2017/05/06

MIRAVALLES 1966mt, CUIÑA 1992 mt. Ancares mendatetik.



2017-04-17 Astelehena. Ancares-eko Sorbeira herrian pasa dugu gaua. Beraz, atzoko palizaren ondoren, gaur kotxez ordu laurden besterik ez dugu behar Ancares mendatera igotzeko. Igoeran geratu egin gara, Campanario eta Cuiña mendien azpian dagoen zirko bikainaz gozatzeko. Baita hor dauden bi baso garrantzitsuaz, Mortal de Galegos eta Mortal del Oso.

Ancares edo Balouta mendatean gaude eguraldi bikainarekin. Lugo aldea daukagu aurrean. Lehenbiziko helburua Miravalles da. Beraz, eskuinera joango gara, iparralderuntz, bertan dagoen atseden tokitik igaroz. Hemendik ez dugu tontorra ikusten, baina ez dauka misterio handirik, ertza jarraitu, igoera eta jetsierekin.


Gaurko ezaugarri nagusia hau izango da, txiler artean ibiltzea. Bidezidor estua, baina nahikoa ondo jarraitzeko.

Gure ezkerraldean Balouta herrira jeisten den errepidea, eta Lugo aldeko mendi eta haranak.

Lehenengo tontorra gainditu ondoren, Gamotal (1762m), urruti ikusten dugu Miravalles. Garaiera-alde handirik ez dugu gainditu behar, baina luzea izango dela dirudi.

Eskuinean, hau da Ancares haranaren aldera, aintzira txikiak ditugu mendiaren magaletan.
Pina Neira tontorrera igo beharrean, ezkerretara jarraitzen du bidezidorrak. Goitik ere joan daiteke, baina itxiagoa iruditu zaigu bidea eta azpitik hartu dugu, nahiz eta elurra zapalduko dugula ikusi.

Sarrio ugari ikusiko ditugu. Hauek gustora dabiltza elurguneetan.

Hemen apur bat nahastu gara, elurretan zeuden arrastoak jarraituz. Bidea apur bat gorago dihoa. Dena dela, berehala konpondu dugu endredoa.

Ezkerrean, Balouta herria daukagu. Hau Leon da oraindik.

Bidezidor egokia jarraitzen berriz. Urrutitik begira ez dirudi biderik egon daitekeenik, baina badago, nahiz eta estua izan.

Arneiroso lepora heltzen. Hona dator Baloutatik, Arneiroso haranetik datorren bidea.

Lepoan, Candin-etik ( hau da, Ancares haranetik) datorren PR baten balizak ere daude.

Lepotik gora, nola ez, txiler artean. Atzean, Pina neira zeharkatzeko jarraitu dugun lerroa, eta atzerago, Campanario eta Cuiña mendiak.

Azkenengo zatia harkaiztsua da, eta itxura dotorea ematen dio mendiari. Baina ez dago inongo zailtasunik. Bidezidorra dago.

Gutxi falta zaigu heltzeko. Ancares gure azpian geratzen da.




MIRAVALLES (1966m). Dotorea tontorrean dagoen xafla. Azkenean, bi ordutan egin dugu igoera.
Mendiaren izena ere halakoa da. Sei haran ikusten baitira bertatik. Hemen Cuiña mendia daukagu atzean. Gero hara joateko asmoa daukagu.

Baloutako Soutadores "braña" aldera erortzen diren malda elurtuak.

Sarrio bat akrobaziak egiten tontorreko harkaitzetan.

Tontorreko ikuspegiez gozatu ondoren, bide berdinetik egingo dugu itzulera.

Sarrioa. Hauekin bakarrik egin dugu topo.

Elurguneak zeharkatzen.

Pina Neira eta Miravalles atzean uzten.

Txilarra.


Txilar artean. Izugarrizko kolorea dago inguru guztian.



Ancares mendatean gaude berriz. Hemen 20 bat minutu egingo ditugu zerbait jan eta edaten, eta berriz hartuko ditugu motxilak gainean, eskuinean ikusten den bidezidor horretatik abiatzeko eta atzean ikusten dugun Cuiña mendira igotzeko. Lehenengo gailurra, Peña Venera, eskuinetik igarotzen da.



Bagoaz Peña Venera inguratzera. Hasieran, beste aldean bezala, txilar artean. Atzean geratzen dira, Ancares mendateko errepidea eta Miravalles.

Txilarraren koloreak.

Peña Venera igaro ondoren hau da geratzen dena. El Brañutín (1886m)-era igo, ertza jarraitu eta lepora jetsi, azkenengo pala igotzeko.

Campanario (edo Hermanitos) eta Cuiña-ren azpiko zirko dotorea.


Sarrio taldea geratzen diren elurguneak baliatzen freskatzeko.
Brañutín-etik horrela ikusten da azkenengo pala. Ez da oso luzea eta bidezidorra nabaria da.

Cuiña-ren oinetan dagoen lakua, Pozo Ferreira.

Azkenengo pala igotzen. Hodei beltz batzuk agertu dira, baina ez dago euri arriskurik.

CUIÑA (1992m). Ancares-eko tontor garaienean gaude.

Ikuspegia izugarria da. Mustallar (Lugoko garaiena), nahiko gertu daukagu. Hemendik joan daiteke, baina gaurkoz nahikoa daukagu.

Badu bere xarma gure azpian dagoen Pozo Ferreira honek.

Ancares mendatea eta Miravalles, Ancares haranarekin. Tontorreko ikuspegiaz gozatu ondoren, mendatera itzultzeko ordua da. Ordubete eta erdi edo kostatu zaigu hona heltzea, lasai.

Brañutín gainean.

Piornedo aldera dauden txilar eremuak, eta beraien kolore multzoak noski. Gozamena begientzat!

Lurrera ere begiratu behar da.

Mendatetik gertu dagoen aterpe irekia. Ez dago oso garbia, baina dagoen tokian egonda, tira...

Mendiko historioak bukatu ondoren, eta presarik ez daukagunez, Balouta herria ezagutzera jetsi gara. Pallozak dira hemengo ezaugarri nagusia. Herri txikia, baina ondo zaindutakoa.




Horreoak ere landare estalkia daukate.

Eliza.

Azkenik mendatea igaro berriz eta Sorbeira-ra etorri gara, hemen pasako baitugu gaurko gaua ere. Baserri zaharrak.


Harria eta egurra. Ancares. Bihar Laciana aldera goaz, Villablino-ra. Oraindik ez dakigu zer egingo dugun... Eguraldiaren arabera...Askotan bezala! Behintzat gaur ondo baliatu dugu eguna, eta bihar biharkoa!


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina