Menua

ALPES

2022/11/10

PICO DE LA GARGANTA DE AISA, El SOMBRERO, BORAU / LECHERIN .


 


 2022-07-30 Hemen gaude berriz Aisa-tik gora dagoen La Cleta aparkalekuan (1490m). Askotan etorri izan gara hona, baina oraindik badaude gauza berriak egiteko tokiak. Rigüelo-tik Punta Alta de Napazal-Ruabe de Bernera-Olivón. Baina gaur ez goaz horruntz.


 Gaurko helburua hor daukagu aurrean. Ezkerretik hasi eta Pico de la Garganta de Aisa-Sombrero-Borau egin eta eskuineko lepotik behera. Borau ezagutzen dugu, baina besteak ez, eta iparraldeko faxak ezagutzeko gogoa daukagu.

 Igüer errekaren urjauzia, Rigüelo-n.

 Bertan dagoen mapa eta gure ibilbidea moreaz markatuta.

 Aspe-rako bidea hartu dugu, baina berehala utzi dugu Rigüelo-tik gora joateko. Aurrean, Borau-Lecherines- Rigüelo.


 Hasiera batean Lecherines lepora doan bidea jarraitzen goaz, Canfranc-era doan GRa ere utzita.


 Baina momentu batean, bloke hauen inguruan, bidea utzi eta ezkerrera hartuko dugu sakan horretatik gora igotzeko, Garganta de Aisa lepora.

 Hemen hartzen da ezkerrerako bidea. Aurrean Aspe-ren hormak.

 Eskuinean geratzen dira Lecherines Malloak eta Rigüelo. Hortik jetsiko gara.

 Aspe-ren hormak izango ditugu beti gure ezkerrean. Igoera gogorra lepora.

 Harkaitz artean. Toki batzutan bidezidorra nabaritzen da. Beste batzutan ahal den bezala. Baina helburua argia da, dena gora.

 Aspe. Gu eskuineko sakanetik gora.

 Lepoa ikusten dugu baina oraindik aldapa tentea geratzen da.

 Bidezidorra baliatzen harritzan.

 Lepoa eskuinean eta Saguzaharren Ertza ezkerreruntz.

 Garganta de Aisa lepoan gaude (2332m). Gaurko aldapa gogorrena igo dugu. Aspe-ra doan Saguzaharren Ertza daukagu bertan.

 Aspe atzean utzi eta eskuinera hartu dugu Garganta de Aisa mendiaren azpiko faxa-ren bila. Tontorra gure gainean geratzen da eta aurrean ikusten den faxatik joango gara.

 Gozamena da hemendik ibiltzea. Ez dabil jenderik eta erraza da (beti ere, baldintza egokietan).

 Hormen azpian.



 Laster hartuko dugu eskuinera. Aurrean Sombrero daukagu.

 Bretxa horretara igo behar dugu. Hemen mugarriak zulora jeisten dira, baina gu markatutako tokitik joango gara. Ondo igarotzen da eta beheko harritza ekiditzen da. Gero lepotik berehala heltzen da Garganta de Aisa tontorrera, eskuineruntz joanda. Aipatu behar da hemen elurrak asko irauten duela, beraz...

 Sartu gara bretxaruntz. Atzean, Astún aldea, Monjes-Ayous, Midi, Lurien,...

Hormen ondotik ondo joaten da, zulora jetsi gabe. Atzean, Midi, Anayet,...

 Bretxara irteten. Azken zatia harritzatik da, baina ondo igotzen da.

 Bretxa goiko aldean oso zabala da. Hor egin dugu topo beste bikote batekin. Berehala igotzen da lehenbiziko tontorrera. Atzean beste biak Sombrero eta Pico de la Garganta de Borau.

 PICO DE LA GARGANTA DE AISA (2504m). Aspe bertan daukagu.

 Iparralderuntz, Rioseta, Astún, Midi, Anayet, Lurien, Palas,...

 Tontorrean gozatzen. Aspe bertan eta Anie atzean.

 Eta landaretza harkaitz artean.


 Hurrengo helburuak, Sombrero eta Borau.

 Edelweis ugari goiko alde guztian.

 Sombrero-ra igotzen ertza jarraituz. Ez dauka zailtasunik. Atzean, Garganta de Aisa eta Aspe.

 Mallos Lecherines-eri begirada.

 SOMBRERO (2562m). Borau atzean.
                                                                      BORAU IGOERA
 Garganta de Aisa tontorra orain beherago geratzen da. Bere gainean Aspe.

 Eta tontorrean gaudela, bikote bat Borau aldetik honuntz, eta sorpresa, aspaldian ikusten ez genuen elgoibartar bat. Oso jende gutxi honeraino, eta ezagun batekin topo egin behar... Gozamena hau ere!


Elkarrizketa luzea izan dugu lagunarekin. Baina jarraitu behar dugu. Aurrean daukagu Borau eta erabiliko dugun faxa dotorea.

 Rioseta aldea eta Borau-ren hormen azpian geratzen den haran polita.

 Borau-ren faxara sartzen.

 Oso polita da tokia.

 Hau da faxaren hasiera eta Sombrero eta Aspe daude atzean.

 Faxatik gozatzen. Garganta de Aisan topo egin dugun bikotea doa aurrean. Beraiek ez zuten faxa honen berri eta guk aipatu ondoren animatu dira hemendik etortzen.

 Atzera begira. Nahiko zabala da eta ondo igarotzen da.

 Eta aurrera begira. Hor gehiago estutzen da, baina ez da zaila. Beti ere baldintza egokietan!!!


 Faxaren bukaerara heltzen.

 Atzera begira. Egin dugun faxa, Sombrero eta Aspe.

 Faxaren bukaeranra heldu gara. Orain, Lecherín leporaino jetsi gabe, eta altuera galdu gabe, zeharkaldi bat egingo dugu harkaitz artean, Borau-ra doan ohiko bidea hartzeko.

 Borau-ra igotzen bide arrunta hartu ondoren. Harri soltea dago eta aldapa tentea. Baina duela gutxi egon ginen hemen eta ezagutzen dugu.

 Goiko ertzera irteteko azken maldetan. Atzean, gurekin etorri den bikotea.

 Ertzean tontor nagusira igarotzen.

 PICO DE LA GARGANTA DE BORAU/LECHERIN (2570m).

 Sombrero, Garganta de Aisa eta Aspe-ra begira. Hortik etorri gara.

 Gure herriko laguna eta bikotea Sombrero-ren tontorrean oraindik. Gustora daude itxuraz.

 Behelainoak iparraldeko haranetan.

 Mallos Lecherines.

 Tontorreko mugarri handiarekin.

 Lecherines lepora jeisten. Malloak aurrean. Gero lepotik eskuineko sakanera jetsiko gara zirkuitoa ixtera.

 Jetsierako zati zailena bukatzen. Destrepe txikiren bat dauka hor goian.

 Zailtasunak bukatu dira. Lecherines lepora heltzen.

 Malloen azpitik Rigüelo sakanera jeisten. Hemen aldapa handia dago, baina bidezidorra nahiko nabarmena da.

 Borau atzean geratzen da.

 Kolore bizitasuna harkaitz artean. Lirioa.

Rigüelo haranaren beheko aldetik, atzera begira, gaurko hiru tontorrak, Malloak eta Rigüelo mendia. Ibilbide dotorea bukatzear gaude. Asko gustatu zaizkigu ibilitako faxak eta bidean aurkitu dugun lasaitasuna. Borau-n jende gehiago zebilen baina gainontzekoan beste bi bikoteak bakarrik. Elurrik gabe eta lehor egonda, oso ibilbide ederra.



iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina