arantza herria kanaletik ikusita.



Kanal nagusira datorren beste kanal txiki bat.
Kanala bukatu ( ea bi kmko ibilaldia egin dugu bertatik) eta Beraskunera heldu garenean baserritar bat aurkitu dugu lanean, eta berak eman digu behar genuen informazio guztia.  Gainera, Puzubeltzera etorri da gurekin. Putzubeltz. Zer esan? Toki magikoa!

Gozatzeko tokia.

Putzubeltz. Gertu dagoen baserriaren izena hau dela esan digu gizonak.

Putzubeltzen eskuinean beste erreka bat dator, eta hemen ere urjauzi dotoreak daude. Bertara heltzeko kable bat dago jarrita, eta gure laguntzaileak esan digunez, berak jarrita dago. Ikusita zela zebilen toki labainkor honetan, saltoka eta izugarrizko trebeziarekin, horrela izango da.


Baina berarekin hitzegin eta ipuinak entzuten, goizeko 10:45 dira, eta oraindik zuloan sartuta gaude, eta 900 bat metroko garaiera-aldea gainditu behar dugu mendilerrora igotzeko. Behintzat, igoeraren informazio egokia lortu dugu. Horrela bada, bagoaz basotik gora bidezidorra jarraitzen.

Basotik pista batera atera gara eta eskuinera hartu dugu txabola honen ondotik.

Pistatik jarraitu dugu metro batzuk, eskuinean mugarri hau aurkitu arte. Hemen, pista utzi eta eskuinera hartu dugu, jetsieran, berriz erreka zulora sartzeko.

Erreka zeharkatzen. Toki hau izugarria da, oihanean gaudela dirudi.
Bi errekatxo datoz, sakan desberdinetatik, eta urjauzi dotoreak ikus daitezke. Hemendik gora ikazkinen bideak jarraituko ditugu, batzutan nahiko argiak, eta beste momentu batzutan, intuizioa martxan jartzen (ez daukagu GPSrik).

Ingurua izugarria da. Pagadi itzela eta urjauziak nonnahi. Aldapa ere itzela!



Ametsetan ote gaude?.... edo aldapa handiaren ondorioak?

Azkenengo urjauzien inguruan, mugarriak agertu zaizkigu bidezidorrean. Baina gora goazela, edo galdu egin ditugu, edo bukatu egin dira, eta zuzen hartu dugu goruntz. Kasua da ez garela ehiztariek erabiltzen duten pistara atera( hori daukagu ikusita erreportaietan) eta zuzenean ertzetik gertu dauden txaboletara heldu garela.

Txabola honetara heldu gara. Lepotik oso gertu dago. Barrua oso txukun eta garbi dauka eta babesteko toki egokia.



Txabolan zerbait jan eta edan ondoren, lepora atera eta begibistan daukagu Ekaitza eta jarraitu behar dugun ertza.

Arantza eta Igantzi herriak eta Larrun mendia, ertzetik.

Ertzaren beste aldean pagadi bikainak.

Ertzetik gora. Lehendik egonda gaude mendi honetan, baina beste aldetik igota, Ituren eta Zubieta aldetik.

Behean lepoa. Horra heldu gara Putzubeltzeko zulotik. Atzean, Komizko gaina, eta atzerago, eskuinean, Aiako Harriak.

EKAITZA (1046m). Goian beti dago ikurriña. Igoera espektakularra izan da.

Mendieder eta Mendaur. Mendiederretik joango gara ondoren. Hilabete lehenago egon ginen bietan, Sunbillatik igota.

Buzoia.

Beste aldeko ertzetik jeisten mendilerroa jarraitzeko Mendiederrera. Gaur ez gara joango Mendaurrera.

Mendiederrera daukagun ibilbide erosoa.

Mendaur.

Eta urtegia, ur gutxirekin. Udaberri lehorra...

Arantza gure oinetan.

MENDIEDER (1071m). Atzean, Mendaur. Hemendik, Bustitza lepora jetsi gabe, zuzenean jetsiko gara lepo horretatik datorren GRarekin topo egin arte.

Behin GRan, atzera begira, Mendaur eta Mendieder. Pagadi eder horretatik doa Sunbillatik datorren bidea.

Egin dugun igoerari begira. Zuloan dago Putzubeltz, eta goian, erdialdean, Ekaitzaren lepoa. Zirko ederra.

Orain GRaren markak jarraitzea besterik ez zaigu falta Arantzara itzultzeko.

Baina begiak lehen egindako igoera basatia ikustera doaz. Goiko zeharkaldia oso erosoa da.

Txabola bidean.

Arantzako kanposantua. Hona heltzen da bidea. Atzean, Ekaitza eta igotako baso basatia.
Kanposanturako igoeran Mendaurrera joateko PRaren markak eta Herriko Ibilbide batenak.

Honek eman digu ongi etorria herrira itzuli garenean!

Eta lehen aipatutako ostatuan ospatu dugu gaurko ibilaldi eder hau. Asko gustatu zaigu. Badago zer egin Arantzako zirkuan!

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina