2018-08-11 Hemen gaude berriz Rigüelo-n. Tontorrak gaur ere lainotuta. Helburua Sombrero-tik Borau-ra joatea da iparraldeko faxatik, baina hodeipean daude, eta helburua aldatu egin dugu. |
Behin Aspe-ko bidea utzi eta ezkerrera hartu, berehala ikusten dugu jarraitu behar dugun norabidea. |
Bloke artean sartu gara, baina bidea oso ondo jarraitzen da, mugarriak ondo ipinita baitaude. Nahiko erosoa da. |
Blokeak atzean utzi eta Llena de la Garganta-ren hormen azpira heltzeko aldapa tentetu egiten da. |
Llena de la Garganta-ren hegoaldeko hormak. Horren azpira igo behar dugu. Berriz harri artean. |
Hori da guk jarraituko dugun bidea, Llena de la Garganta-ren hormen azpitik lehenbiziko lepo horretara igotzeko. Harritzaren ezker aldetik ere igo daiteke. |
Sarrio multzo ederra dabil hormen azpian. |
Bidezidor labainkorra jarraitzen harritzan. |
Zati gogorrena lehen aipatutako lepora heltzeko dagoena da. Aurretik pare bat aldiz geunden hemen ibilita, baina beti elurrarekin, eta noski, oso desberdina da. |
Lepoan, atseden fisikoa eta baita begientzat, horrelako irudiekin. |
Eskuinean Llena de la Garganta geratzen da. |
Eta ezkerrean Llena del Bozo. |
Gozamena da bi mendien artean dagoen ibarretik igotzea. Aldapa ez da handia eta gainera edelweis asko ikusten hasi gara. Gero goiko maldetan "pasada" bat izango da. |
Lepo horretatik gora, eskuin aldetik hartu dugu, mugarri batzuk jarraituz, belar eta lora artean. Aldapa gogorra, baina ondo ibiltzekoa. Aurrekoetan, elurrarekin, beti ezkerretik igo izan dugu. |
Hemen dagoen edelweis kopurua izugarria da. |
Wallon lepoa behean ikusten da. Bidezidorra dago behin belarretatik atera ondoren. |
Eta mugarriak jarraituz tontorreko hormen azpira heldu gara, eta sorpresa!. Eskuin aldetik "bira" dotore bat eta mugarriak bertatik joateko adierazten dute. Guretzat hau berria da, beraz aurrera! |
Oso bira dotorea da, Aspe haranaren gainean, erraza eta azkar eramaten du Foya de Aragúes-etik datorren ertzera. Pena, goia erabat lainotuta dagoela, baina tira, igotzeko ez dago arazorik. |
Bira oso nabarmena da, eta beste ertzera atera ondoren berehala igotzen da tontorrera. |
LLENA DEL BOZO (2566m). Atzo Soba-n bezala, ikuspegiak Zero. Baina pozik gaude. Hona ez dator Aspe-ra doan mendizale multzorik. |
Foya de Aragües aldera jeisteko asmoa genuen, gero Bozo Lepotik itzultzeko, baina ezer ez denez ikusten, toki beretik jetsiko gara. |
Jeisteko, birara etorri gara berriz. Gustatu egin zaigu eta nahiko erosoa iruditu zaigu. Birako pasagune batzuk ondoren. |
Eskuak momentu txikiren batean erabili behar dira, baina nahiko zabala eta erraza da. Beti ere baldintza egokietan. |
Hau da azpian daukaguna, Aspe sakana. |
Biratik irten ondoren, edelweisen jaialdia. |
Bagaude tontorreko hormen azpian Wallon lepora jeisten. |
Aspe sakana Wallon lepoa baino zerbait goragotik. |
Tximeleta dotorea lora politean. |
Llena de la Garganta daukagu aurrean. |
Bi mendien arteko ibarra eta Aisa aldea. Hodeiak nagusi. |
Wallon lepora jeisteko azkenengo zatian. |
Eta bide berbera jarraituz beheruntz. Igotzen gehien kostatu zaiguna orain nahiko azkar jetsi dugu. |
Lora sorta ederra toki gogorrean. |
Harkaitz arteko zatiak bukatzen. Laster belar arterapasako gara eta Aspe-ko bidearekin egingo dugu topo. |
Rigüelo-tik, Rigüelo mendia, Mallos Lecherines eta, lainotuta, Pico de la Garganta de Borau, gure hasierako helburua... |
Mallos Lecherines. Beti gogoratzen dugu duela 37 bat urte egin genuen igoera eta izan genuen abentura. Gazte garaiak... |
Igüer harana, Llena del Bozo erdian, eta Bernera, Olibón,..., atzean. |
Eta berehala aparkalekura. Hasierako helburua ez dugu bete, baina ondo baliatu dugu eguna. Badaukagu motiboa beste batean hona hurbiltzeko. |
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina