MENUA

2016/11/11

PIC D´AULE 2392 mt. Gabas-etik

2016-10-30 Gaueko ordu aldaketaren ondoren, Portalet mendatea jeisten dagoen Gabas herria baino km bat beherago dagoen aparkalekuan gaude (975m). Goizeko 8ak dira. Inguruko mendi eta bide dexente ezagutzen ditugu, baina Er lakura dihoana ez, eta Aule mendia ere ez. Beraz, paraje hauek ezagutzeko asmoz gaude hemen.

Errepide ertzean, bidearen irteeran dago panel hau. Badirudi, eta hau gero konfirmatuko dugu, Er lakura igotzea oso ohikoa dela frantsesentzat, nahiz eta handik gora oso mendizale gutxi abiatzen den. Lakuraino balizatuta dago bidea.
Errepidearen beste aldean, Cèzy-ren bi tontorrak agertzen zaizkigu.

Ayguebère-ra doan bidea baso eder batean sartzen da. Irreala dirudi!

Udazkeneko koloreak oso nabarmenak dira.

Puntu gorenean daude koloreak.

Basoko bidea oso polita da, baina gogorra ere bai. Sigi-saga ugari egiten ditu, baina zati batzutan oso laburrak eta malda handikoak. 400 metroko desnibela gainditzen da baso honetan.

400 metro horiek igo ondoren (ordubete inguru), Ayguèbere-ko txabolak zeuden lautadara heltzen da. Gure gainean, ezkerrean, Biscau mendia eta bere orratz dotorea ditugu. Lakura igotzeko, bide erdian gaudela esan dezakegu.

Orain, eskuinera joango gara beste pagadi horretara sartzeko. Lehen esan dugun bezala, balizak daude lakuraino.

Bigarren baso hau behekoa baino lasaiagoa da. Momenturen batean jetsi ere egiten da apur bat. Polita hau ere.

Pic Cécy igoera

Bigarren basotik atera ondoren, aldapa tenteagoa geratzen zaigu lakura heltzeko.

Otsalizarraren fruitu gorriak eta Er mendiaren mazela ditugu aurrean.

Er lakuaren altueran gaude. Atzean, Gouretteko mendiak: Cèzy, Arcizette, Pic de Ger, Géougue d'Arre, e.a.

Ez da behar lakura jeistea, nahiz eta bertan egon. Pare bat ordutan. Lakura heldu baino lehen, bere eskuinetik igotzen duen bidezidorra hartu behar da. Hemen dagoeneko ez dago balizarik, baina mugarriak bai. Lakuaren gainean dauden irtenguneak gainditzen joango da bidezidorra.

Er lakua (1764m). Eguzki-itzaletan.
Laku txiki bat igaroko dugu bidean. Atzean, Gourette eta Artouste tarteko mendiak.

Eta halako batean, agertu zaigu Aule mendia. Gazies-era igo genuenean Aule haranetik ondo ikusi genuen, baina alde honetatik ez genuen kontrolatzen non zegoen. Orain argi daukagu. Hori jetsierako bidea da. Igotzeko, ezkerreragotik joango gara.

Esan bezala, aurreko argazkian gauden tokitik ezkerrera hartu dugu, eta Er txabolaren ezkerretik gora egin dugu. Beste laku baten ondotik igaro, eta inongo biderik gabe, ertzera heltzeko dagoen aldapa tentea igotzen hasi gara.


Laku txiki batzuk. Atzean Gouretteko mendilerroa, Cèzy, Arcizette, Ger eta abar.

Aldapa oso estua. Atzean, Lurien, Palas, Balaitús, Arriel, eta abarrak agertzen dira.


Ertzera heldu garenean, Aule lakua ikusten dugu izen bereko haranean. Pare bat aldiz gaude egonda toki dotore horretan, azkena duela lau urteko data hauetan, baina elurrarekin. Kontraste galanta!
Lac d´Aule igoera
    Aule lakua, Soum d'Aas, Aulon eta Gaziés mendiek osatzen duten zirkoan dago. Atzean, Llana de la Garganta, Aspe eta Borau mendiak ikusten dira.

Midi goiko itzulia
Eta nola ez, hor daukagu gure Jean Pierre (Midi d'Ossau).

Tontorrera heltzen eguraldi bikainarekin (garai honetarako gehiegi). 1400 metroko garaiera-aldea abiapuntutik hona. Ez dago gaizki... Eskuinean, Lurien, Palas, Balaitús, Frondiellas,..., Artouste eta La Lie ezkerrean.

Er mendiaren bi tontorrak azpian ditugu. Ikusi ditugun mendizale apurrak horra joan dira.

AULE (2392m). Ez dakigu zergatik, baina izena asko gustatzen zaigu. Aule...

Bious Artigues Midiren oinetan, eta bere ezkerrean Soques-Ferraturas-Soba mendilerroa.

Beste alderuntz Anie ikusten dugu atzean.
Midi.

Tontorrean denbora dexente egin ondoren, beheruntz goaz. Hasieran igoerako ertzetik, baina apur bat beherago ezkerrera hartu dugu (jetsierako norabidean), eta mendiaren hormen azpitik doan bidezidorra jarraitu dugu. Hau da igotzeko ohiko bidea.

Zati dotorea hormen azpian. Alde honetan mugarriak daude.


Er txabolara jeisten. Hemen itxiko dugu zirkuitoa. Txabola hau lautada berde dotore batean dago kokatuta.
Hemendik agurtuko dugu Aule mendia. Beheragotik ez da ikusten.


Orain igoerako bidezidorretik goaz Er lakura jeisteko. Er mendia parean.

Lakutxo horretan bikoiztuta.

Bagaude Er lakuaren gainean. Erdia baino gehiago kerizpean dago, baina toki dotorea da eta ez dago masifikatuta. Hona igotzeko ere, ea 800 metroko desnibela gainditu behar da, eta hori ere bada zerbait.

Bagoaz beheruntz, basoetan sartzera. Egun guztian izan ditugu begibistan Gouretteko mendiak.

Arratsaldeko koloreak basoan. Ordu aldaketarekin, lehenago ilunduko du.

Ayguebère-ko lautadan, orratzekin. Orratz horren ezkerrean dagoen kanaletik ere badago beste igoera bat, ibilbide zirkularra egiteko. Beti plan berriak buruan...

Lurien. Ondo ikusten da igoerako azken zatia, gogorra benetan.

Basoaz gozatzen.

7 ordu t'erdian egin dugu ibilaldia. Asko gustatu zaigu. Desnibel handia du, baina jende gutxi dabilen tokiak ezagutzeko parada izan dugu. Goiko zirkoa nahiko basati eta soila da. Baina badu bere lilura. Eta Er, Aule, ... , izenak ere bai.

Gero Portalet gora goazela, Artousteko bidegurutzearen gainean geratu gara errepide ertzean. Udazkena topera dago hemen ere.


Eta besterik gabe, mendatea igaro eta Tramacastillara. Biharko ere eguraldi segurua dago, beraz pentsatu beharko da zer egin.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina