2015/05/17

El CALAFATE, PERITO MORENO Glaziarra. (ARG)

Apirilak 11. EL CALAFATEn gaude, Argentinan. Atzo Painetik Natales-era heldu ginenean, ozta-ozta lortu genuen gaurko autobuserako tiketak hartzea, lau bakarrik geratzen ziren eta. Horrela, gaur goizeko 8:30tan hartu dugu busa Natales-en eta Dorotea-ko muga igaro ondoren, El Calafate-ra heldu gara eguerdiko ordubiak aldera.

Hemen Moreno Peritoarekin gaude. Calafatera heldu bezain laster, bihar Perito Morenora joateko buseko tiketak erosi ditugu, eta baita gero arratsaldean El Chaltén-erakoak ere. Dena martxan dihoa, beraz.

Francisco Pascasio Moreno peritoa, zientifikoa, naturalista, politikoa, geografoa, esploratzailea,... denetarik egiten zuen gizonarekin.

El Calafate, Argentino lakuaren ertzean dagoen hiri turistikoa da, hemen baitago Los Glaciares Parke Nazionala eta honek jende asko erakartzen du. Mendiz inguratuta dago, eta paisaia izugarria da. Orain gainera, oso lasaia dago dena, denborada altua bukatu baita.

Apirilak 12. Perito Moreno glaziarrera dauden 80 km-ak oso gustora egiten dira. Errepidea Argentino laku ederraren ertzetik eta baso dotoreen artetik dihoa, eta nahiz eta glaziarra azkenengo momenturarte ez ikusi, paisaiak zoragarriak dira.

Argentino lakua. Brazo Rico.

Argentino lakua. Canal de los Témpanos.

Heldu gara Perito Moreno glaziarrera. Los Glaciares parke nazionalean gaude. Ez dago jende askorik, eta eguraldi bikaina daukagu. Gozatzera!



Canal de los Témpanos aldera dauden izotz hormak.





Brazo Rico aldera dauden izotz hormak eta Cerro Moreno gainean.


Cerro Dos Picos, eta ezkerrean, Pietrobelli oraindik estalita.




2010. bukatu zituzten bisitariak glaziarra era egokian ikusteko pasarelak. Oso "montatuta" dago dena, baina aurrean daukagun espektakulu natural izugarriak hau minimizatu egiten du.






Tarteka, baina maiztasun handiz, izugarrizko eztandak entzuten dira. Izotz zati handiak erortzen diren seinale.


Orduak pasatzen diren heinean, izotzak gero eta kolore urdinagoa hartzen du.



Izotzaren tono urdinak eta alboko basoen udazkeneko koloreek konposaketa bikaina eskeintzen dute.

Hotza ere egiten du, baina hala eta gustiz hor jarraiten dugu. Askenean bost ordu baino gehiago egin ditugu, baina ez gara batere aspertu. Hain ederra da begi bistan daukaguna!

Ur azpitik atera diren izotz zatiak.





Argentino lakuko Canal de los Témpanos eta Avellaneda penintsulako mendiak.


Dos Picos mendia eta glaziarra.

Azkenengo begiradak.



Berriz autobusean. Brazo Rico eta, fondoan, Paine ingurua. Calafate-ra arratsaldeko 17:30an helduko gara eta ordu bat beranduago El Chaltén-erako busa hartuko dugu. Ezin gara geldi egon!
Perito Moreno, Los Glaciares Parke Nazionala osatzen duten glaziarretako bat da. Denen artean 17000km-ko  eremua duen Hielo Continental Patagonico osatzen dute. Hau da edateko uraren munduko erreserba handienetako bat, Antartika eta Groenlandiarekin batera. Baina iriste erraztasun handiena duena hau denez, bisitarientzat egokituta dago eta milaka dira urtero bertara gerturatzen direnak. Hala eta guztiz ere, ezagutzea merezi duen tokia da. Guk behintzat asko gozatu dugu.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina