Menua

ALPES

2019/10/27

TRAVIESOS DORREA 2385 mt


2019-08-30 VEGARREDONDA. Aterpean lo egin eta gosaldu ondoren, goizeko 7,45tan prest gaude irteteko. Eguraldi bikaina daukagu. Goizero bezala behelainoak haranetan, baina goian dena garbi.

Aterpea eta Gurbiñales mendilerroa.

Aterpe zaharra eta artegia.

Hasiera berriz atzoko bidetik. Argaos orratzak aurrean.

Hauek ere gosaldu egin behar dute.

Argaos eta gure aurretik atera den taldea. Asturiarrak dira eta Vegabaño-ra doaz, Pikosetako Eraztunaren zati bat egiteko asmoz.

Hemen dago bidegurutzea. Gaur ezkerrera goaz, goian antzematen den La Fragua lepora eta Jou Santu-runtz.

Porru Bolu ederra eskuinean utziko dugu.

 Eta Porru-ren atzean atzoko Requexón.

Bide sigi-sagatsua Fragua lepora igotzeko.

Behelainoak haranetan.

Gure itzala lepoko harkaitzean.

Fragua lepotik aurrean ikusten ditugu Enol-eko Orratza eta Torre de Santa María. Honen oinean Cemba Vieya elurgune gero eta murriztuagoa eta Corredor del Marqués, eskalada bide ezaguna (neguan batez ere).

Fragua lepotik gora Barrastrosas aldera. Lepoaren ondoan dagoen tontorra Porra la Altiquera da. Ercina lakua agertzen da bere eskuinean.

Argaos Orratzak eta Cebolleda gure eskuinean.

Bide dotorea Barrastrosas-en. Aurrean ditugu Torre de la canal Parda eskuinean, Pico los Asturianos erdian eta Torre de los Traviesos ezkerrean.

Fragua lepotik jarraitzen ari garen bidea. Lasaia eta gozatzekoa.

Jou Santu-aren atarira heltzen gaude. Gure gainean Enol Orratza eta Torre de Santa María.

Aurrean daukagu Jou Santu eta Vega Huerta-ra igarotzeko Forcadona harrigarria. Eta nola ez, Peña Santa erregina eta Torre del Torco, biak ezagunak eta igoera oso interesanteak.

Baina gaur ez goaz Jou Santu-ra. Bertara doan bide nagusia utzi eta Pico de los Asturianos-en ezkerrera doan bidea hartu dugu. Mugarriak daude bidea adierazten. Atzean Torre de Santa María, erraldoia hemendik ikusita.

Torre del Torco eta Tres Marías, Jou Santuaren gainean.

Enol eta Ercina aldera dagoen eremu basatia. Behelainoak atzo baino beherago daude. Gaur lakuetan dabilen jendeak atzo baino zorte gehiago du.

Muino batean, Pico los Asturianos-en oinera heltzen. Atzean, Torre del Torco-Tres Marías-Torre de Enmedio eta Torre de Santa María.

Forcadona. Hor elurrak asko irauntzen du eta kranpoiak behar izaten dira askotan.

Hodeien gainetik...

Gaurko helburua, Traviesos Dorrea. Aurretik pare bat aldiz egonda gaude eta alboan dagoen Torre de la Canal Parda-n ere. Aurrekoetan eskuineko ertzetik joan izan gara, Canal Parda-rekin lotuz. Ezkerretik igoko dugu. Mugarri lerro bat ikusi dugu hortik doala eta jarraitzea erabaki dugu.
Mendiaren oinera hurbiltzen. Paradisuan gabiltza...
Kanal horretatik igoko dugu.

Kanalean. Erraza da, baina kontu handia eduki behar da harri solteekin.

Kanaletik atera ondoren, pasabide hau igaro eta azkenengo zatia geratzen zaigu.

Azkenengo zati hau zabalagoa da eta malda handia. Hemengo arazoa berriz harri solteak dira, baina ondo igotzen da.

Tontorrera heltzen. Goia oso zabala da, eta izugarrizko ikuspegiak eskeintzen ditu. Torre de Santa María atzean.


TORRE DE LOS TRAVIESOS (2385m). Cornión mendikatearen erdian dago kokatuta eta inguru ederrak alde guztietara. Hemen, Peña Santa eta Torre del Torco-rekin.
Tiro de la Llera, Cuvicente eta Robliza dotorea. Mesones kanala eskuineko zuloan eta Caín hodeien azpian.

Torre de Piedras Luengas, Mesones eta Torre de los Cabritos. Atzean, Erdiko Mendikatea, Torre Cerredo, Cabrones, LLambrión,...

Torre de Enmedio, Torre de la Horcada, Horcada Santamaría eta Torre de Santa María-rekin.

Torre de los Cabrones, Cuvicente, Jultayu, La Robliza,..., eta Jascal, Cabezos Llorosos atzerago.

Peña Santa, Forcadona, Torre del Torco, Tres Marías.

Balkoi abantailatsua hamarretakoa egiteko. Momentu hauek gozatu egin behar dira! Bakar bakarrik gaude gaur ere.

Tontorrean lasai egon ondoren, beheruntz goaz. Igoerako toki beretik jetsiko dugu.

Destrepe txikiak.

Kanaletik behera.

Goiko zatia jetsi ondoren, Jou de la Canal Parda inguratu behar dugu Asturianos tontorraren oinero iristeko.

Ondo ikusten da egin dugun ibilbidea bai igotzeko eta baita jeisteko.

Igoera eta jetsiera laburrak Jou-a inguratzeko.

Hemen elkartuko gara Jou Santu-tik datorren bide nagusiarekin. Hor goian ikusi ditugu gaurko lehenbiziko mendizaleak. Guk igotako tontorrera zihoazen lau pertsona.

Barrastrosas-eko bide erosoan. Aurrean, Cebolleda eta Argaos. Fragua lepoa eskuinean.

Atzera begira.

Fragua lepotik behera. Aurrean Torres de los Poyones eta Cotalba.

Porru Bolu eta Requexón ditugu aurrean. Atzoko bidegurutzera heltzen gaude.

LLampa Cimera-ko bidean Vegarredonda-ra jeisten. Hodeiak ez dira igo oraindik. Gurbiñales eta Gamonal lepoa aurrean.

Hauek ere egarria daukate. Aterpe zaharraren ondoan dagoen iturriak emari ederra dauka.

Remis Artzaia eta Gida.

Aterpean goizean utzitako gauzak jaso eta bidea jarraitu dugu. Gamonal lepora apur bat igo behar da. Hau da atzean uzten duguna. Atzoko eta gaurko tontorrak gehi beste asko- Toki aparta da hau!

Rondiella artegia.

Jeisterakoan ere argazkia atera behar txabola horri. Badu zerbait...

Canraso ibarrerauntz. Abereen marruak eta zintzarriak entzuten... gozamena da hemen ibiltzea.

Canraso ibarretik oraindik ikusten ditugu gaurko tontorra eta bere lagunak.

La Piedra artegia. Ederra hau ere!

Bertako txabolak. Pena, artzaiak falta direla...


Hemendik Pan de Carmen aparkalekura jeistea geratzen zaigu. Beste pasiada eder bat. Horrela bukatuko dugu Cornión-eko paradisuan igarotako bi egun bikainak. Azkena ez izatea espero dugu.

Ibilbidea

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina