2018/10/18

PEÑA VIEJA Fuente De-tik. La Jenduda-tik igo eta Hachero-tik jetsi.

Aurretik, hiru aldiz daukagu igota Peña Vieja, baina inoiz ez oraingoan bezala. Izasek ez ditu ezagutzen Jenduda kanala eta Hachero bidea. Horrela bada, zirkuito egokia iruditu zaigu Peña Vieja-ra igo eta jeisteko. Ibilaldi gogorra da, garaiera-aldea +- 1550 m-koa da eta, batez ere Jenduda kanala "potentea" da.
2018-09-14 Ostiral iluntzean heldu gara Fuente Dé-n kokatuta dagoen El Redondo kanpinera. Bertako tabernan afaldu eta aterpean lo egiteko. Garai honetan kanpinean dauden ea denak atzerritarrak dira eta aterpean gu biok bakarrik egongo gara. Behelainoa sartuta dago eta sirimiria ari du. Hau da aterpeko leihotik ikusten duguna...

Afalostean tabernan. Hamarretarako ohera joango gara, bihar eguna argitzen duenerako prest egoteko.

2018-09-15 FUENTE DE. Hau da goizeko 8:30n daukagun panorama. Behelainoa eta izugarrizko hezetasuna. Denbora apur bat egon gara zain, zalantza batzurekin, baina azkenean goruntz irtetea erabaki dugu. Argitasuna antzematen da goian...

Igotzen hasi eta berehala ikusi dugu goian argi dagoela. Liordes-eko tornoetara doan bidegurutzean, Remoña mendia hasi da agertu nahian.

Eta gutxira, behelainoak behean utzi eta hor daukagu Remoña mendia bere edertasunean. Goia erabat urdin ikusten da. Iragarpena horrelakoa da. Zeru urdina iluntzerarte.

Liordes-era doan bidea ezkerrean utzi eta Hachero jarraitzen ari gara. Gure aurretik bi mendizale doaz. Horiek Hachero-tik gora jarraituko dute. Argazkiaren erdian dago bidegurutzea, Jenduda ezkerrera eta Hachero eskuinera.

Behelainoak haranean eta 9etako lehenbiziko teleferikoa hodei artetik irteten. Horiek 5 minututan goian daude. Gu, ostera, bi ordu barru. Baina hau da gustatzen zaiguna. Atzean, Puertos de Salvorón, Escaño, Coriscao,...
Erdian, garaiena, Coriscao mendia.

Hemen utziko dugu Hachero bidea eta zuzen hartuko dugu Jenduda-ra iristeko. Honerarte bide ona izan dugu. Hemendik aurrera dator gogorrena. Mugarriak aurkituko ditugu toki "erosoenak" adierazten, baina garbi izan behar dugu zertara goazen eta burua motibatuta.

Kanalaren oinera heldu arteko eremua konplikatua da. Ez dago biderik eta harkaitz eta belar artean joan behar da igotzen, mugarriak jarraituz.
Kanalaren oinera heldutakoan, zerbait hobetzen da asuntoa. Orain, oso bertikala da eremua, baina igotzeko hobea.
Izugarria da zeharkatu behar dugu arrakala!

Kanalean sartu eta laster bloke batzuk pasabidea ostopatzen dute. 3-4 metro horiek gainditzeko soka-finkoa dago kokatuta. Harkaitza oso irristakorra da, eta nahiz eta oso zaila ez izan, oso ondo dator soka. Egoera onean aurkitu dugu guk.

Hau da tarte zailena, baina sokaren laguntzaz ez dago arazorik.

Pasarte horren ondoren, hormen ondoan dagoen pasabide estua aurkitzen da. Hor ere soka dago jarrita, baina ez da oso beharrezkoa.

Blokeak gainditu ondoren hau da gure gainean daukaguna. Orain dena da igotzea eta igotzea, ahal den toki egokienak hautatuz. Harri solte ugari dago.

Beheruntz begira. Oso berezia da horma hauen artean ibiltzea. Noski, biok bakarrik goaz. Hemen ez dago gero aurkituko dugun masifikaziorik.

Ondo ikusten da dagoen aldapa. Baina gozatzen goaz, Izas aspaldiko helburua gauzatzen.

Malda handia beti, ez dago atsedenik. Goiko zatian arrakalaren ezker aldera atera gara, apur bat erosoagoa iruditu zaigulako.

Arrakalaren irteeratik beheruntz begira. Iluntasunetik atera gara. Bi ordu behar izan ditugu igotzeko.

Jenduda-tik atera eta haran txiki hau daukagu. Aurrean agertzen dira Horcados Rojos, Picos de Santa Ana eta Coteras Rojas. Orain horruntz joango gara.

Jenduda arrakalaren irteera eta zelai ederra daukan harana. Sarrio ugari ikusi ditugu hemen.

Orain bide askoz lasaiagoa Lloroza-ko Zuloetara igotzeko.

Lloroza-n, Cable-tik datorren jendetzarekin topo egitera goaz. Horcados Rojos, Picos de Santa Ana eta Coteras Rojas-Peña Vieja-ren espoloi eta hormak ditugu parean.

Ezkerrean, Torre de Altaiz eta Madejuno ditugu. Mendi ezagunak eta dotoreak.

Lloroza-ko putzua eta Padiorna, Altaiz Dorrea eta Hoyo Oscuro Dorrea.

Tesorero. Piramidea!

Cabaña Verónica-ra doan bide nagusitik, Hoyo sin Tierra eta Altaiz-San Carlos, Torre del Hoyo Oscuro, Madejuno-Tiro Llago eta Peña Blanca. Tontor guzti horiek igota ditugu.

Cabaña Verónica eta Horcados Rojos-era doan bidea utzi eta Canalona-ra igotzen goaz. Hor dago Canalona lepoa eta bere eskuinean Coteras Rojas. Nahiko erosoa da igoera.
Canalona-ra igotzeko azken zatia. Bidezidorra dago harri solteen artean.

Canalona-tik, Collada Blanca erdian eta ezkerretik eskuinera, Torre Blanca, Tiro Tirso, Llambrión, Torre de las Llastrias eta Torre de la Palanca. Horiek ere igota ditugu.

Canalona orratza.

Gertu geratzen da Peña Vieja. Bagoaz...

Azkenengo igoera. Jende ugari ikusten da tontorrean.

Coteras Rojas eta Moñetas-era doan sakana eta Peña Castil. Atzean Cuera mendikatea eta behelainoak Kantauri itsasoan.

Azkenengo aldapari ekin baino lehen, Jenduda arrakalaren goiko sarrera ikusteko balkoi abantailatsua daukagu Coteras Rojas eta Peña Vieja-ren arteko lepoan.

Jenduda-tik Vueltona-ko bide nagusira heltzeko egin dugun ibilbidea, Lloroza-ko putzuak eta El Cable ezkerrean.

Peña Vieja-ra igotzen. Atzean daukagun espektakulua "kategoriaz kanpokoa" da. Coteras Rojas, Canalona lepoa, Santa Ana tontorrak, Tesorero, Peña Blanca-Llambrión-Palanca Dorrea,... Ezkerrean aipatutako balkoi abantailatsua.
Azkenengo txanpan, desnibela igartzen da, baina ondo heldu gara. Atzean, Tiros Navarro, Morra, Urriello, Torre del Oso, Carnizoso, Peña Castil,... Espektakiluak jarraitzen du!
PEÑA VIEJA(2617m). Lau ordu ingurutan igo ditugu 1550 metroak. Atzean, Llambrión-Palanca mendilerroa eta Peña Santa eta Cornión-eko tontorrak atzerago.

Horcada de Lebaniego, Morra-ren bi tontorrak eta Urriello (Naranjoa). Horietan ere egonda gaude.

Tesorero erdian eta Peña Santa eta bere sateliteak atzean. Eguraldia bikaina eta ikuspegia zoragarria.

Alboan zegoen Xanas mendi taldeko emakume batek esan zuen bezala, "hauxe da paradisua!!!" 20 bat minutu pasa ditugu edertasun honetaz gozatzen.

Jendea dago Urriello-ren tontorrean. Hor ikusten da hegoko horma. "Directa de los Martinez" bia arruntena erdi erditik doa.
Santa Ana bi tontorrak aurrean (ezkerrekoan mendizaleak daude), eta Torre Cerredo (jendearekin baita), Labrouche orratza eta Pico de los Cabrones atzean.

Baina oraindik erdia besterike ez dugu egin, eta beheruntzako bidea hartu dugu, igotako 1550 metroak jeisteko.

Goiko aldapa tentea jetsi dugu eta Canalona-ra goaz.

Canalona lepoko irtengune tentea jeisten. Bidezidor sigi-sagatsua horma hauetatik irteteko.

Atzean geratzen dira Canalona orratza, lepoa eta Coteras Rojas mendia.

Vueltona-ko bidean. Llorozako lakua eta Jenduda-ren ahoa.

Vueltonan, Peña Olvidada-ren hormen azpian. Hemen hankak apur bat erlaxatuko ditugu, bide oso erosoa baita. Cable-raino helduko gara eta bertako tabernan ogitartekoa eta garagardo freskoa hartuko ditugu.

Ondoren, eta teleferikoa alde batera utzita, Hachero bidetik behera hartu dugu. Hau da Fuente Dé-ko km bertikalean egiten duten igoera, eta ondorioz, oso zapalduta dago orain bidea. Baina desnibela hor dago...

Lehenbizi kanal batetik behera egiten da. Zati honetan goitik botatako kristal eta zerrikeria ugari dago. Nahiko lotsagarria.

Fuente Dé, 800 metro beherago. Kotxez beteta. Goian ikusi dugun jendetzarekin normala. Mendizale asko baina mendizale itxura gutxi duten ugari baita. En fin...





Oraindik nahiko goian gaude eta aurrean ikusten dugu Celá kanala. Hau da teleferikorik gabe igotzeko beste aukera bat. Bere gainean dagoen Padiorna mendiaren oinera ateratzen da. Atzean, Remoña, Torre Salinas eta Torre del Hoyo de Liordes-Olavarria.

Hau da guk jarraitu behar dugun bidea. Malda handia, baina bide oso markatua.

Gure gainetik pasatzen da teleferikoa. Beheruntz doazenak lepo beteta doaz.

Gu bitartean gure bidea egiten. Aurrean Valdecoro mendia.

Cablea goian eta orain arte jetsi duguna.

Valdecoro lepotik datorren bidezidorrarekin topo egiten duenean, norabide aldaketa eta dena eskuinerantz, hor behean dauden meategien aztarnetatik igarotzeko.

Aldapa belartsua.

Gure gainean daukagun katedral naturala.

Izugarria da ingurua.
Ezinezkoa dirudi hortik pasatzea, baina bidezidorra dago, eta garai batean meatzariak hemen lana egin eta bizi ziren. Txabolen aztarnak ikus daitezke bide ertzean.

Eskuineko lepo belartsutik jetsi eta zirko guzti hori zeharkatu dugu altuera mantenduz.

Laster helduko goizean hartu dugun bidegurutzera, zirkuitoa itxiz. Aurrean ikusten da Jenduda-ra joateko igo behar den aldapa, gero arrakala eskuinean kokatzen da. Zuzen gora jarraituz, Celá kanalera joaten da.

Eta Fuente Dé-tik zirkoko hormak igo eta jeisteko erabili ditugun tokiak ikusten. Zortzi bat orduko ibilaldi gogorra izan da, baina erabat gustokoa eta zirraragarria. Zati horietan, igotzerakoan bi mendizale eta jeisterakoan hiru ikusi ditugu. Vueltonan eta Cablean jende izurritea, baina hori betikoa da... Oso pozik bukatu dugu biok.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina