2012/07/17

LA LARRI Ayouseko lakuak. eta Estaneseko lakua zirkularra

Txalupak jendearen zain behelainoartean. Bious-Artigues-eko lakuan gaude.

Bious-eko lautada aberez beteta dago. Zintzarri zarata potentea sortzen dute.

Gozada da basotik igotzea goizeko freskuran.

Eguzki izpiek ere nahi dute basoaz disfrutatzea.

Behelainoetatik atera gara eta Portalet eta Astunekin muga egiten duten gailurrak ikusten ditugu: Canal Roya, Casterau,e.a.


Ayous-eko lakuetara heltzea beti da gozada, bertatik ikusten den paisaia ikusgarria da eta.

Ayous-eko kollauan, atzean Pic de Sesques daukagula. Gaur Ayous-era igo beharrean, beste aldera joango gara La Larri gailurrera.





La Larri tontorrean. Ez da jende asko etortzen hona eta ez da ezagunena, baina polita da, Ayous-eko aterpearen gainean ondo kokatuta dago.

Nafar Pirineoaren ikuspegi dotorea.

Bersau lakua, tontorraren azpian. Gero hortik pasatuko gara.





Hau da gure tontorraren azkenengo partea.



Ayous-eko lakuan gaude berriz. Beheko aldea oraindik behelaino artean dago.





Bersau lakuko ur eta ertzak. Oraindik rododendro batzuk loratan daude.

Azkenengo lakuan gaude, Casterau. Hemendik ere, Midiren ikuspegia ederra da.


Hauek dira laku ertzeko biztanleak.




2. Eguna

Ibilbide zirkularra.4-5 orduko ibilaldia. Espelunguere-tik hasi eta basoan gora malda handia igotzen da. Baina jada basotik irtenda lehenbiziko bistak ikus ditzakegu.. Igoera polita da, toki batean eskailera metaliko bat ereigo behar da. Behin goikaldera iristean Ibon de Estanes eta inguruko mendien bista zoragarria azaltzen da. Hememdik Sansanet aldera jetsi eta bertara heldu baino lehen, Espelungere bailarara doan bidea hartuko dugu.
Basoko tramoak ez du gora-behera handirik.
Beltzez ikusten da egindako ibilbidea.


Urjauzia Espelunguere-n.

Acué eta Gabedaille mendiak eskuinean uzten ditugu.

Pagadian gora, malda handia baina bide ona.


Mil flores

Lora ezberdin asko ikusteko aukera daukagu.




Basotik irten eta Estanés-en azpian dauden ormak gainditzera goaz, beti bide onarekin.


Lorategi Botaniko naturala

Azkenengo zatian eskilara honetatik igo behar da, uraren kanala gainditzeko.





Estanes lakua, Cúpula de Secús eta Portaza gailurrek babesten dutela. Tontorrak lainotuta daude, baina ibiltzeko eguraldi paregabea.

Zaldiz beteta daude  laku ertzak.



Sansanet gainean dauden artzai txaboletara heldu ondoren, bertan dagoen bidea hartu dugu Espelunguere-ra itzultzeko.


Eta horrela bukatzen dugu bi egunetako periploa. Ez ditugu gailur altu eta famatuak igo, baina Pirinioa beste era batera dastatu eta ezagutu dugu. Hau ere interesantea da.

2012/06/12

TTUTTURREGI 1290 m Malloak Intzatik.

2012-06-12 Gustua hartu diogu Aralarreko Malloei, eta nahiz eta eguraldi iragarpena ez izan oso ona, eta udaberria ere oso aurreratua egon, honek dakarren garo eta belar luzez estalita egotea mendia, Intzara etorri gara, hemengo ibilbideak ezagutzera. Gaur laukotea gara.

Gaurko asmoa, lehendik aipatu dugun Malloak liburuko 4. ibilbidea jarraitzea da. Intzatik irten eta Ttutturre ezkerrean utzita, eskuineruntz joan eta gero ikusi nondik jetsi. Horretarako, 6. edo 7. ibilbideak ditugu gure gai zerrendan.





Intzako eliza da abiapuntua.
Malloak oso goian daude, baina bagoaz beraien bila.

Perunea baserri ondoan, belar-kableen egitura honekin egin dugu topo. Izango ditu kontatzeko historia ugari...
Zamargiñenea baserria.

Aldaon-Uakorri-Balerdi eta Intzako Auntzin auzoa. Gero horra jetsiko gara.

Intzako baserri sakabanatuak.
Arratetako basotik gora goaz. Hemen bidea oso dotorea da eta garai batean, trashumantzia-bide garrantzitsua izan zen


Amapola horia (Meconopsis cambrica)

Basoko pagoen artetik Balerdi eta Urreako Haitzak ikusten ditugu.

Basoa bukatzen denean Agiñako Itturrie dago. Ez dauka ur asko, baina fresko eta goxoa da datorrena.
Iturritik gora belarrezko maldak ditugu, Mintxikolargañe gainera heltzeko.


Muñabiurretik Txintxalekura igo dugu eta Putterri atzean lagatzen ari gara.

Ttutturregira goaz gailurreritik. Adi ibili behar da hemen.

Ttutturregin. Bertako buzoian, Pallardi izena agertzen da. Atzean, Irumugarrieta (Soilazbizkargaina), Aldaon,...
                         Illobi kollaura jetsi eta beheruntz jeistea erabaki dugu. Kostatu zaigu ederki      
               jetsierako bidea aurkitzea, baina basora sartu eta joan-etorri batzuen ondoren lortu
               dugu bidezidorra ikustea. Ez da oso nabarmena hasieran, gero hobetzen da.
Pagaditik irten eta lora eta belar luze artean bidea zabaltzen.

Asteasuko laugunearen bila goaz.

Gero, zulo horretatik pasatuko gara, erditik ezkerrera dagoen kollautxo bat hartzera.

Asteasuruntz. Berdez inguratuta.

Gutxigorabehera hortik etorri gara. Illobitik beherako lehenengo zatia izan da zailena.


Asteasutik behera, belar altua duen malda handia jetsi behar da."Bikaintasuna Belarrean"

Bidea zabaltzen jarraitzen dugu zelai aldapatsu hauetan.


Silene vulgaris "colleja"


Elutsaundiko Erreka zeharkatu eta goitik ikusi dugun kollautxora. Hemen, toki batzutan, egokitutako harrizko ormak daude, lehen abereak hemendik pasatzen ziren eta.

Antzustelako Lepoan. Hau da kollautxoaren izena. Bukatu al dira bide gogorrak?...
Pagadi barrenean itxuraz bai... Baina horti aurrerakoa odisea txiki bat izango da. Liburuko mapa alde batera utzi eta belar, garo eta bukatzeko, sastraka artean sartu eta behiek irekitako bidexka batetik lortu dugu nola edo hala oihanetik irtetea.

Urrutiko Borda. Hona heltzerakoan lasaitasun ederra hartu dugu.
Zelai zabal eta garbietan. Goian ikusten dugu egindako ibilbidea.

Santa Cruz ermita. Toki ederrean dago, Araitz bailara guztiaren gainean eta Malloen azpian.


Baserri honen sarrera korapilatsua dirudi. Baina armarri dotorea dauka, Intzako ia baserri guztiak bezala.
Azkenean, itzuli eder eta gogorra egitea lortu dugu. Eguraldia ere portatu da, eta inguru zoragarriak ezagutu ditugu. Ez da izango Malloei egingo diegun azkenengo bisita.