MENUA

2017/05/29

IRUBELAKASKOA, BARDA , GORRAMAKIL 1087 mt

2017-05-07 AMAIUR, Baztanen. Goizean goiz herri historiko honetara etorri gara, bertatik mendi ibilaldia hasteko asmoz. Ez genuen ezagutzen, eta zerbait ikusteko baliatu dugu orduerdi bat.

Elizako arkupeak.


Dotorea da kale nagusiko sarrera.

Jakes iturria.

Itzulegi lepora igotzeko bidearen bila. Baina halako batean, berandutu egin zaigula konturatu gara, eta berriz kotxera itzuli gara. Kotxez joan gara Otsondo mendatera eta handik Itzulegi leporaino.

Irubelakaskoara joatea da asmoa. Behin bakarrik gaude bertan egonda (aspaldi, nola ez), eta Sumusukobordatik abiatuta, Asfodeloen zirkotik, Anguloren aintzinako liburuetan zioena jarraituz. Gaur hegoaldetik dihoan bidea ezagutzea nahi dugu. Olaintzingo lepora doan galtzada itxurako bide dotorea jarraitzen.

Olaintzingo lepora heltzen.

Bertako biztanle bat eta noizbehinkako nomada bat.

Gorramakillen azpiko basoan sartu gara. Izugarri ederra iruditu zaigu bide hau. Gainera udaberria bete betean agertzen da.


Horrelako lau edo bost errekatxo zeharkatzen ditu bideak. Ur gutxi daukate, baina hala ere politak dira.


Atzera begira, zeharkatzen ari garen pagadia eta Olaintzingo Harria eta lepoa eskuinean.

Pagadian ere tarte batzutan oso ondo mantentzen da galtzada. Asko gustatu zaigu basoko ibilbidea.

Gorramakil eta Barda mendien artean dagoen Burdingurutzeta lepora atera gara, eta Gorostiko lepoa eta Irubelakaskoa ditugu aurrean.

Gorostiko lepoa eta Irubelakaskoa. Aurrean, Enterramenduko Kaskoaren muinoa dago. Horra igo eta ondoren ertzetik joango gara tontorrera.

Ezkerrean daukagun pagadia.

Enterramenduko Kaskoan. Muino horretara igo eta ertza jarraitzea da geratzen zaiguna.

Hemen aterako gara ertzera.

Behin ertzera irten, Urritzate harana daukagu gure eskuinean (Iparlaren azpian).
Putre batzuk hasi dira beraien hegaldi dotoreak eskeintzen.
Ertzetik gora. Oso dotorea eta erraza da. Ezkerrean Aritzakun, eta eskuinean Urritzate. Paraje idilikoak...
Eta hau atzean utzi duguna. Itzultzerakoan pasako gara bi tontorretatik.

Asfodeloa.
Urritzate aldera erortzen den magala da hau. Asfodeloen zirkoa beste aldean geratzen da, Aritzakun aldean. Baina hemen ere badaude asfodelo batzuk.


Ezkerrean, Itsusiko Haitzak, Artzamendiren azpian. Ah ze nolako gogoetak burura! Haurdun eta aitxitxa-amamekin hortik...

Aritzakun harana zuloan eta Larrun eta Lapurdiko kostaldea atzean.

IRUBELAKASKOA edo ALKAXURI (965m). Aurrean, Iguzkimendi, Artzamendi, Itsusiko Haitzak, eta Urtsumendi fondoan. Batzuk Euskal Herriko mendi ederrena dela diote... Ez dakigu hainbestekoa denik, asko baitaude oso ederrak, baina multzo handi horretan sar daiteke, bai.

Itzulera ertza jarraituz egingo dugu. Aurrean, Auza mendia.
Ondoren egingo duguna. Lehenbizi Bardara igo, eta Gorramakillera ondoren.

Gorostiko lepotik zuzenean Bardara igotzen. Zuloan, Urritzate harana.

BARDA edo AKOMENDI (949m). Kanpaia joko dugu. Atzean, Irubelakaskoa.

Aritzakun harana Artzamendi eta Irubelakaskoa artean. Asfodeloen zirkoa erdiko magal horretan dago.

Zaldi fotogenikoa.

Bardatik Burdingurutzeta lepora jetsi eta Gorramakilera igotzen hasi gara.

Hau bai ez dela mendi polita, errepidea bertaraino heltzen baita, baina buzoia bai da dotorea.

Gorramakilletik zuzenean jetsi daiteke kotxea daukagun ingurura, baina gu berriz Burdingurutzeta lepora itzuliko gara, hainbeste gustatu zaigun pagadi ederretik itzultzeko. Beraz, Irubelakaskoa daukagu berriz parean.

Iparlaren mendilerroa Urritzate haranaren gainean.

Eta pagadian gozatzen.




Olaitzingo lepoan biztanle gehiago daude orain. Hemendik Itzulegi lepora berehala jeisten da. Asko gustatu zaigu Irubelakaskoara igotzeko ibilbide hau, eta seguruen, hirugarren aldi bat ere izango da. Espero dugu hainbeste urte ez pasatzea...
Hau da hasieran genuen plana. Ez da horrela izan, baina berdin da. Gozatu dugu!

2017/05/24

ABODI eta IDORROKIA. Tapla Mendatetik.

2017-04-29 Tapla mendatean gaude goizeko 10etan. Ez dakit egun aproposa aukeratu dugun hor goian ibiltzeko. Hemen haize oso bortitza dabil, beraz, goiko lautadan ez da giro izango seguruen. Ez gara inoiz egon Abodin eta ezagutzera etorri gara.

Balizak mendatean. Ezker aldea eta Irati ezagutzen ditugu. Gaur, Paso de las Alforjas aldera.

Berehala igotzen da Tapla gainean dagoen IDORROKIA (1492m) tontorrera. Atzean, Okabe eta Eskaleras mendilerroa. Haizea gatik ez balitz, eguraldi bikaina, baina haizea oso zakar dabil.

Orhi. Abodira heldu arte hor izango dugu parean.

Irabia urtegia eta Iratiko basoak, Mozolo eta Mendizar eta Errozate atzean.

ABODI O. (1492m)-era heltzen. Aurrean, Belagua eta Zurizako gailurrak.

Baina tontor nagusia urruti dago oraindik. Ibilaldia ez da oso interesgarria, lautada bat baita, eta joan eta joan, haizearen aurka borrokan gainera. Eskerrak ikuspegiak dotoreak direla...

Alforjas igarobideko balizak. Badaude aukerak...

Ezkerrean Okabe daukagu, eta Iratiruntz doazen markak.

Goiko eta beheko basoen arteko kontrastea. Irati.

Hego haizeak sortutako hodeiak.

Orhi, gero eta gertuago.

Heldu gara ABODI-ko tontor nagusira (1533m). Ea ezinezkoa da zutik egotea, beraz eseri egin behar. Orhi atzean.

Anie, Anielarra, Billareak, Pène Blanque, Hiru Erregeen Mahaia.

Itzultzeko, Irati aldean dagoen basoaren ertzera jetsi gara, babes bila.

Abereen bidezidorrak jarraituz, askoz lasaiago joan ahal izan dugu.



Basoa.

Baina, basoa gero eta beherago geratzen da eta Alforjas igarobidera igo dugu berriz. Hemendik, Castillo de Acher, Alano, Peñaforca, e.a. Ekaitza ari da prestatzen.

Belagua eta Zuriza-Linza aldeak.
Eta lehengo bidea deseginez, Tapla mendatera itzuli gara, ekaitza lehertu baino lehenago. Goñiburu, Taplaren beste aldean. Euriak, taberna batean ogitartekoa jaten hartu gaitu.