2018/11/19

MOTA CETÍN 1134 mt. Moandi Lepotik, Ponga eta Piloña artean.

2018-11-01 Domu Santuko zubia da eta Benia de Onís-era etorri gara hiru gau pasatzera bertan. Gaur, lehenbiziko eguna, hodeitsu esnatu da eta iragarpena ez da oso ona. Mila metrotik gora elurra dago eta dexente gainera. Ezagutzen ez dugun inguru baxuagora etorri gara, Moandi lepora. Gu Cangas de Onís-etik pasa ondoren, Ponga-ra sartu gara, Sellaño-ra eta ondoren Cazo-tik gora heldu gara Moandi-ra. Inguru ederra, abereak errepide erdian, eta natura topera.

Moandi mendatetik Tiatordos ikusten dugu. Mendi altuak hodeipean daude. Gutxienez aterri dago, eta mendia nahiko motza denez, eta orientazio aldetik ez duenez arazo handirik, animatuko gara. Ez dago beste kotxerik hemen, eta joan-etorri guztian ez dugu inor ikusiko.

Mendatearen beste aldean, Piloña. Bueltan, hortik joango gara, turismo apur bat egiteko asmoz.

Moandi-ko baserri-txabola eta larre ederrak.

Mendate bertatik atera gara, Fontecha-ra doan pista jarraituz. Atzean, Tiatordos eta La Llambría mendiak. Zerbait garbitzen hasi da.

 Mota Cetín gure aurrean agertzen den momentuan, pista utzi, eta hor ikusten den lepora igoko dugu ezkerretik. Pista toki berera heltzen da, baina izugarrizko itzulia ematen du, eta ez du merezi. Nahiko nabarmena da bidea. Gure tontorra beraz, garbi dago eta ez da ikusten elur askorik. Asmatu dugula dirudi...

Cazo eta Ponga aldeko baso eta paraje ederrak eta Tiatordos-La Llambría mendiak azken dekoratu bezala.
Moandi hor behean geratzen da eta ekarri dugun pista ikusten da. Hor eskuinean utzi dugu pista, zelaitik hona gora igotzeko.
Fontecha-ko belardietatik Mota Cetín. Apur bat gorago sartuko gara aurrean gaukagun basoan.
Tontor dotorea Cetín hau. Baina oraindik bere oinera heldu behar gara, eta hau izango da gaurko abentura handiena.


Fontecha lepoan. Pistatik atzeko tontortxo horretara igo dugu, apur bat jetsi ondoren, eta beste apur bat igo gero basora sartzeko.


Cetín-en azkenengo zatia. Basoan ez dugu argazkirik atera, nahikoa baigenuen oreka mantentzen. Izugarrizko lokatza aurkitu dugu eta zeharkatzeko behar izan dugun orduerdia abentura bat izan da. Itxuraz, ea beti dago lokatza baso honetan, eta aurreko egunetan egindako elur eta euriekin, pasada bat. Bestela, oso polita da basoa.



Horrelako seinale batzuk daude ibilbidea adierazten. Basoan ere badaude zuhaitzetan margotuta.

Hau da basoaren irteera. Orain berehala helduko gara mendiaren oinean dagoen Berroña lepora.

Berroña lepotik ikusten duguna. Europa Mendietako Cornión mendikateko tontor garaienak. Ezkerretik hasita, Traviesos, Cebolledas-Torre Santa María- Torre de Enmedio- Torre del Torco eta Maríak, Peña Santa, Torre de la Cabra Blanca,... Eguraldiak hobera egin du eta nahiz eta hodeitsu egon, paisaia ikusten da.

Berroña lepoa eta Mota Cetín. Marka zuri-horiak beste aldeko haranera jarraitzen dute. Hemendik aurrera mugarriak izango ditugu bidean. Ezkerretik igotzen da.

Baina igozten hasi baino lehen, ikuspegietaz gozatzen jarraitzen dugu. Canto Cabronero eta Peña Beza, Amieva eta Arcediano bide ezagunaren inguruak.

Lehen aipatutakoak, Peña Santa nagusi. Elur asko dago eta arriskutsua da orain hor ibiltzea, tenperaturak gora egin baitu eta elurra oso aldakorra dago.

Zaldiak lepoan.

Lepoan. Eskuinean Pierzo mendia, gero Carriá eta Cornión-eko tontorrak ondoren.

Bagoaz goruntz. Aldapa handia dago, baina ez dauka zailtasunik. Mugarriak ondo markatzen dute bidea. Goiko zati hau oso polita da.

Kanal batean sartu gara. Hemen hasten da elurra, baina oraingoz arazorik gabe.

Kanala oso dotorea da. Belarra oso labainkorra dago eta horrekin ibili behar dugu adi.

Kanalaren bukaera. Hemen elurra zapalduko dugu. Gero hor goian hormen azpitik jarraitu behar da, atzetik igotzeko tontorrera.

Hau da azkenengo zatia. Eskuak apur bat erabili behar dira, baina elurrik ez dagoenez, ondo igotzen da.
MOTA CETIN (1134m). Ez da mendi garaia, baina bai polita eta ikuspegi ederrekin. Cornión daukagu atzean.
VIZCARES Ibilbidea

TIATORDOS Ibilbidea
Pierzo.

Traviesos, Torre Santa María, Torre de Enmedio, Marías-Torre del Torco, Peña Santa. Behean, Ozanía ingurua.

Pierzo, Ponga-ko herrixka, baso eta haranak babesten.

Goiko zatia jeisten. Harkaitza eta belarra tartekatzen dira, eta adi ibili behar da zuloekin.



Pasarte polita goiko hormen azpian. Hor aurrean sartuko gara kanalean.

Kanaletik behera. Eskuinean horma ederrak ditugu gure gainean.

Kanalak beheruntz jarraitzen du, baina gu ezkerrera atera behar gara, aurreko harkaitz horren eskuinetik behera jarraitzeko.

Berroña lepoan gaude berriz. Carriá eta Cornión daude fondoan, baina orain hodei gehiagorekin. Basoko abentura geratzen zaigu ondoren.
Lehen esan dugunez, polita da basoa, baina orduerdiko arreta konstantea eskatzen du.

Hau da basotik irteterakoan gure oinetakoen egoera. Eta eskerrak bakarrik hori izan dela...

Cetín, Fontecha lepotik ikusita.

Piloña. Hortik jetsiko gara Arriondas-era.

Txabola dotorea mendatetik gertu.

Moandi-ko basoa, udazkeneko koloreekin.

Fontecha-ko pistatik behera, baso ederraren ertzetik.


Ederra.

Moandi-ko paraje zoragarria.


Bagaude mendatean. Hau da hartu behar den pista. Hiru ordu eta gutxi behar izan ditugu joan-etorria egiteko. Inguru ederrak ezagutu ditugu, eta horrelako eguraldi eta mendi altuen egoerarekin, ondo asmatu dugulakoan gaude. Orain turismoa Piloña-n zehar.

Bazkalostean Covadonga-ra hurbildu gara. Hemen, jendetzaz aparte, ura da nagusi.


Covadonga erreka urez gainezka. Euria ari du eta biharko ere euria dago iragarrita. Asmatuko dugu zerbait...

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina