2018/11/04

PEÑA CASTECH 2099mt La Partacua.

2018-10-12 Pilar zubiko lehenbiziko eguna. Tramacastillara etorri gara eta goizean altxatzerakoan eguraldi goibela daukagula ikusi dugu. Telera-ko hormen azpian dagoen tontor txiki baino dotore bat etorri zaigu burura, eta tontor nagusiak hodeipean daudenez, bertara inguratzea erabaki dugu.

Etxetik abiatu gara oinez Betato basotik gora igotzeko Piedrafita lakura, baina Gorgol aldera doan pistaren hasieran, ehiza larriaren uxaldia dagoela adierazten duten arriskuaren kartelak ikusterakoan berriz etxera itzuli eta kotxea hartu dugu Lacuniacha-ra joateko. Beraz, Lacuniacha-tik abiatu gara. Ez genuen hori nahi, baina gaur, horrela da. Piedrafitako lakua baino lehenago ikusgai daukagu gure tontorra. Partacua hodeipean.

Piedrafita lakua alboan utzi eta bagoaz Telera-Capullo-... eta abarren hormen azpian dagoen haran lasaitik. Castech tontorra da ikusten den bakarra. Jendetza guztia lakuan geratzen da eta hemen, nola ez, bakarrik gaude.

Hau da ezkerrean daukaguna. Iluntzerarte ez ditugu ikusiko tontorrak.

Atzera begira, Piedrafita lakuaren kokapena. Hodei artean, Sabocós-Peña Blanca aldea. Panticosa eski-estazio gainean dauden mendiak.

Horrelako batzuk ikusi ditugu.

Castech-en oinera heltzen ari gara. Atzean Feniás eta Infiernoen aldea agertu nahian, baina berehala estaliko dira.

Ezkerreko sakan horretara sartu eta bertatik igo behar dugu, fondoan ikusten den ertzera igotzeko.
Tramacastilla-ko urtegia.
Hori da jarraitu behar dugun bidea. Mugarri solte batzuk agertu dira sakan honetan.

Sakanaren fondora heldu eta ertzera igotzen ari gara. Aldapa tentea baina ez da luzea. Atzean, Triptico tontorraren azpiko harritza.

Pabellón, Retona, Pala de Alcañiz, Escarra,... eta Partacua mendikateko gainontzeko tontorrak osatzen duten zirkoa daukagu ertzaren beste aldean, baina hodeiek hor jarraitzen dute, apur bat gora eta behera eginaz, baina iraunkor.

Ertzetik, horrela ikusten da gaztelu itxurako tontorra.

Azkenengo zatia. Ezkerrean ikusten den "bira"-tik igotzen da. Erraza da, nahiko zabala, baina beti adi ibiliaz, erorikoa handia baita. Gaur gainera bustita dago eta horrek arriskua handiagotu egiten du.

Hor hasten da bira. Ikusten da bere zabalera. Honerarteko ertza erraza da.

Bira, hor ikusten den pinu horretara heltzen da. Hortik gora da "delikatuena". Lau bat metroko trepada erraza da, baina ezin da fallorik egin, behean zulo handia baitago.

PEÑA CASTECH (2099m). Tramacastilla urtegia eta atzean Foratata-ren bi tontorrak dira ikusten diren bakarrak. Gainontzekoa dena hodeipean.

Tontorrean. Heldu garenean putre batzuk egin dute alde. Bi ordu behar izan ditugu Lacuniacha-ko aparkalekutik. Paisai erabat mugatuta daukagu gaur. Eskerrak ondo ezagutzen dugula...

Biratik beheruntz. Jeisten hasi eta berehala itzuli dira putreak tontorrera. Argi dago sarkinak izan garela.

Biran. Izugarrizko hezetasuna dago.

Ertzean, eremu lasaiagoan. Tontorra ezkerrean. Irtengune dotorea da, bertikala beste alde guztietatik.

Eskuineko aldapatik igo eta jeisten da. Ertzeko beste irtengune batzuk atzean.

Castech dorrea, azpiko sakanetik.

Tontorra atzean uzten. Orain jeisteko, Partacuako hormen azpitik jarraituko dugu, aurrerago dagoen kanal batetik behera egiteko. Aldatzearren...

Hau da jetsiko dugun kanala, Capullo-ren hormen azpian.

Berehala heldu gara Piedrafita lakura. Lehen esan dugun bezala, eta nahiz eta eguraldiak gehiegi ez lagundu, jende asko heltzen da honeraino. Baina hemendik gora ez dugu inor ikusi.

Lakuaren ertzetan dagoen landaretza.

Hemendik behera, pista hartu beharrean, erreka zulotik jetsi eta mugarriz markatuta dauden bidezidorrak hartuz azkar helduko gara Lacuniacha-ra. Irteera laburra, baina nahiko interesgarria. Tontor nahiko ezezaguna baina polita. Bere alboan dauden erraldoiekin ezin da alderatu, noski, baina badu bere "enkantoa".        

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina