2023/08/14

⛰️COLLARADETA 2729mt ⛰️EL FRAILE 2705 mt

  Villanúa inguruko beste bi tontor berri ezagutzera goaz gaur. Oso jende gutxi ibiltzen da paraje hauetan. Dabiltzan gehienak Collarada edota Espata-Bacún aldera doaz.

 2023-07-23 LA ESPATA(1680m). Aurten dagoeneko pare bat aldiz ibili gara inguru honetan, bietan Fuente del Paco-tik abiatuta. Gaur desnibel handiagoa genuela eta, atzo baimena eskatu Villanúa-ko turismo bulegoko web orrian eta pistako 10 km latzak egin ondoren kotxez, hona heldu gara. Egunean 5 kotxerentzako baimena ematen dute. Goizeko 8,10ean abiatu gara hortik.

 Espata-ko aterpea. Baimena honeraino etortzeko da. Hau eskuinean utzi, eta pista jarraitu dugu Trapa-runtz, baina ehun metro eskas.

 Mugarriak eta pintura markak daude pista uzteko tokian. Hauek izango dira gure adierazleak goiko aldera atera arte.

 Pinadian zati lasaia igaro ostean, malda handitu egiten da horma horietara heltzeko. Igarobide bakarra dago horma gainditzeko. Baina bidea oso ondo dago balizatuta.

 Aurrean daukagu pasabidea. Katea dago jarrita. Hemendik gora aldapa oso handia izango da.

 Hau da pasabidea, goitik ikusita. Katea landaretza artean dago. Igotzeko ez da oso beharrezkoa, baina jeisteko laguntzen du.

 Pasabidetik irteten.

 Hortik atera eta zati oso tentea dator sakan honetatik gora.

 Aldapa latza dago hemen. Bidezidorra garbia da eta eskerrak.

 Lorategia da inguru guzti hau.

 Hormen gainekaldera irteten.

 Lehenbiziko zatia bukatzen. 300 bat metro gainditu ditugu denbora gutxian. Hemendik gora mazel nahiko monotonoa izango dugu, mendien oinera heldu arte. Mugarriak eta balizak ondo jarraitzea garrantzitsua da. Hau behelainoarekin ez da oso ona izango...

 Ezkerretik atera gara mazelera. Hemen dena goruntz, baina zerbait eskuinera eginez. Beti mugarriz, mugarri. Zuloan, Villanúa.

 Gure eskuinean, duela gutxi igotako La Espata eta Bacún mendiak. Hodeiak daude hor zehar.Espata eta Bakun ibilbidea

 Monotonoa zati hau. Aldapa ez da leuntzen. Toki batzutan ez da erraza bidezidorra jarraitzea, eta mugarrien laguntza ezinbestekoa da.

 Gaur daukagun eguraldiarekin ez daukagu arazorik posteak ikusteko.

 Mazelaren goiko aldera heltzerakoan Collarada agertzen zaigu gure ezkerrean.

 Hemen, Collarada ezkerrean eta gure lehenbiziko helburua Collaradeta eskuinean. Bien artetik igaroko dugu azkenengo zatira.

 Collaradeta eta Somola mendilerroko tontorrak.

 Hurrengo helburua aurrean daukagu, Abete igarobidea. Eskuin aldetik helduko gara bere oinera. Gero, Ip lepora igo gabe, eskuinera joango gara. Collarada da hemengo nagusia. Mendizale bat bakarrik ikusi dugu bertara joaten hemendik.

 Abete Igarobidera heldu eta sarrio talde handi bat ikusi dugu Ip mendilerroan.

 Lehen aipatu bezala, gu orain eskuineruntz goaz, harkaitz artean dagoen bidetxo bat jarraituz. Atzean, Ip lepora eta Collarada-ra doan bidea geratzen da.

 Collaradeta eta El Fraile-ren artean dagoen lepora igotzen gaude. Hemen gurutzatu gara Collaradeta-tik jeisten zetorren mendizale batekin. Ez dugu beste inor ikusiko.

 Azkenean lepora heldu baino zerbait lehenago hartu dugu eskuinera Collaradeta-ra igotzeko. Collarada beti alboan.

 Bide garbirik gabe, eta harkaitz artean, bagoaz hurbiltzen. Tontorra goian, baina apur bat atzerago dago.

 Atera gara ertzera. Hemendik ez zaigu asko falta heltzeko. Alboan, El Fraile ikusten dugu, eta bere atzean Punta Escarra. Gero, Bucuesa eta Peña Nevera.

 Aurrekoen eskuinean Somolak geratzen dira. Eskuinekoa, Somola Baja, duela gutxi igo genuen.Somola bajo ibilbidea

 Tontorrera heltzen. Atzean, gero jarraituko dugun bidea El Fraile eta bere Begitik.

 COLLARADETA (2729m). Bi ordu eta 50 minututan Espata-tik. Atzean, anai nagusia eta Pala de Ip.

 Punta Escarra, estetikoa. PUNTA ESCARRA Ibilbidea

 Pala de Ip. Aurrean, itzalean, El Fraile-ren Begia.

 Somolak. Hodeiak sartzen ari dira...



 Bucuesa, Cuchillares eta Nevera. Azken horretara ere joateko asmoa genuen, baina hodeiak sartzen dira eta beste baterako geratuko da.

 Peña Nevera. Hodeiak gero eta hurbilago.

 Collaradeta-ren goiko irtengunea jetsi dugu. Hona ere datoz hodeiak, eta beheruntz goaz, El Fraile-ra.

 Orain El Fraile-ra. Igoera laburra da eta merezi du, Ip aldera dituen ikuspegiengatik. Eskuinetik igoko dugu eta erditik jetsi Begira joateko.

 Edelweis ugari lepoan.


 PICO EL FRAILE (2705m). Ip urtegia gure oinetan eta Pala de Ip eta Punta Escarra. Behatoki bikaina da hau.


 Sartu dira hodeiak Collaradeta-ra.

 Bi tontor bezala ditu El Fraile-k. Batetik bestera igarotzen.

 Momentu batzutan hodeiz inguratuta gaude. Ip-era ere heldu dira.

 Pala de Ip-ekin.PALA DE IP Ibilbidea

 Hona heltzeak ere merezi du. Ah ze nolako ikuspegia Ip urjauziarena.

 Izugarrizko Begia!

 Izas ere badator. Atzean Collaradeta, orain garbi.

 Begiaren edertasunaz gozatzen.

 Ikusgarria!

 Eta El Fraile-tik beheruntz Abete Igarobedira. Igoerako bide beretik egingo dugu jetsiera guztia.

 Collarada eta Ip lepoa.COLLARADA Igoera

 Abete-ra hurbiltzen. Collaradeta gainean.

 Abete igaro ondoren Collaradeta-ren azpian gaude. Hodeiak jolasean.

 Abete Igarobidea eskuinean eta Collarada-ren azpiko hormak.

 Abete eta Collarada.

 Somola guztiak. Eskuinekoa Somola Baja.

 Collaradeta eta Somolak. Orain mazel monotonoa jeistera, baina beheruntz hobe.

 Lorategiak bidean.

 Siempreviva multzoa.

 Orain jetsierako zati gogorrenean, katea duen Paso de Cabras-era bidean.

 Aldapa handia dago eta ez da batere erosoa.

 Paso de Cabras-en. Hau da horma igarotzeko tokia.

 Orain katearen laguntza eskertzen da. Hor bertan hildako gazte batzuen omenezko plaka bat dako kokatuta ezkerreko aldean.

 Eta bukatzeko zati lasaia pinadian. Berehala helduko gara Espata-ko aparkalekura. Bost ordu eta 45bat minutuko ibilbidea. Kotxez Espata-ra etortzeak asko arindu du ibilaldia. Toki bakartiak dira hauek eta gustora ibili gara. Orain pista latza jetsi eta Villanúa-n betiko janari-edariak betiko tokian.


IBILBIDEA