Menua

ALPES

2019/03/17

PICO DEL LAGO 2009 m. León

2019-03-04 Brañagallones-etik Bezanes-era jetsi ondoren, kotxea hartu eta Tarna mendatera goaz. Horrela ikusten da Cantu l'Osu Tarna mendateko errepidetik. Eguraldia ona dago eta arratsaldea baliatu nahi dugu irteera labur bat egiteko.

Tarna mendatea igaro eta oso gertu dagoen Las Señales mendatera heldu gara. León-en gaude eta hau da gure helburua, Pico del Pinar edo del Lago. Hemen Asturias aldean baino elur askoz gehiago dago. Gainera oso altu gaude, 1625metrotara eta mendiak 2000 m justu ditu.

Tarna mendatearen beste aldean Ten mendi erraldoia daukagu.

Eguerdiko ordubata aldean abiatu gara, kotxean bertan erraketak ipinita. Ez gara bakarrak, beste bikote bat eskiekin abiatuko da oraintxe eta beste pare bat kotxe ere badaude.

Mendiak ez dauka misteriorik. Pinadia zeharkatu eta eskuinean ikusten den lepora igo behar da, ondoren ertzetik edo bere ingurutik jarraitzeko. Tontorra zerbait atzerago dago.

Beheko lautadan biguna dago elurra eta ondo goaz erraketekin. Atzean, Peña Ten.

Pinaditik irteten. Laster malda handitu egingo da, eta elurra gogorra dago ertzera irteteko. Beraz, erraketak kendu eta kranpoiak jarriko ditugu. Berriz hona itzuli arte ez ditugu kenduko.

Ertzera irteteko malda tentean, kranpoiekin. Atzean, Tarna-tik Las Señales mendatera datorren errepidea Remelende mendiaren magalean.
Behinertza hartuta ikuspegia asko irekitzen da. Hemen, Pikosetako Cornión mendikateko tontor garaienak, Peña Santa, Torre del Torco, Tres Marías, Torre de Enmedio, Torre de la Horcada, Torre Santa María eta Cebolledas besteak beste.


Tontorra erdian dagoena da. Ertzetik jarraitu beharrean, zulo dexente baitaude elur artean, apur bat beheragotik joango gara, elurrezko malda garbiagoak bilatuz.

Atzera begira, San Justo mendia lehen planoan ezkerrean, San Isidro mendateko tontorrak atzean, Toneo, e.a. , eta Torres eskuinean.

Goazen tokitik arrasto batzuk badaude, baina zulo galantak ere bai, eta batzutan, hanka guztia sartuta geratu zaigu. Adi ibili behar dugu!

Torres mendi dotorea eta Valverde puntak bere ezkerrean.

Zenbat eta gorago elur hobeagoa daukagu eta seguru goaz kranpoiekin. Cofiñal aldera erortzen den magala nahiko tentea da, eta elurrarekin...

Ertza baino apur bat beheragotik goaz. Tontorra eskuinean.

Behean errepidea eta Cantu l'Osu agertzen da erdian, Mongayo mendilerroaren atzean.


Azkenengo palan. Ez da luzea eta elurra gogorra dago, nahiz eta arratsaldeko hirurak izan.

Hodei batzuk agertu dira baina eguraldiaren aitzakirik ez daukagu. Panoramika ere ederra da. Pileñes, Ten, Cornión eta eskuinean fondoan, Pikosetako Urrieles mendikateko Torre Cerredo, Torre dela Palanca, Llambrión, Friero,..., bereizten ditugu.

Pasarte arriskutsu labur bat tontorrera heltzeko. Orain eskuinera dago jauzia. Atzean, Tiatordos eta Maciédome.

PICO DEL LAGO (2009m). Bi ordu baino gutxiago kotxetik, lasai ibilita. Atzean, Tiatordos eta Maciédome.
Gure aurrean, oso gertu, Mampodre mendikateko tontorrak, ezkerrean Peña la Cruz, Cervunal erdian eta La Polinosa eskuinean. Zeharkaldi dotorea egin genuen hor duela urte batzuk.


San Justo, San Isidro-ko mendiak, Torres eta Brañagallones gainean dauden Rapaína, Peña del Viento eta abarrak.
Hegoaldean, Porma urtegia eta Susarón mendia.

Hamar bat minutu egon gara tontorrean eta bagoaz beheruntz. Haize fina dabil hemen.

Igoerako arrastoak jarraituz jetsiko gara, ea zuloak ekiditzen ditugun. Gutxi gorabehera lortuko dugu, nahiz eta baten batean sartu garen.

Ertzetik behera jeisteko igoeran baino bide zuzenagoa hartu dugu, kranpoiekin oraindik.


Malda atzean utzi dugunean, erraketak ipini ditugu berriz eta kotxeraino jongo gara horrela. Jetsiera nahiko azkar egin dugu.


Lauretarako heldu gara kotxera. Gustora ibili gara. Mendi motza baina elurrarekin asko irabazten du. Eta duen ikuspegia zoragarria da.

Aldatu ondoren, Riaño aldera jetsi gara, turismo apur bat eginez, nahiz eta ondo ezagutzen dugun. Hau da gure mendiaren irudia Tarna-tik behera goazela.

Riaño-tik Pontón mendatea igo eta Oseja de Sajambre-ko taberna batean merienda-omenaldi bikaina egin dugu. Horrela errazagoa egingo zaigu geratzen zaigun bidaia, Beyos zintzurra, Cangas de Onís eta Benia de Onís. Hor igaroko dugu gaua. Bidean, egun hauetan Asturias-en dauden sute batzuk ikusteko aukera izango dugu...


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina