2026/02/11

ZELANDA BERRIA 🇳🇿 IPAR IRLA 2. Zatia.

     

                           2025-12-26   4. eguna  

            FORGOTTEN WORLD HIGHWAY-

                            PLIMMERTON.

 Goizean Turangi-ko kanpinean.

 Gosaldu ondoren irteteko prest. Gaur bidai interesgarria daukagu aurretik. "Mundu Ahaztuaren Errepidea".



 Lehenbizi Taumarunui-n geratu gara, Marae-a ikustera.

 Marae-a.

 Marae-aren ondoan kanposantua dago. Emakumea zaintzen.

 Taumarunui-tik irteterakoan hasten da FORGOTTEN WORLD HIGHWAY. Izugarrizko paisaiak, kurba eta estutasun ugari, errepidea toki batzutan ea pista bihurtzen da, tunelak, zubiak,... 150 bat km-ko luzera du Stratford-era heltzeko. Esperientzia ahaztezina benetan. Lau bat ordutan egingo dugu errepide guztia. Lasai eta adi ibiltzeko tokia. Baina merezi du.




 Trafiko gutxi dago, baina ezin da edozein tokitan geratu, orokorrean oso estua delako errepidea. Poliki eta gozatzen ibiltzekoa.

 Tangarakau ibaia eta baso tropikala.


 Garo erraldoiak.

 Errepide ertza.


 Tangarakau ibaiaren gaineko zubian.






 Ertzetan dagoen landaretza.

 Horrelako geldiune bakar batzuk daude eta baliatu egin behar.




 Bidaiaren beste mugarri bat Moki tunela da. Hobbit Zuloa bezala ere ezagutzen da. 180 metroko luzera du eta karabana justuan pasatzen da. Gainera aurkako norantzkoan beste ibilgailurik ez etortzea komeni.

 Tunelaren sarreran dagoen kartela, informazioarekin.

 Tahora muinoaren gainean egin genuen beste geldialdi bat. Inguruko paisaia, erabat berdea, abereak, bide estuko trenbidea,...

 Behiak trenbidearen ondoan.

 Eta bidai honen beste mugarri bat WANGAHOMONA herrixka da. Hemengo berezitasuna, erdi galduta egoteaz aparte, 1989 Errepublika Independente bezala aldarrikatu zela. Far West-eko antza duten etxebizitza eta eraikuntza gutxi batzuk daude errepidearen alboetan.

 Bertako hotela. Hemen pasaportean bertako zigilua eska daiteke. Baina zoritxarrez, justu gaur itxita dago, atseden eguna baita. Gainera, euria ari du. Zerbait hartzeko asmoa ere bagenuen, baina ezinezkoa.

 Korreos bulegoa eta beste biltegi bat.



 Euria gero eta mardulagoa. Beraz, bidaia jarraituko dugu. 

 Stratford-en karabana barruan.  Euria gogor ari du. Gaurko plana Taranaki sumendia ikusi eta inguruan lo egitea da, baina eguraldi honekin ezinezkoa da. Beraz, plana erabat aldatu eta beste hiru orduko bidaia egingo dugu, hegoalderuntz, Plimmerton-era.

 Zelanda Berriko bost dolarreko billetea. Edmund Hillary protagonista. Euroak dolarraren erdia balio du.

 Taranaki ikusi gabe bagoaz hegoalderuntz, itsas ertzetik. Hemen aterri dago behintzat. Eta guretzat sorpresa galanta izango den momentua bizitzera goaz.

 PLIMMERTON. Semeak orain kontatu digu, bertako gizon batekin jarri dela harremanetan eta bere etxera gonbidatu gaitula afaltzera...

 Etxea itsasoaren gainean dago eta izugarria da, egurrezkoa, hiru solairukoa, lorategi txikia, ..., ederra benetan.

 Eta hemen gaude berarekin. Peter Radcliffe. Guretzat orain arte ezezaguna. Baina jakin dugu bere historia. Mendizale aparta, Patagonia eta Tierra del Fuego-ko mendietan lehenbiziko igoerak eginda, munduko beste herrialdetan ere ibilitakoa, eta laburtzeagatik, Zelanda Berriko Aoraki/Mount Cook-en pare bat aldiz egondakoa, batean hiru tontorren zeharkaldi zaila eginda. 80 urte betetzera dihoa eta kriston sasoia oraindik ere. Semeari, Tierra del Fuego-ko argazkiak eta informazioa pasa zizkion hango mendi batzuk igo ahal izateko eta hango glaziarrei buruzko pelikula egin zutenean. Baina fisikoki ez ziren elkar ezagutzen.

 Ilunabarra Peter eta Viviane-ren etxetik.

 Viviane-rekin. Emakume oso jator eta atsegina.

 Etxetik.

 Kriston afaria prestatu digute.

 Peter erabat emozionatuta Eñautekin. Tierra del Fuego-ko argazkiak ikusi eta ipuinak kontatzen. Mendiko liburutegi bat da gizon hau.




  Momentu oso berezia denontzat.

 Azkenean, bertan lo egiteko gonbita egin digute, eta horrela egin dugu. Eguna ederki bukatu dugu beraiekin hitzegiten eta batez ere Peterren historiak entzuten. Sorpresa galanta gaurkoa!

                         2025-12-27   5. eguna        
              WAIRARAPA-WELLINGTON

 PLIMMERTON. Peter eta Viviane-ren etxeko logelatik dugun ikuspegia. Tasmania-ko itsasoa.

Lo egin eta ederki gosaldu ondoren beraiekin, emozio handiz agurtu bikote berezi hau eta hegoalderuntz jarraituko dugu. Eskerrik asko eman diguzuen harreragatik! Gauean Wellington-en egon behar dugu, hego irlara igarotzeko ferrya hartzeko.

 Ipar irlaren hego-ekialdean dagoen Wairarapa zonaldea ezagutzeko baliatuko dugu eguna, Wellington-etik gertu baitago.

 Plimmerton-eri agur esaten.

 Wairarapa-ra bidean.

 Lehenbiziko geldialdia PÜTANGIRUA PINNACLES ikusteko egin dugu. Aparkalekuan dagoen mapa eta informazioa. Ordu t'erdiko joan-etorria, aldapa apur batekin. Era honetako geldiunetan, komunak eta ura hartzeko tokiak daude. Beti garbiak eta egoera onean. Eta herrialde honetan iturri guztietako urak dira edatekoak.

 Bidea, ea toki guztietan bezala, baso baten barnetik doa eta egurrezko eskillarak daude, aldapak igo eta jeisteko.

 Muino batetara heltzen da bidea eta handik gure azpian ditugu pinakuluak.

 Landaretza tropikalaz inguratuta, oso irudi interesgarria eskeintzen dute.

 Lur baldarren higiduraren adibiderik onenetako bat da paisaia hau.



 Landaretzaren arteko leiho batetik pinakuluei begira.

 Landaretza tropikala erabat.

 Aparkalekura itzultzen. Cook itsasarteko urak aurrean.

 Aparkalekuan. Eskuin aldean kanpin librea dago.


 Ondoren PALLISER ITSASMUTURRERA doan pista jarraitu dugu, baina faro-ra iritsi aurretik itsas txakurren kolonia dago.

 Itsas txakurrak. Karabana alboan utzi dugu.








 Hau oso gaztea da. Egun gutxi izango ditu.


 Jaio berria dirudi.

 Palliser itsasargia.

 Lora politak itsasertzean.

 Toki paregabe honetan geratu gara autokarabanan bazkaltzeko, Cook itsasartean.




 Palliser badia eta zeru ikusgarria.

 Gero, lasai, Wellington-eruntz hurbiltzen goaz. Artaldea. Aotearoa ("hodei zuri handiaren lurra", Zelanda Berria, maoriz) guztian ikusten dira bai ardi eta bai behi talde handiak. Eta baita oreinak ere. Baina ardiak eta behiak izugarri.

 WELLINGTON. Victoria Mendira igo dugu, bertatik dauden hiriaren ikuspegiak ikusi ahal izateko. Hemen kaia eta ferryak hartzeko ontziralekuak. Bihar goizeko 3,30tan daukagu ordua guk.

 Hau beste alderuntz, aireportua dagoen ingururuntz. Wellington da Zelanda Berriko hiriburua. 

 Maorien sinboloak dituen egurrezko eskultura.

 Eguna agurtzeko, itsasertzeko aparkaleku batetara jetsi gara. Gero ferrya hartzeko tokitik nahiko gertu dago. Hemen ere komunak daude. Afaldu eta hiru bat ordu lo egingo ditugu hemen. Baina lehenago ilunabar ederraz gozatzeko aukera daukagu.


 Eta irudi eder hauekin lotara. Goizeko ordubi t'erdietan egon behar gara ontziralekuan, ferryan sartzeko. Bihar Hego Irlara pasako gara.

 Hau da Ipar Irlan zehar ezagutu duguna. Gustora orain arte egindakoarekin. Ea behekoa nola ateratzen zaigun...




iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina