MENUA

Joan Menu behera:

2016/11/05

PEÑA MONTAÑESA Faixa Toro-tik

2016-10-29 Domu Santuko zubia eta izugarrizko eguraldiaren iragarpena, eta inportanteena, lau egunak libre. Atzo Tramacastillara etorri lo egitera eta gaur goizeko 7rak aldean etxetik atera eta Sabiñanigotik Ainsara heldu eta Campo-ra doan errepidea hartu dugu Arro-raino. Han Oncins eta San Victorian baselizara doana. Monastegia baino km bat lehenago aparkaleku dotorea prestatu dute. Hau da gaurko abiapuntua.

Oncins herrian gaude 8:30ak aldean. Egunsentia. Haranean behelainoak.


Irteeran dagoen paneletako bat. Duela urte batzuk egin genuen intento bat Peña Montañesa-ra igotzeko, baina Los Plans aldean geundela atzera egin behar izan genuen, euria hasi bait zen eta gainera hodeiek ez ziguten ezer ikusten uzten. Orduan ez zegoen aparkaleku hau. Justu 3-4 kotxe lagatzeko tokia bakarrik. Orain ez dago arazorik. Argi dago jende asko datorrela mendi honetara.

Bai, horra goaz. Printzipioz gure asmoa bide arruntetik igotzea da, baina gero igotzen gaudela, burua martxan jarriko da...

Irteera.

San Victorian eta behelainoak haranean.

Igoeraren lehenengo zatia. Basoa zeharkatu eta eskuineko hormetara hurbildu ondoren, ezkerreruntz Los Plans-era igotzeko. Bidea oso ondo markatuta dago mugarriz.

San Victorian baseliza.

Kolonizatuta daude landare hauek.
Ezpel artean. Bero egiten du, nahiz eta urriaren bukaeran egon.

Igotzen goazela, blog batean irakurritako igoera alternatibo bat etorri zaigu burura. Laster ikusiko dugu harri batean pintura gorriarekin idatzitako Toro Faxa-ra desbideratzeko gezia. Nahiz eta informaziorik ez izan, eguraldia oso segurua dagoenez, bertara sartzea erabaki dugu.

Hemen gaude amildegiaren gainean. Margotutako markak daudelako, bestela ez da egoera normal batean sartzeko tokia. 100 bat metroko jetsiera bortitza daukagu gure aurrean.

Jetsiera konplexu eta konplikatua da, gero eta bertikalagoa. Ondo egiten ari al gara hona sartzen?

Kanal bat jeisten ari gara. Momentu batzutan eskuak erabili behar dira. Infernu zulora goaz.
Ez da jende asko etorriko hona perretxiku bila!

Hemengo biztanleak. Zain egongo dira ea gu bezalako ilargitarren bat bertan geratzen den edo.

100 metroko desnibela galdu ondoren, harritza bat zeharkatu, eta galdutakoa irabazten hasi behar.

Hormen azpira igo behar dugu.

Orain pintura markak ez daude, baina mugarriak bai, eta horrek asko lasaitzen gaitu.

Heldu gara Toro faxara. Hemendik aurrera gero eta zirraragarriagoa bihurtuko da bidea.

Goian hormak eta behean amildegia. Erizoi landareak babes apur bat eskeintzen dute.

Hemendik aurrera ezin dugu inongo behaztoporik egin.

Ez du ematen biderik dagoenik, baina beti aurkitzen da bidezidorren bat.

Batzutan hormei itsatsita goaz.

Atzera begira. San Victorian ikusten da.

Gu aurrera, gero eta interesgarriagoa jartzen da faxa.



Paisaia ere gero eta zabalagoa. Aurrean, Otal-Tendeñera-Sabocós- Peña Blanca mendikatea.

Izugarrizko balkoia.

Eskuinean Escaleretas kanala daukagu. Hori zeharkatu eta aurrean ikusten dugun faxatik jarraituko dugu.
Escaleretas kanalera sartzen.

Udazkeneko koloreek kanal honen gogortasuna alaitzen dute.

Bidearen jarraipena.

Eta gure gainean daukaguna. Basatia benetan!.

Atzera begira, zeharkatu dugun faxa zatia.


Lasaitasun momentua. Hor atzeko faxa horretan ez zegoen halakorik.

Horma dolomitikoak gure gainean.

Peña Montañesa-ren tontorra ikusten dugu. Baina oraindik erdiko kanal horretara heldu behar gara, Canal Mayor, gero hortik igotzeko bide arruntera.


Putreak dira hemengo biztanleak.

Mayor kanalera heldu gara. Orain igoera gogorra geratzen zaigu kanalaren erditik bide arruntera irteteko.

Hemen igartzen da egiten ari garen desnibela. Infernu zulotik irteten!

Behin bide arruntera heldu, ezkerrera jarraituko dugu, gero diagonal luze bat egiteko eskuinera.

Azkenengo metroak tontorrera heltzeko. 1500 bat metroko desnibela izango da azkenean.

Amildegi horretatik atera gara. Ezkerrean Los Plans eta bide arrunta.

Tontorretik (2295m), izugarrizko panoramikak ditugu. Hemen, Punta de las Olas-Añisclo-Perdido.

Munia mendikatea.

Suelza igoera

Cotiella igoera

Cotiella mendikateko Mobisón aurrean eta Posets-Eriste atzean.

Mediano urtegoa Cinca haranean.

Mendikate honetako beste tontorra, La Tuca, eta jeisteko erabiliko dugun bidea. Ez gara itzuliko beheko bide arruntetik. Hau dotoreagoa iruditzen zaigu.

Jeisten. Benetan polita jetsiera.



Putreek era bi tontorren arteko lepoa hartzen dute pasabidetzat.
Hemen dabiltza denak gure buruen gainean. Beste espektakulu bat!
Panel hau irteeran dago baita ere.

Orain arte jetsitakoa.

Mayor kanalaren gainean gaude. Zulo horretatik atera gara lehen.

Beste faxa bat bezalakoa Mayor kanalaren gainean.

Kanal Nagusia. Infernuko irteera.


Merezi du hortik jeistea. Zirkular oso ederra ari gara betetzen.

Los Plans-en gaude, Escaleretas kanalaren gainean. Lehen zeharkatu dugun faxa zati bat orain goitik ikusten. Zorabiagarria!

Gozatzen. Gure azpian Toro faxaren amildegiak eta atzean gailurra. Hemendik aurrera bide arruntetik jetsiko gara.


Katalan batzukin elkartu gara. Beraiek dioten bezala, "grinpada" txiki bat.

Atzera begira. Urdinez bide arrunta, eta gorriz Toro faxara sartzeko bidea. Han goitik galdu behar dira 100 metroak amildegira.

Hor daukagu Toro faxa, Escaleretas kanalerarte.

Oncins herritik horrela ikusten da Toro faxa. Ez da mendi garaia, baina ibilbide zirkular hau oso interesgarria da. Ez da zorabioa dutenentzat, eta eguraldi seguruarekin sartzea komeni da. Bustita baldin badago edo ekaitzak harrapatuta, ez da gozoa izango. Gogorra da, desnibel handia metatzen delako. Baina erabat gomendagarria.

Ainsa-tik perspektiba hobearekin ikusten da.

Ainsa. Indarrak berreskuratzen eta hidratatzen geratu gara bertan. Bihar gehiago!

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina