2021/11/10

LEZAT 3107 mt eta Granjas de Astau-ra jetsi.

 2021-08-10  Gaur jardunaldi luzea daukagu. Beraz, goizeko 6,30etan gosaldu aterpean eta 7,15 aldian prest gaude irteteko. Tontorrak ilunpean oraindik.
 Aterpea utzi eta urtegiko presa zeharkatu dugu, Lliterola-ko Behe Lepora doan bidea hartuz. Tusse de Montarqué itzalean oraindik.

 Tuca de Lliterola eta Pico Royo ditugu aurrean. Lepoa ezkerrean, baina ez gara joango bertara.


 Lézat-en hormen azpian gaude. Hemen utziko dugu Lliterola-ko bidea eta ezkerrera hartuko dugu. Lehenbiziko horma hau erdian dagoen korridore batetik gaindituko dugu.

 Atzean, Sel dera Baquo, Euri Neurgailuaren lepoa eta Arlaud-Gourgs Blancs bere atzean. Gaur eguraldi ederra daukagu.

 Goian aipatutako korridorearen hasieran, Portillón-eko lakuaren gainean.

 Trepada errazak korridorean. Bakar bakarrik gaude. Mendizale gehienak, Lliterola lepora edo Perdiguero-ra gaur ere.

 

 Beheko erdiko zulo horretatik atera gara. Orain harritza daukagu goiko hormetara hurbiltzeko.

 Eskuinean daukaguna. Ezaguna dena.

 Eta atzekoa ere bai. Izugarriko parajean dago kokatuta Portillón-eko aterpea.

 Lorategia harritzan. Hemen mugarriak ondo adierazten dute bide erosoena. Arazoak goian etorriko dira...

 Goiko hormaren hasieran. Hemen mugarriek gu orain goazen aldera jarraitzen dute. Ni, 1992an igota nago Lézat-era eta ez nuen inongo arazorik izan tximinia egokia hartzeko. Gaur, mugarri lerro garbia hasi gara jarraitzen eta ertzeraino atera gara, baina berehala konturatu gara orratz artean geundela eta hori ez dela bide egokia.

 
 Trepada ez oso zaila baina nahiko bertikala, eta mugarriekin. Baina hau ez da bidea.

 Ertzera atera garen gunea, baina hortik ezin dugu jarraitu. Tontorra urruti ikusten da eta orratz batzuk zeharkatu behar dira.

 Beste saiakera bat egin dugu apur bat ezkerragotik, baina hemen ere Lézat-en Orratzetara atera gara. Hormaren oinera jetsi gara.


 Terreno latza horrela ibiltzeko, baina hau da dagoena.

 Berriz gaude hormaren oinean. Batera eta bestera mugitu gara ea tximinia egokia aurkitzen dugun. Bakarrik gaude, eta igoera garbia zela gogoratuz ez dugu gehiegi aztertu bidea. Falloa!

 Azkenean, hirugarren saiakeran, beste tximinia bat hartu dugu, hasieran mugarririk gabe, baina behin sartuta, batzuk agertzen hasi dira. Ea ba, gora!

 Trepada, harri solte artean. Oso adi ibiltzeko tokia. Hemen bai eskertu dugu bakarrik joatea. Gogoeta bat: 1992an mendi hau erraza iruditu zitzaidan, baina gaur katalogatuta daukan F, PD- iruditu zaigu. Dena da erlatiboa, baina oso ohituta egon behar da mendian horrelako tokietan ondo ibiltzeko. Badakigu adinean gora joateak ere baduela zerikusia, baina...




 Atera gara ertzera. Orain trepada nahiko erraza baina zirraragarria geratzen zaigu tontorreko zati erosora iristeko. Crabioules, Lliterola lepoa eta Tuca de Lliterola atzean. Izugarria da tokia!

 Trepada gainditu eta tontorrera hurbiltzen, tarte errazetik orain.

 LEZAT (3107m). Bi ordutan igo behar genuena hirutan igo dugu, joan etorriak medio. Spijoles, Gourdon, Gourgs Blancs, Bachimala,..., aurrean.

 Tontorrean, gustora. Portillón-Seil dera Baquo, Posets, Gourgs Blancs,... Hirumilako sorta ederra daukagu inguruan.

 Oso gertu daukagu Quayrat. Oô lakua behean.

 Atzoko tontorrak (ibilbide guztia ikusten da ondo) eta beste batzuk. Ibilbidea


 Seil eta Cap dera Baquo, eta Posets atzean. Baquo glaziarra ere minimoetan dago.

 1992an baino kaskartuago, baina ilusio berdinarekin.

1992-09

 

Iñaxio ta biok


 Pico Royo eta Perdiguero.

 Ertzetik behera, tximinia bertikaletik. Goruntz adi ibili behar bada, zer esanik beheruntz. Hau F izatea?

 Jetsiera delikatua. Crabioules-etik zetorren mendizale batekin egin dugu topo hemen. Bera, gu ikusi gaituelako jeisten sartu da tximinia egokitik. Bere hitzak: "Pensaba que este monte era más fácil". Ba hori...

 Poliki eta seguru. Horma dotorea.

 Zati zailena bukatzen.

 Goiko hormaren azpian, zailtasun handienak igarota. Tximinia egoikiena markatuta dagoena da.

 Hormen azpiko harritzan, beheko hormako korridorearen bila.

 Begiak gehiago alaitzeko, lorategia harritzan.

 Aurrean daukaguna zoragarria da.

 Korridorea eta lakua. Hau errazagoa da.

 Baina eskuak erabili behar dira.

 Hartu dugu Lliterola lepotik datorren bidea eta aterpea gertu daukagu. Baina gaurko jarduna ez da hor bukatzen.

 Lakuaren gainean. Zailena pasata baina gogorrena falta.

 Lezat aterpetik. Mendi dotorea. Hor goian ginen duela gutxi.

 Aterpean zerbait jan dugu bertako garagardo batekin lagunduta. Atsedena hartu eta orain 1400 metroko desnibela geratzen zaigu kotxera iristeko.

 Bagoaz beheruntz, Quayrat aurrean daukagula.            QUAYRAT Ibilbidea


 Spijoles eta bere diedro famatua.

 Espingora jeisten, galtzada erako bidetik.

 Ezkerrean Tusse de Montarqué eta atzo aterpera itzultzeko erabili genuen Meatzarien Bidea, Gourdon eta Spijoles.

 Saussat eta Espingo lakuak, aterpea eta mendatea. Bide oso garbia eta polita.

 Tusse de Montarqué. Goian oso zabala da, baina hemendik ikusita itxura zorrotza dauka.

 Quayrat eta Lézat. Bikote ederra.



 Tusse de Montarqué eta Saussat lakura erortzen diren urjauziak.


 Saussat lakuaren ertzak.

 Eta Espingo-tik behera bide ezagunetik eta jendez inguratuta. Urjauzia beti bezain ederra.

 Granjas de Astau. Beheruntz 2000 metroko desnibela egin dugu eta gogorra izan da, baina hemen pasatako hiru egunak bikainak izan dira. Aspaldi ezagututako mendiak berriz igo, paisai izugarriez gozatu eta jende jatorra ezagutu dugu aterpean. Oso pozik gaude.

 Oô herriko Spijoles ostatuan garagardoa hartu eta bide luzea aurretik Tramacastilla-ra itzultzeko. Baina lasai hartuko dugu, bidean afaldu eta presarik gabe. Bihar atsedena.

IBILBIDEA



1 iruzkin:

  1. Betway Casino NJ - Your $250 Welcome Bonus
    Betway Online 광양 출장마사지 Casino NJ » Mobile 김포 출장샵상주 출장마사지 €250 Welcome Bonus ✓ Instant Play ✓ Free 문경 출장마사지 Spins. Play Now! Rating: 4.2 · ‎Review by TJ 밀양 출장마사지 Hub

    ErantzunEzabatu