Menua

ALPES

2019/03/11

BRAÑAGALLONES, CANTU L´OSU 1793 mt. Bezanes-etik. REDES




2019-03-02 Larunbat eguerdirarte ezin izan dugu libratu eta bazkaldu ondoren atera gara Infiesto-ra heltzeko. Ihauteriak direla eta, asterterarte daukagu jai. Gaua ostatu dotore honetan igaroko dugu eta bihar Bezanes-era joango gara.

Ostatuko irudiak. Infiesto-tik 6 km-ra dago, Campo de Caso-ra doan errepide estu eta bihurriaren ertzean. Toki lasaia eta atsegina.


2019-03-03 Gosaldu ondoren, Campo de Caso-ra ( Redes-eko hiriburua) eta Bezanes-era ondoren ditugun 35bat kmak egingo ditugu. Ea ordubete beharko dugu. Gainera obretan daude errepidean. Hemen, bide erdian dagoen Arnicio lepoan gaude eta San Isidro inguruko mendiak ikusten ditugu, oraindik oso elurtuak.

Goizeko 10:30etan Bezanes herriaren sarreran dagoen aparkalekuan kotxea utzi eta prest gaude ibilaldia hasteko. Hau da bertan dagoen mapa.
Eguraldi goibela daukagu eta bertako biztanle batek euria egingo duen susmoa duela esan digu. 10,5 km-ko pista daukagu Brañagallones-era igotzeko. Taxisean igo daiteke, baina gu oinez joango gara. Bagenekigun zer zegoen eta burua prest daukagu oinez igotzeko. Orain 650m-ra gaude eta 1215m-ra igoko dugu.

Badakigu, aterpeko zaindariak esanda, ibarreraino ez dagoela elurrik, baina gero mendian bai, eta biguna, beraz erraketak igoko ditugu.

Errotulo dotoreak kaleetan, eta izenak zer esanik ez.

Bezanes-eko kaleak. Campo de Caso-tik Tarna mendatera doan errepidean dago kokatuta herria.



Hori da gaurko lehenbiziko helburua. Gero ikusiko dugu...


Bagoaz pistatik goruntz, herria behean uzten. Hasieran dago aldaparik handiena, lehenbiziko behatokira heldu arte.

Baina ditugun ikuspegiek, aldapak arintzen dituzte. Bezanes-etik Tarna-runtz hurrengo herria La Foz eta Tiatordos eta Macièdome mendiak ditugu ikusgai. Ezagunak biak guretzat.

Ezkerrean, goian oraindik, Cantu de la Oración behatokia. Bere izena, herrikoak Brañagallones-era igotzerakoan, hortik kanposantua ikusten dela behean eta errezatzeko geratzen zirelako omen da. Aurrean, Llin de la Gobia eta Cabritera mendilerroa.

Behatokian (972m). Berotu gara. Tiatordos eta Maciédome ikusgai.

Gure helburua Cantu l'Osu gainean daukagu. Hasi gara pentsatzen arratsaldean igo dezakegula. Gero gaua, Brañagallones-eko aterpean pasako dugu.

Horiek dira Brañagallones gainean dauden mendietako batzuk, garaienak. Guk hauek, beste aldetik, San Isidro mendatetik ditugu igota. Peña del Viento-tik ikusi genuen Brañagallones ibarra eta aspalditik genuen ezagutzeko gogoa.

Erlauntzak pistaren ondoan.

Egin ditugu 4 km. Azkenengo urteetan pista itxita dago partikularrentzat, bertako abeltzainak ez badira, eta taxi-noranahikoak daude herrian igo ahal izateko. Aterpekoak esan digunez, 8. km-raino igo dezakete orain, elurra dela eta.

Cantu l'Osu. Bere eskuinetik zeharkatuko dugu ibarrera heltzeko, eta igoera atzetik egingo dugu.

Biáriz-eko txabola dotorea. Nahiz eta pistatik joan, gustora goaz. Atsegina egiten ari zaigu. Seguruen beste batean baldin bagatoz, ez da horrela izango...

Apur bat gorago, La Trapiella txabolan, irudi dotore hauek daude. Badago artistaren bat hemen.
Aurrean Cascayón eta Corteguerón mendiak. Beste aldean San Isidro mendatea eta eski-estazioa daude. Eguraldia ere hoberuntz doala dirudi.

Andorviu iturri ederra. Ur hotza eta ugaria.

Cascayón mendia. Bere magalean dago Ubales lakua.

Hemen dago 8. kma, Argayu L'Llobu. Argi dago zergatik ezin duten gorago igo taxisak. 4 kotxe daude bertan.

Tunel del Crestón zeharkatzera goaz. Eskuinean Corteguerón mendia.
Nahiz eta oraindik pare bat km falta, ikusten dugu ibarraren kokapena, Príes mendilerroaren azpian.
Beste behatoki bat. Hor agertzen den paisaia ondo ikusten dugu, baina animalirik ez.
Príes mendilerroa daukagu parean. Bide guztia, ibarreraino, eta mendi puntaraino ere PR markekin balizatuta dago.

Peña del Viento. Elur asko daukate mendiak. Hemendik ere igoera nahiko klasikoa da, nahiz eta orain kranpoiak behar. Guk ekarri ditugu baina ez da gure helburua.

Gure helburu nagusia hona heltzea zen, eta lortu dugu. Ondoren datorrena gehigarri dotorea izango da.

BRAÑAGALLONES. Toki paradisiakoa.


35 bat txabola daude, ea denak berrituak. Atzean Brañapiñueli mendilerroa.


Garai batean herriko 30 bat familia egoten ziren hemen denboraldi luzeak igaroten.


Aurrean daukagu aterpea, zerbait esatearren. Duela urte batzuk hotela izateko asmoz eraiki zuten, eta noski, ez zuen funtzionatu. Urte batzuk itxita egon ondoren, Asturias-eko mendi federazioak hartu zuen, eta aterpe bezala funtzionatzen du orain, nahiz eta hotel itxura izan.

Eguerdiko ordubata pasata heldu gara eta pikoteo apur bat egingo dugu, sagardoaz lagunduta. Hau da luxua! Ondoren, Cantu l'Osu-ra abiatuko gara, denbora baitaukagu lasai igo eta jeisteko.

Ordubietan atera gara goruntz. Bidea nabarmena da, balizatuta dago eta elurretan arrastoak daude. Goian ikusten den ertzera aterako gara, apur bat ezkerrerago.

Aterpea, ibarraren beste aldean.

Igoeraren erditik gora elurra zapaltzen hasi gara, baina orain ez ditugu erraketak erabiliko. Arrasto ona dago.
Aran txiki honetatik gora egingo dugu, baina gero gu eskuinera joango gara, bide arrunta utzi eta ertza hartzera.

Hor behean bide arrunta ezkerretik dihoa eta gu ertza hartzera goaz, elurrezko aldapa tentea jarraituz.

Muezca lepora heltzen. Atzean, Brañagallones ibarra behean eta Peña del Viento, Los Fornos, Cascayón, Corteguerón e.a. San Isidro-rekin muga egiten duen mendilerroa.

Muezca lepora heldu garenean, La Ablanosa artegia ikusten dugu azpian. Hau, Tarna aldea da.

Eta noski, ikuspegi bikainak ditugu alde guztietara. Hemen, Pikosetako Peña Santa, Torco, Tres Marías, Torre de Enmedio, Torre de la Horcada eta Torre Santa María agertzen dira. Cornión mendikatea.

Tarna herria zuloan eta Ten eta Pileñes mendi ederrak. Atzerago, ezkerrean, Picos de Europa.

Ertzean elurrezko zatiak eta harkaitz eta landaretza zatiak tartekatzen dira. Ez da oso erosoa, baina ikuspegiak bikainak dira.

Tiatordos ederra.

Gure atzean, Mongayo, eta atzerago, bihar igoko dugun Pico el Lago eta Mampodre aldea.

Hor behean ikusten den sakan elurtu horretatik igo dugu ezkerreko ertzera. Príes mendilerroa eta Rapaína ditugu gertuen.

Azkenengo irtengunea geratzen zaigu. Orain eremu errazagoa daukagu. Eguraldia oso ona, nahiz eta haize bortitza ibili momentu batzutan.

Tontorrera heltzen.

Tiatordos, Maciédome, Picos de Europa... Ikuspegi zabala eta ederra.


CANTU L'OSU (1793m), nahiz eta buzoian zerbait gehiago jarri. Ez da inguruko tontor garaiena, baina ikuspegi oso zabala eta ederra du. Mendi oso ezaguna.

Buzoi erraldoia dauka eta bertan ondo zaindutako koadernoa, iritziak idatzi ahal izateko. Atzean, Pileñes eta Ten besteak beste.

Què grandes peñes, una para les cabres y la otra para les oveyes. Ten eta Pileñes.

Torres mendia, San Isidro gainean.
Torres-era igoera

Rapaona-Rapaína, Peña del Viento-Fornos- Torres-Cascayón.
Pico el Lago erdian eta Mampodre-ko tontorrak atzean, Peña la Cruz ezkerrean eta Polinosa eskuinean.

Orduerdi egon gara gailurrak eskeintzen dituen edertasunetaz gozatzen. Jeisteko elurrezko pala guztiak baliatu ditugu, erraketak ipinita.

Cascayón mendia hodei dotorez apainduta.


Erdia baino gehiago egin dugu beheruntz erraketekin.

Basora heldu garenean kendu ditugu erraketak. Berehala helduko gara Brañagallones-era.

Arratsaldeko 17:30rako heldu gara Brañagallones ibar ederrera. Brañapiñueli mendia fondoan.

Erdiko sakan horretatik agertu gara ibarrean.
Brañagallones. Gozamena da hemen ibiltzea eta bertan lo egitea. Igandea da eta oso jende gutxi geratzen da aterpean. Lasaitasuna.




Dutxatzeko aukera dago eta behin aldatu, denbora lasai igaroko dugu afaltzeko ordua heldu arte.
Barruan, aterpea baino hotel itxura handiagoa dauka. Gainera zaindaria oso jatorra da eta solasaldi ederra izan dugu berarekin. Sagardoa, garagardoak,..., denetarik. Oso atsegina bertako egonaldia.

2019-03-04 Goizeko 8retan altxatu eta gosaldu ondoren, aterpeko zaindariak agurtu eta beheruntzako bidea hartu dugu. 10,5 km-ko pista berriz.
Aterpean dagoen irudi bikaina. Brañagallones erdi erdian dago. Aran glaziar ikusgarria.


Ibarraren sarreran dagoen iturria.

Redes-eko basoak eta Peña del Viento, Cascayón, Corteguerón. Berriz itzuliko garen asmoarekin goaz beheruntz. Toki paregabea iruditu zaigu. Gaur ere eguraldi ederra.
Horrelako bat ikustea falta izan zaigu.


Gauean hotza egin du eta putzuak izoztuta daude.


Andorviu iturria.


La Trapiella.

La Cardosa artegia eta Peña del Viento, Fornos, Cascayón eta Brañapiñueli eskuinean.

Cantu l'Osu. Asko gustatu zaigu.


Tiatordos.
Igoera Pendones-etik 
Eguerdiko 12tan helduko gara Bezanes-era. Botak kendu eta aldatu gabe kotxea hartu eta Tarna mendatea igo ondoren, Las Señales mendatera joango gara, handik Pico el Lago-ra igotzeko asmoz. Eguna ondo baliatu behar dugu. Hau izango da hurrengo historia...

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina