2017/03/07

SAN MARTIN DE LA VAL D´ONSERA (Guara)

2017-02-27 Ihauterietako Astelehena. Guaran gaude, baina gaur ez goaz mendi bat igotzera. Gaur baseliza baten bila goaz. Mendi, herrixka eta arroilaz aparte, horrelako bitxi izkutuak ere badaude Guaran.
Horrela ba, Huesca igaro eta Lleida-ra dihoan errepidea jarraitu dugu eta km gutxi batzu egin ondoren, ezkerrera hartu dugu Loporzano, Barluenga eta azkenik San Julián de Banzo-ra heltzeko. Hemendik, markatuta dagoen pista bat hartu dugu, aparkaleku txiki batera heldu arte. Aparkalekuan, nola ez, bakarrik gaude, eta panel hau daukagu. Bidea oso ondo dago markatuta PR baten marka txuri-horiekin. Abiatzeko gaudela, herriko ganaduzale bat agertu da, txakurren bila dabilela esanez. Itxuraz basurderen baten atzetik joan direla eta. Bezperan, 40 bat basurde ehizatu omen zituzten inguruan.

Aparkalekutik, pista jarraitu behar da beheruntz, eta berehala sartuko gara San Martin sakaneko uberka lehorrean.

Horma dotoreak ditugu gure gainean. Ezkerrekoan eskalada ibilbide ugari ikus daitezke. Ibilbide gogorrak dirudite, horma erabat hondaratua baita.

Bidegurutzeak oso ondo adierazita daude. Gu San Martin-eruntz. Ezpel eta zuhaitz arteko bidea jarraituko dugu, ezkerrean ditugun hormen azpira heldu arte. Igoera lasaia.

Hormetara heldu eta plaka honekin egingo dugu topo. Bertan daude hurrengo argazkiko balizak.
Hemen bi aukera daude, ezkerretik La Viñeta igarobidea eta eskuinetik "Astoen Bidea". Gu ezkerretik joango gara eta eskuinetik itzuli.


La Viñeta-ko irudiak. Giro onakin eta lehorra baldin badago, ez dauka inongo arazorik eta entretenigarria da. Ondo babestua dago kable eta eskubandekin.





Horrela San Salvador lepora iritsi gara. Tokia espektakularra da. Parean, izugarrizko hormak ditugu eta bertan putre ugari ikus daitezke. Eta pentsa orain horma horien azpira jetsi behar dugula baselizara heltzeko?

Lepoko balizak. Gu eskuinetik heldu gara, eta ezkerretik Astoen Bidea dator. Esan bezala, 200 bat metro jetsi behar ditugu orain. Izugarria!

Hemen ere dena "ekipatuta" dago. Zer izango zen hau XII. mendean? Eta jetsiera bukatu ondoren, eskuinera jarraitu behar da bidezidorra baselizara heltzeko.

Tokia izugarria eta zirraragarria da. Urjauzi bat erortze da gaineko hormetatik, eta honek areagotu egiten du zirrara.

Bazuten meritua honeraino etorri zirenak zerbaiten bila. Hasieran eremutarrak, mojak ere bai,..., dena dela, mundu lurtarretik ondo isolatuak zeuden hemen bizi izan zirenak.

Harkaitzean bertan dago kapera.



Kokapena izugarria da.

Orduak lasai igarotzeko tokia. Astelehena izanik, bakarrik gaude. Bi ordu t' erdi behar izan ditugu heltzeko, lasai.





Penaz, itzultzeko garaia heldu baita. Beraz agur esan horrelako toki bereziari eta San Salvador lepora igotzeko 200 metroko aldaparen bila goaz.

Sakaneko bidezidorrean, hormaz inguratuta.

San Salvadorrera igotzeko "ferratan".

Hauek ez dute burnirik behar.


Zirko honen eskuineko fondoan dago baseliza. Hortik atera gara orain.

Eta hau da sakanaren beheko partea. Ez dago irteeerarik hortik.

San Salvador lepora igotzen.

Gero, jeisteko, Astoen Bidea hartu dugu. Bestea baino luzeagoa da, baina apur bat lasaiagoa. Horma horien azpira jetsi behar dugu, hor baitago lehen la Viñeta-ra igotzeko hartu dugun bidegurutzea.

Landaretza eta hormen arteko kontrastea.


Eta behin igoeran ikusi dugun plakara heldu, lehengo bide berdinetik jetsiko gara aparkalekura.

Aparkaleku parean daukaguna. Eskuineko horma horien atzean dago izkutatuta baseliza.

Hemengo beste bi mendi ezagun, Aman eta San Miguel, Roldanen Igarobidea ( beste bat) babesten. Oraindik ez ditugu ezagutzen. Hor daukagu beste plan bat.

Badator udaberria...

Eta bezperan Leiren bezala, lertsunen migrazioa ikusteko aukera daukagu hemen ere.


Benetan gomendagarria den ibilbidea egin dugu gaur. Herriko ezagunei bezperan gertatu zitzaiena medio, gaur elurretara joateko gogoa kendu egin zaigu, eta toki dotore eta izkutua ezagutzeko baliatu dugu.

2017/03/05

CASTELLAR eta HARTZAREN BEGIZULOA. LEIRE Mendilerroan

2017-02-26 Igandea. Larunbateko lanak bukatu ondoren, lau egun ditugu libre eta Piriniora goaz. Baina eguna zerbait gehiagorako baliatzeko Leire Monastegira etorri gara, ezagutzen ez dugun Kastellar mendira itzulitxoa egiteko.

Gure gainean daukagu Kastellar. Gurutzea ere ikusten da, eskuineko tontorrean. Erronkarikoen Abelbidea jarraitu behar dugu, tontorraren eskuinean dagoen La Cerrada mendateraino.

Baina gaurko espektakulu harrigarriena zeruan daukagu, lertxunen migrazioa. Ateratzen duten zarata ere aipagarria da.


Leireko Monolitoa ezkerrean utziko dugu.

Espektakuluak jarraitzen du...



Castellarren ezkerrean dauden orratz bitxiak. Putre baten itxura hartzen diogu...

Abelbidetik.

Cerrada mendatea. Hemendik ezkerrera hartuko dugu Castellarrera igotzeko.

CASTELLAR (1286m). Arangoiti atzean.

Pirinioko mendiak.

Abelbidea, hormen azpian, Cerrada mendatea eta gero jarraituko dugun bidea Hartzaren begizulora joateko.

Monastegia tontorretik.

Gurutzeko plaka. Ondoren Cerrada mendatera jetsi eta mugarriz markatuta dagoen bidezidorra hartu dugu Hartzaren Igarobidera heltzeko.

Hartzaren begizuloa. Erraldoia da.


Esako urtegia daukagu parean.


Gero berriz Cerrada mendatera itzuli eta Abelbidetik Leirera jetsiko gara. Castellarren tontorra eta hormak.

Amildegi ederra dauka Abelbidearen gainean.

 


1999-03-14

Eta gogoeta familiarrak buruan, Leirera itzuli gara. Ibilbide erraz eta polita Leire mendilerroan. Orain gustorago goaz Pirinio aldera.