2025/09/08

⛰️PUNTA ALTA DE NAPAZAL 2363 mt

    Punta Alta de Napazal, Bozo mendatetik Bernera-ra doan mendiguneko lehenbiziko tontorra da. Lizara-tik edo La Cleta aparkalekutik egin daiteke igoera. Guk lehen Lizara-tik eginda genuen. Gaur, Aisa-tik gora dagoen La Cleta-tik egingo dugu. Ez da mendi oso bisitatua, eta horrek xarma gehiago ematen dio. Beti bezala, Aisa-tik doazen mendizale gehienak Aspe-ra joaten dira, eta Lizara-tik Bisaurín-era. Beraz, bakardadea izango da nagusi Bozo mendatetik gora.

 2025-08-30 Goizeko 8etan atera gara La Cleta-tik. Kotxe dezente aparkalekuan. Baina goian esan bezala, mendizale gehienak Aspe-runtz doaz. Igüer-eko lautadara heldu eta hor daukagu parean gaurko helburua. Bere eskuinean, Ruabe de Bernera.

 Askotan ibilita gaude inguru hauetan, baina gustora errepikatzen ditugu bisitak. Igüer-eko lautada guztia zeharkatuko dugu, Bozo mendatera igotzeko.

 Eskuinean utziko ditugu Rigüelo sakana, mendatea eta tontorra, eta Mallos de Lecherín eta Garganta de Borau. Eskuinean, Pico de la Magdalena.

 Behelainoak sartzen dira Aisa aldetik, baina berehala desagertuko dira. Goian, Magdalena.

 Igüer-eko "Belarrira"-ren oinera heldu behar gara. Igoera, bere ezkerrean dagoen kanaleta batetatik egingo dugu. Tontorra goian.

 Punta Alta de Napazal. Oso estetikoa hemendik.

 "Belarria". Esan bezala, ezkerretik gaindituko dugu. Mugarriz balizatutako bidezidorra dago.

 Bidezidor nabarmena dago. Aldapa handia dauka, baina erraza da. GR-tik joatea baino askoz laburragoa da.

 Azkenengo aldapan. Berehala aterako gara goiko zelaietara.

 Igüer-eko horma gainditu dugu eta orain eskuinetik datorren GRarekin egingo dugu topo, Bozo mendatera igotzeko. Tontorra aurrean.

 Bozo lepora heltzen. Ordu t'erditan behetik, nahiko lasai ibilita.

 Azkenengo metroak lepora igotzeko. Behean Igüer, eta goian Magdalena tontorrak eta Rigüelo mendatea.


 Atseden txikia Bozo lepoan. 1995 metrotara gaude. Ez dugu presarik. Gaurko mendia ez da luzea. Goiz ibili gara eta ez dugu jenderik ikusi bidean. Eta goian, seguruen, ez da inor ibiliko.

 Hemendik bi aukera daude eskuinean daukagun mendira hurbiltzeko. Bata, eskuinetik, gero jetsieran erabiliko duguna, eta bestea, orain hartuko duguna, ezkerretik, oso nabarmena den pinu baten azpitik.




 Hau da aipatutako pinua. Guk, behean utzi dugu jadanik. Mugarri gutxi batzuk daude eta aldapa handia.

 Pare bat sarrio behean, Lizara-ra jeisten den bidetik gertu.

 Bagoaz goruntz. Hasieran, nahiko nabarmena da bidezidorra, nahiz eta aldapa handia izan.

 Paisaiaz gozatzeko geldialdi txikiak eginez. Hor, Bozo mendatearen beste aldean geratzen diren Punta del Cuello Bozo, Napazal, Petrito eta Mesola.

 Goiko lepo horretara igo behar da. Bere eskuinean dago mugarri berezia, "harkaitz kulunkaria". Guretzat hau da tarte gogorrena. Aldapa handia eta eremu deserosoa ibiltzeko. Zorionez ez da oso luzea.

 Aipatutako lepora heltzen. Orain Bernera-ko hormak izango ditugu ikusgai. Igüer oso behean geratzen da.

 Hurrengo tartean edelweis ugari egoten dira, eta horrela da gaur ere. Baina, gehienak oso lehortuta daude. Aspaldi ez du euririk egin eta bero latzak izan dira Pirinioan ere.


 Ondoren, goiko hormen azpira heldu behar gara, mugarriak jarraituz. Aurrekoan izan ginenean, mugarriak hormaren erdira doaz, hortik gainditzeko, eta guk hori egingo dugu. Baina orain, mugarriak hormaren eskuinera doazela ikusten ari gara.


 Gure ezkerrean, Bernera-ren hormak eta Bisaurín atzean. Zirko ederra sortzen da hemen.

 Lizara aldea eta Bisaurín-era igotzeko Foratón mendatea.

 Lizara. Aparkalekua, kotxez gainezka. Gaur ere oso bisitatua egongo da Bisaurín.

Nahiz eta mugarriak eskuinera eraman, guk aurrekoan igotako tokitik hartuko dugu. Trepada txiki batzuk daude, baina ez da oso zaila.

 Hormara hurbiltzen. Hor aurrean dagoen kanaletik gora igaroko dugu.


 Kanal estu horretatik gora gainditzen da lehenbiziko zatia. Oso babestua dago eta erraz igotzen da.

 Kanalaren irteeran. Ondoren eremu irekiagora ateratzen da. Harri solteekin kontuz ibili behar da.

 Trepada txiki batzuk eta goiko lautadara aterako gara.

 Putrea.

 Tontorra lautada batean dago, eta berehala helduko gara. Hemen, inguruko tontor nagusiak.

 PUNTA ALTA DE NAPAZAL (2363m). Atzean, Bernera eta Bisaurín. 2 ordu eta 50 minututan behetik. Lasaitasun galanta hemen.

 Ruabe de Bernera eta Olibón.

 Mallos de Lecherín eta Collarada.

 Jeisteko mugarriak jarraitu ditugu. Bozo mendateruntz erortzen den ertzetik doaz. Bide hau ez genuen ezagutzen. Zailtasunez, bestearen antzekoa da.

 Kanal-Tximinia horretatik behera egin eta ondoren gure eskuinera hartuta, goiko hormaren azpira helduko gara.

 Hemen ere, harri solteak dira arazo handiena. Beraz, adi.

 Hau da kanala.

Bagaude goiko hormaren azpian. Ezkerretik igo eta eskuinetik jetsi. Baina, esan bezala, mugarriak eskuineko ertzetik doaz.


 Harkaitz-kulunkariaren ondoko lepora jeisten. Bernera-ren hormak eta Bisaurín.


 Harkaitz-kulunkaria.

                                                       
Bozo lepora jeisteko bide zuzenagoa erabili dugu, alde honetatik. Hortik ere egin daiteke igoera, beste aldeko pinuaren ondotik pasa gabe. Orain, zerbait luzatzeko bidea GRa jarraituko dugu, Aspe-ra doan bidearekin topo egin arte. Gero, handik behera.


Bagaude Aspe-rako bidean eta Rigüelo harana aurrean. Goian, Pico de la Garganta de Borau, Mallos Lecherines eta Pico Rigüelo.

 Eta atzera begira, Bozo mendatera egindako igoera ezkerretik, eta jetsiera eskuinetik. Punta Alta de Napazal-Ruabe de Bernera-Olibón, eta Llena del Bozo. Eta kotxera. Sei bat orduko ibilaldia izan da. Gustora gaur ere.


Ibilbidea Hemen





iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina