2014/09/28

Burdinkurutzetatik, MENDIBEL, ARTHANOLATZE eta ESKALERA. Zirkularra. 2014-09-27

Aurten oraindik egon gabe gaude Iparraldean. Gaur, larunbata, eguraldi onaren iragarpenarekin, goizean goiz irten etxetik eta Burdinkurutzeta lepora goaz. Donibane Garazi igaro eta Lekunberri ingurutik Behorlegiren irudi dotorea ikusten dugu. Iparraldeko "Txindoki" omen da. Beti konparazioak egiten...

Goizeko 8:45etan prest gaude ibilaldia hasteko. Espero ez dugun gonbidatu bat daukagu, hego haize bortitza.

Haizearekin borrokan Mendibelen malda belartsuetan.

Burdinkurutzeta behean utzi dugu. Bere gainean, Saroberri mendia.

Gaurko 1. tontorra, Mendibel (1411m). Atzean, Orhi. Gailurreri guztian izango dugu begibistan. Haizea ere izango dugu lagun.

Mendibeletik gailurreria jarraituko dugu Escaliers-era heldu arte. Mendibeletik bigarren tontorraren bila, Ataramatze, hor erdian dagoena. Aurrean Nafar Pirinio guztia daukagu, baina ez da egun onena argazkiak ateratzeko, izugarrizko kontrasteak daude eta.

Ezkerraldean, Behorlegi eta Hauskoa ditugu.

2. tontorra, Ataramatze (1370m). Atzean, Mendibel, eta atzerago, Okabe.

3. tontorrera igotzen, Txardeka (1440m), aurreko biak, Mendibel eta Ataramatze.

Iparralderuntz izugarrizko espoloi eta jauziak daude.

Txardekatik, gaurko tontor garaiena daukagu aurrean, Arthanolatze.

Arthanolatzera bidean. Atzean, Txardeka, eta erdian baina bigarren planoan, Behorlegi eta Hauskoa.

Monolito kuriosoak ditugu ezkerrean.
4. tontorrean, Arthanolatze(1530m). Zelai ederra dauka goian.



Auñamendi, Hiru Erregeen Mahaia, Petrechema, Acherito, Chinebral, Lakora, Lakartxela,... Belagua eta Zurizako Pirinioa.

5. tontorrean, Escaliers(1478m). Hau izango da seguruen, hauetako mendi ezagunena, nahiz eta altuena ez izan. Atzean, nola ez, Nafar Pirinioa.

Azkenengo gailur honetatik, Bagargi lepora dihoan ibilbide balizatua jarraituko dugu. Arthanolatze mendia.

Bagargi lepoan, Iratiko txaletak daude, eta turismoa ere bai. Artzaiek badakite non jarri gazna saltzen.

Bagargitik itzultzeko, GRa hartu behar dugula badakigu, baina nahastu egin gara, eta pagadietatik beste bide batzuk hartuta heldu gara azkenean errepide ondoan dagoen lakura. Gero, hemendik bai, ondo jarraitu dugu GRa Cizè-ra heltzeko.

Cizè-ko lakua. Hemen sardetzen dira Bagargi eta Larraine eta Esterenzubira dihoazten errepideak. Gero hemendik pare bat kilometro geratzen zaizkigu errepide ertzetik Burdinkurutzetara heltzeko. Bost ordu t'erdiko ibilaldi zirkularra izan da.
Jarraitu dugun mendilerroari begira. Mendi ederrak eta lasaiak.


Etxera itzuli baino lehen, turismo pixkat egiten. Aspaldi ez gara hemen zehar ibili eta baliatu egin behar da. Donazaharre.


Donibane Garazi.



Hemen jende asko dabil kaleetan. Turismoa eta erromesak ere bai.

Zer polita den Iparraldea! Oraindik mendi eta inguru ugari daude ezagutzeko, beraz berandu baino lehen itzultzeko asmoarekin egin dugu etxerako bidea.

2014/09/24

TELERA (2762m). Tramacastillatik. 2008-08-03

Badira 18 bat urte Tramacastillan egoten garela, eta naiz eta Teleran aurretik ere egon izan, Elgoibarren egiten dugun bezala Karakate edo Kalamuara joateko, etxetik bertatik irten eta igo eta jeisteko gogoa beti izan dugu. Eta semearekin bada, ba askoz hobeto. Horrela ba, goizeko 6:30etan herriko kaleak zeharkatu eta Betato-tik, Piedrafitako lakura doan bide polita hartu dugu.

Hau da etxeko leihotik daukagun ikuspegia. Nola ez digu deituko ba?

Piedrafitako lakua, Corona del Mallo eta igo behar dugun Cobacherizas kanalaren azpian.

Atsedena, lehenengo erresaltea gainditu ondoren. Orain sartuko gara benetako kanalean.


Luzea eta pikoa da eta lasai hartu behar da.


Goitik behera begira. Kanaletik irteten gaude.

Peña Pardaren hormak eta Telera atzean. Hemen bi aukera daude. Peña Pardatik joan daiteke, baina elurrik gabe, azkarragoa da bere azpitik doan "pasu horizontala" jarraitzea, gero bi mendien artean dauden harkaitzezko grada batzutatik igotzeko.

Pasu horizontalean. Elurrik gabe ez dauka arazorik. 500bat metro dira, ea altuera berdinean.

Hori bai, beheruntz horma ederrak ditugu. Piedrafitako lakua eta Bubal urtegia.

Azpian ditugun korridoreak.

Tramacastillako urtegia, Ferraturas-Soques-Soba mendilerroa, Arriel, Palas, Balaitus,...

Gailurrean (2762m). Behean, Bubal eta Pueyo eta Panticosa. 4 ordutan igo dugu. Gustora.


Tramacastilla eta Escarra urtegiak eta Ferraturas-Soques, Arriel, Palas, Balaitus-Frondiellas.

Jaca alderuntz. Alboko mendia, peña Parda.


Autofoto edo "Selfie". Bakarrik gaudenez...



Peña Parda, Cobacherizas kanala eta lepoa eta Corona del Mallo.

Edelweis ugari daude.

Toki beretik jetsi ondoren, Cobacherizas kanalean behera.


Han goian egon gara. Piedrafitako lakutik jeisten den errekatxoan atsedena hartzen. Eta zerbait freskatzen ere.




Betatoko basotik beheruntz, berriz etxera heltzeko. Bazkaltzeko ordua da... 1500 metroko garaiera aldea gora eta behera. Ez dago gaizki.