MENUA

2017/10/20

LAVALLE, MOSQUITERU, PEÑAS GORDAS (Pipiones Alto), PORRACOLINA. Zirkularra Socuevatik. ASON.

2017-10-07 Socueva-n gaude (325m). Ason harana behelainopean. Gaurko plana Lavalle eta Mosquiteru mendiak igotzea da. Ondorengoa gero erabakiko dugu, edo toki berdinetik itzuli edo Porracolina-ra jarraitu ondoren Ason-era jeisteko. Porracolina eta Ason-era daukan jetsiera ezagutzen ditugu aurretik.

Hauzoaren sarreran utzi dugu kotxea. Parean daukagu Peña Rocías-Mortillano mendilerroa.

Hauzoko txakurren laguntza daukagu bertatik irten arte.

Socueva-ko baserriak eta Ason harana behelainopean.

Lavalle tontorreraino Marka horiak eta txuriak jarraituko ditugu, bertako Ibilbide bat delako. Socueva behean uzten. Hauzotik gora kotxez igo daiteken pista bat dago ermitako aparkalekuraino.

Pistaren bukaeran, markak utzi eta oso gertu dagoen San Juan ermita bisitatzera etorri gara. Hormen azpian dago kokatuta eta hau da bere ataria.

Ermita bera hormetan sartuta dago, eta barru barruan altare txiki bat dago Ama Birjinarekin.
Altarera heltzeko ferra formako arku bat zeharkatu behar da.

Ezkerrean ermitara sartzeko atea eta hau kanpoko ataria, egurrezkoa. Kuriosoa eta interesgarria da. Batzuk IX mendekoa izan daitekela diote, nahiz eta bisigoduen garaikoa ere izan daitekeen, VI. edo VII. mendekoa.

Kanpoko ate buruduna. Tokiak merezi du ezagutzea. Bidetik gertu dago eta ondo markatuta dago dena.

Ermita bisitatu ondoren gure ibilbidearekin jarraitu dugu. Marka hori eta txurietara itzuli eta azkenengo txabolara helduko gara berehala.

Gaztainondo ugari dago inguruan, eta gaztaina asko daude lurrean. Udazkena!

Hau da orain igo behar dugun aldapa, goiko eskuineko lepora irteteko. Beste aldean Buzulucueva-ko txabolak aurkituko ditugu.

Bidea oso ondo mantentzen da hemen, zati askotan harriztatua.

Bide sigi-sagatsua eta erosoa igotzeko.

Eguraldi aparta eta inguru ederra.
Altuera irabazten dugun heinean, ikuspegiak zabaltzen dira. Gu eguzkitan gauden bitartean, Arredondo eta haranak oraindik hodeipean. Eskuinean Rubrillo mendia.
Igotzen ari garen bidea oso ondo trazatuta eta dagoen aldapari ondo egokituta.

Socueva-ko txabolak behean geratzen dira.

Panoramaz gozatzen.

Lepora heldu eta berehala Buzulacueva-ko txaboletan gaude. Orain Bustablado aldera pasatuko gara.

Orain zati bat pista lokaztu batetik egingo dugu. Ezkerrean txabola multzo polita, baina zoritxarrez, egoera nahiko txarrean gehienak.

Pistan adi egon behar da, momentu batean pista eskuineruntz doanean, utzi eta ezkerrera hartu behar da, mendiruntz. Bi mugarrik markatzen dute sarrera. Sastraka artean doan bidezidorra jarraitu behar da. Mosquiteru eta Peñas Gordas-en mendilerroa ditugu goian.

Pista utzi dugunean, artzai gazte horrekin egin dugu topo. Bere behiak zaintzen ari da eta elkarrizketa luzea izan dugu berarekin. Socueva-koa da. Artzai gutxi geratzen direla eta goiko txaboletan ez dutela gaurik igarotzen esan digu, eta baita Asón-etik Socueva-ra badagoela joaterik mendiz, eta berak askotan egiten duela. Orduerdi behar duela bide hori egiteko... Hau entzun ondoren, nahiko garbi daukagu zirkularra egingo dugula eta Porracolinara jarraituko dugula.

Hortik aurrera erabat aldatzen da terrenoa. Lapiaz eta dolinaz osatutako inguruan sartzen gara, baina zorionez, bidea oso ondo dago eta nahiz eta gogorra izan lekua, nahiko ondo igotzen da.

Dolina bat inguratzen. Markak asko laguntzen dute hemen.

Putrea muino baten gainean. Ondo kontrolatuta gaude.

Santander eta bere badia.

Paraje hau izugarria da. Bidea, toki batzutan, galtzada bat dela dirudi.

Ondo begiratu behar da lurrera, ea non zapaltzen dugun.


Lapiaz arteko pasabidea. Irteten ari gara dolina eta karst ingurutik.

Berehala ikusiko dugu harkaitz hau. Bidea jarraituz eskuinera Mosquiteru-ra joateko da. Baina gu lehenbizi ezkerrean geratzen den Lavalle-ra joango gara.

Orain belardietatik goaz, baina hemen ere zulo ugari dago belar artean kamuflatuta.

Atzean uzten ari garena. Gero hortik joango gara.

Arredondo-ko etxeak ikusten ditugu 800 bat metro beherago.

Gertu daukagu Lavalle tontorra. Hemendik ez da asko nabarmentzen baina beste aldera amildegi ederra dauka.

LAVALLE (1035m)-tik Socueva eta Arredondo "La capital del mundo".

Mosquiteru eta Peñas Gordas eskuinean (gure ibilbidea) eta Colina ezkerrean. Ezkerreko malda horietatik egiten dute Mosquiteru-ko Km Bertikala.

Asón harana eta La Sía mendatearen inguruak. Desagertu dira behelainoak. Gero, eskuinean kerizpean ikusten den sakan horretatik jetsiko gara Asón herrira.



Lavalle-tik markak utzi ditugun bidegurutzera itzuli eta Mosquiteru-rako bidezidorra hartu dugu. Baina markak hemen bukatzen dira. Hemendik aurrera, intuizioa behar da bide egokiena hartzeko. Abereen bideak daude, baina ez garbia den bat. Dena dela, eguraldi honekin ez dago arazorik.


Lavalle atzean eta behean geratzen da. Mosquiteru-ra igotzeko hartu dugun kanal belartsuan. Aldapa handia.

MOSQUITERU (1206m). Atzean, Mortillano eta Peña Rocías. Dorre baten gainean gaude.

Beste aldera jetsi ondoren, hobeto ikusten da Mosquiteru dorrea.

Mosquiteru.  Ezkerretik destrepatu ditugu irtenguneak.

Mosquiteru atzean utzi eta Alto Pipiones edo Peñas Gordas-en ertza jarraitzen ari gara. Luzea egiten da zati hau eta ez da oso erosoa bertatik ibiltzea, zuloak baitdaude.

Alto Pipiones-eko tontorrera heltzeko, lapiaz arteko pasabide batzuk zeharkatu behar dira, baina hemen mugarriak daude berriz toki egokienak markatzeko.

ALTO PIPIONES-etik Santander eta badia.

Santoña eta Laredo, Buciero mendiarekin.
Aurrean daukagu Porracolina.

Baina oraindik Alto Pipiones-en zeharkaldia bukatu eta Pipiones lepora jetsi behar dugu.

Porracolina-ra igotzen, eskuinean Mortero-ko txabola bat ikusten dugu. Amodioa dago hor!

Mortero.ko txabola multzoa. Toki zoragarria.

PORRACOLINA (1414m). Atzean, Eurapako Gailurrak ditugu. Bigarren aldia da hemen gaudela. Aurrekoan, Bustablado-tik igo eta Asón-era jetsi ginen, ondoren Arredondo-ra joan eta Bustablado-ra itzultzeko. Gaur bide berritik etorri gara, eta Asón-era daukagun jetsiera ezagutzen dugu. 1200 metroko jetsiera gogorra! Gero Socueva-ra itzultzea geratuko zaigu.


Ikuspegiak ederrak dira. Miera harana behean eta Pas haranaren gainean dauden Castro Valnera, Picones de Sopeña, e.a.

Colina eta Peña Lusa atzean.

Zuzenean jatsi gara Alto de la Mina-ra ezkerreko espoloitik.

Alto de la Mina-n, Porracolina-rekin.

Hemendik jetsiko gara. Sotombo-ko txabolak lehenbizi, Helguerón-ekoak ondoren eta zuloan Asón. Aurrean, Peña Rocías, Mortillano eta Mazo Grande.
Sotombo-ra jeisten horma kuriosoen ondotik.

Sotombo-n. Badaude toki hobeak atsedena hartzeko, baina...

Sotombo-tik behera, bidezidorra gero eta estuagoa eta malda gero eta handiagoa.

Helguerón-eko txaboletatik behera, bideak izkintxo bat egiten du gure gainera erori behar dela dirudien harkaitz horren azpitik igarotzeko. Muino baten espoloi bat da. Hemendik behera, bidea berriz argiagoa da, eta nahiz eta malda handia izaten jarraitu hobeto jarraitzen da.

Chumino-ko txabolak Rolacías sakanean. Horra jetsi eta basoan sartuko gara.

Lehen aipatutako muinoaren espoloi horren azpitik igaro gara.

Tximinia-diedro dotorea gure eskuinean daukagun sakanaren gaineko hormetan.

Basoan. Eskertzen da itzala.

Ari gara Asón errekara heltzen. Mortillano-ren hormak parean.

Rolacías sakanaren oinean dagoen baserrietako bat. 210 metrotara gaude.1200 metroko jetsiera bukatu dugu. Orain Asón herrira igo eta Socueva-rako bidea aurkitu behar dugu.

Asón-etik, Lavalle eta Mosquiteru. Herriko tabernara sartu gara garagardo bat hartu eta informazioa eskatzera. Bertako biztanleak zeuden eta Socueva-ra joateko bidea badagoela, baina inork ez du ezagutzen nondik den eta nola dagoen. Noski, errepidetik ez dugu nahi. Azkenean, tabernako nagusiak esan digu nondik hartu behar dugun. Eskerrak...
Km bat inguru errepidetik egin ondoren, ezkerrean errekera jeisten den bide bat hartu dugu, oilasko enpresa baten ondotik, erreka zeharkatu eta Val de Asón-era igotzen duen errepidera atera gara. Berehala heldu gara Mosquiteru-ren azpian dagoen Val de Asón-eko baserrietara. Bertan aurkitu ditugun bi biztanlek, egiten ari garena esan ondoren, zorotzat hartu gaituzte. Zer egingo dugu ba? Azkenengo baserrirarte pistaz etorri ondoren, mendiko bide dotorea hartu dugu Socueva-ra igotzeko.

Coventosa kobazuloaren ondotik igarotzen da. Ez daukagu astirik gehiago sartzeko.

Eta bai, bidea badago, eta oso polita iruditu zaigu. Igotzen doa, baina oso lasaia eta erosoa da eta oso garbia gainera. Baina artzaiak esan digun orduerdia ondo gainditu dugu guk... Dena dela, oso gustora bukatu dugu ibilaldi dotore hau. 8 ordu eta erdi  behar izan ditugu, erritmo lasaian eta gozatzen.