2024/06/22

ANDALUZIA III. : ⛰️EL TERRIL 1129mt Sevillako altuena

 

⛰️EL TERRIL 1129mt Sevillako altuena

 2024-05-15 Gaurko plana atzo gauean antolatu genuen. Azkenean beste gau bat igaroko dugu Grazalema-n eta gaur nahiko gertu dagoen Sevilla-ko mendi garaiena igo eta turismoa egiteko baliatuko dugu.

 Horrela ba, Grazalema-tik atera eta Olvera eta Pruna herriak igaro ondoren, Puerto del Zamorano-ra doan errepidean markatuta dagoen aparkaleku batean utzi dugu kotxea (740m). Ordubeteko bidaia izan da. Pareko harkaitzetan putre kolonia bat dago.

 Aparkalekuan bertan daude mendira igotzeko balizak. Igoera nahiko laburra da gaurkoa, eta interes handirik gabekoa, baina hau da Sevilla probintziako altuena. Bakar bakarrik egingo dugu joan-etorria.

 Errepidea pasa eta erdi erorita dagoen hezi baten gainetik igaro ondoren, aldapa tentea hasten da, putreen harkaitzen azpitik. Harri txikiz estalita dago bidea eta oso labainkorra da, batez ere jeisteko.

 Putreak lasai beraien behatokian.

 Mitxoleta eta beste lora batzuk bide ondoan.



 Mitxoleta.



 Hau da bide labainkorra. Ez da luzea. Laster aterako gara Ventana mendateko lautadara.

 Mendatetik, Pruna-ko Dorrea aurrean eta Olvera herri dotorea atzerago. Eta atzean, bezperako Torreón, Cádiz-eko altuena.

 Bide lasaia orain Ventana mendatetik gora, beste lepotxo batera iritsi arte.


 Lepotik aurrera, zeharkaldi luzea daukagu urruti ikusi dugun Terril-en lepora iritsi arte. Cerro de la Ventana inguratu behar da. Altuera gutxi igotzen da zeharkaldian. Atzean, aipatutako paisaia.

 Pruna eta Olvera herriak.

 Eta behean, gure eskuinean, kortijo bat.

 Zeharkaldi nahiko monotonoa, "eskoba" artean.

 Kardo ugari.

 Lepora heltzeko azkenengo zatian. Bidezidorra nabarmena da.




 Eta aurrean daukagu Terril tontorra. Artalde handia bere magaletan.



 Artaldea.

 EL TERRIL (1129m). Ordu t'erdi baino gutxiagotan.

 Tontorrean. Atzean, Torreón eta Grazalema Mendikatea eta lehen aipatutako herriak.

 Artaldea eta alboko mendia, Peñón de Algamitas. Gurea baino politagoa dirudi, baina 8 metro gutxiago ditu, beraz...

 Ez dugu denbora asko egin tontorrean. Bagoaz beheruntz, igoerako bide beretik. Tontorra ata artaldea atzean.

 Lora hauek sastraka artean bizi dira.

 Ventana mendatean.

 Eta behean dagoen errepidera jeistea falta zaigu. Lasai, eta ahal ditugun enborrei eutsiz, bastoien laguntzaz noski, lortu dugu ondo jeistea. Bi ordu eta 50 minututan egin dugu ibilaldi guztia. Orain turismoa!


IBILBIDEA




SETENIL DE LAS BODEGAS

 Herri oso dotorea eta turistikoa. Goiko aldan utzi dugu kotxea, eta beheruntz goaz, kale polit eta aldapatsuetatik.



 Cueva Alta. Herriko sakonena omen da. Eguerdia da eta itxita dago.

 Calle Sombra. Jendea dabil baina es dago masifikazio handirik. Garai ona aukeratu dugu itxuraz.

 Eta errekaren beste aldean, Calle Sol.







 Taberna honek hormetan dauka idatzita aintzinako historioa. Interesgarria!

 Eta guk bera aukeratu dugu bokatak jateko. Gustora, erreka ondoan.


 Errekak bereizten ditu Sol eta Sombra kaleak. Gu Sol-en gaude eta beste aldean, La Telera jatetxea. Baina ez gaude Pirinioan...


 Bazkaldu ondoren, pasiotxo bat kaleetatik. Oso herri polita.

 Oso lasai dago orain. Denak bazkaltzen...

 Berriz kotxeruntz. Grazalema-ra bidean, beste herri dotore bat ezagutuko dugu, Zahara de la Sierra.

 Hau da inguru hauetako paisaia.

ZAHARA DE LA SIERRA


 Beste herri Zuri bat. Muino harritsu baten babesean dago kokatuta, eta gainean, gaztelua. Hemen ere aldapa behetik goraino igotzeko.

 Hemen oso jende gutxi dabil. Siesta ordu da... Kale lasai eta garbiak.

 Buganbilak.

 Enparantza. Hemen daude lau bat jatetxe.

 Herria eta El Gastor urtegia behean. Hemen badago ura...




 Zahara-tik ondo ikusten dira Olvera herria eta Terril mendia.

 Oso kale txukunak eta lora asko leiho eta balkoietan.






 Eta herriko kaleetan gora eta behera ibili ondoren, kotxea hartu eta Grazalema-ra. Laugarren eta azken gaua igaroko dugu bertan. Asko gustatu zaigu Grazalema eta baita ingurua. Bihar Ronda-ra.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina