2024/09/15

⛰️SANT JERONI 1237 mt. eta ⛰️ALBARDA CASTELLANA 1174 mt. MONTSERRAT

 2024-08-01 Gaur goizean Bartzelona-ko aireportura joan behar izan gara semea eta bere bikotea eramatera. Horren ondorioz, Montserrat-eko ostatu batean gaua pasatzeko oparia egin digute.

Ez dugu ezagutzen Montserrat, eta harrituta geratu gara. Jendetza, erabat turistikoa, aparkatzeko dirutza ordaindu behar, nahiz eta bertako ostatu batean lo egiteagatik deskontua izan, afaltzeko hoteletako menu garestiak besterik ez,... 

Azkenean ezagutu dugu eta polita da, baina errepikatzeko ez. Edo bestela beste era batetara antolatuta. Beheragotik igo, mendi irteera egin eta berriz behera bueltatu, edo horrelako zerbait.

 Montserrat-era igotzeko errepidetik ikusten duguna. Era guztietako Monolitoak.

 Begi triangeluarra hormetan.

 Eta bertan gaudela, arratsaldeko azken orduak ingurua apur bat ezagutzeko baliatu ditugu. Bero handia egiten du, baina orain hasi da goxotzen.

 Monastegia eta Monolitoak gainean.


 Eskalatzaileentzat inguru aproposa. Aukera asko daude, baina guk biharko eguna bakarrik daukagu, eta ezingo dugu asko egin.

 Monastegia.

 Monastegiko patioa.

 Gainean dauden Orratzak. Bihar beraien azpitik ibiliko gara.


 Ilunabarrerako jende gehiena desagertu egin da eta lasai ibiltzeko aukera daukagu. Baina bihar goiz altxatzeko asmoa daukagu, beroak ez astintzeko gehiegi, beraz, nahiko goiz erretiratuko gara.


-----------------------------


 2024-08-02 Goizeko 7etan gozaldu eta prest gaude mendi buelta egiteko.

 Dena dela, eguzkia hasi da ateratzen.

 Hemendik abiatuko gara, Montserrat-eko tontor garaienera igotzeko asmoz.


 Hau da abiapuntuan dagoen mapa. Esan bezala, aukera asko daude, eskalatzeko hormak, ferratak, eta oinezko ibilbideak ere bai. Guk zerbait laburra nahi dugu, eguerdirako bukatzeko. Horrela Mapa-ko 1 ibilbidea egingo dugu, baina igo eta jetsi toki beretik.

 Eskillaren bidea deitzen zaio, eta hasieratik eskilleretatik gora goaz. Ia bi mila dira goruntz, eta beste hainbeste beheruntz.

 Sakan batetik doaz eta horri esker, zati handiak izango ditugu itzalean. Honen ondorioz erabakai dugu gero, bertatik jeistea.

 Ez gara bakarrak ibilbidean. Jende asko doa goruntz, eta korrikolariren bat beheruntz ere.



 Atzean uzten ari garena. Sakaneko itzalean gabiltza.

 Pas dels Francesos-en. Estua da baina ez dago arazorik.

 Gure ezkerrean ditugun monolitoak.

 Eta gu eskillaretatik gora, Santa Ana inguruan.

 Serrat dels Pollegons-eko monolitoak.

Itxura bereziko beste monolito hau gure eskuinean dago. Gustora goaz monolito guzti hauen erditik.

 Sant Jeroni-ko bide zaharretik goaz.

 Sant Jeroni baseliza. Hemendik laister heltzen da tontorrera.




 Ikusten dugu tontorra. Oraindik ez dago masifikatuta. Jeisterakoan jende gehiago ikusiko dugu igotzen, asko Sant Joan-eko teleferikoan igota.


 Azkenengo zatian ere, nola ez, eskillarak.

 SANT JERONI (1237m). Ordu t' erditan behetik. Montserrat-eko tontor garaiena da. Alboan dauden monolitoak.

 Hor ikusten da ekarri dugun ibilbidea. Gero, bertatik jetsiko gara. Basotik doa eta itzala eskertzen da.

 Monolito dotorez inguratuta gaude. Eta jende gutxi oraindik.

 Iparralderuntz dauden amildegiak.


 Ondorengo helburua. Mendizale batzuk ikusi ditugu hor goian, eta guk ere igotzea pentsatu dugu. Jeisten ari ziren batzuk trepada eta sokaren bat gainditu behar direla esan digute. Hori gustatzen zaigu, beraz, aurrera.

 Hau da lehenbiziko pauso apur bat teknikoa, hormaren azpian egin behar den zeharkaldia. Ez da zaila. Atzean, duela gutxi geunden Sant Jeroni.

 Goiko hormara heltzeko soka finkoz babestutako kanal txiki bat.

 Eta goiko horma gainditzeko beste soka finko bat. 3-4 metroko trepada da eta hemen sokak laguntzen du.


 Horma gainditzen. Honek ikutu berezia ematen dio igoerari.

 L'ALBARDA CASTELLANA (1178m). Entretenigarria.

 Tontorreko plaka. Altuera ez dakigu ondo daukan, baina berdin da.

 Toki guztietara begiratu eta Monolitoak!

 Forma eta itxura askotako monolitoak.

 Hau benetan berezia.

 L'Albarda-ren bigarren puntan.

 Tontor nagusitik bigarrenaren ikuspegia.


 Beheruntz. Destrepe txikiak goiko aldean.

 Horma jeisteko soka-finkoan.

 Jeisteko oso lagungarria da soka.


 Hormaren azpiko kanalean.


 Beheko bidean gaude dagoeneko. Merezi izan du L'Albarda-ra igotzeak. Bestea baino interesgarriagoa eta bakartia.

 Hori da L'Albarda, sakaneko bidetik ikusita.

 Pla dels Ocells aldeko basoan. Sant Jeroni-ko bide zaharrean gaude berriz.

 Francesos pasabidera sartzen.


 Pasabidean, eskillarak jeisten.

 Eta Montserrat Monastegira heltzen. Azkenean hiru ordu t'erdiko ibilbidea egin dugu eta Montserrat-eko inguru berezia apur bat ezagutzeko balio izan digu. Behin Monastegia eta bertan dagoen parafarnelia turistiko-erlijiosotik aterata inguru oso ederra da. Udan beroa, hori bai.

IBILBIDEA HEMEN