Menua

ALPES

2018/09/21

SACROUX 2668 m.

2018-08-22 Bezperako palizaren ondoren, gaur plan lasaiagoa daukagu. Benasquen igaro dugu gaua, Mendiko Eskolako Ostatuan, eta presa handirik gabe, goizeko 9:30ak aldera heldu gara Benasque-tik Bagneres de Luchon lotu behar zuen errepidearen bukaerara, Hospital de Benasque-ren gainean. Kotxe dexente dago, baina oraindik ez dago aparkatzeko arazorik.

Hau da gure norabidea. Helburua Sacroux mendia. 1994an izan ginen bertan, eta gaur egun aproposa da toki eder honi beste bisita bat egiteko. 1798m-tara dago irteera eta beraz ez daukagu izugarriko garaiera-aldea. Gainera bide oso lasaia eta ona da tontorraren oinera heldu arte.

Urjauzia bidearen ezkerrean.

Lehenbiziko zatia basotik da eta itzalean. Gaur ere bero egiten du.

Basotik atera ondoren Gorgutes-eko haranean gora, Pica de la Glera goian daukagula.

Gorgutes uharraren ertzetik. Laster zeharkatuko dugu beste aldera. Bidea oso garbia da eta margo berdez dago balizatuta.

Hau da Gorgutes uharra zeharkatzeko zubia.


Gorgutes uharra eta Mall Pintrat mendi ederra goian.
Atzean daukagun paisaia izugarria da. Paderna aurrean eta ondoren, eskuinetik hasita, Pico del Alba, Picos Occidentales de la Maladeta, Pico de la Rimaya eta Maladeta.

Gorgutes lakura hurbiltzen. Ezkerrean, Mall Pintrat eta Estauàs.

Lakura heltzen ari gara eta atzean agertu zaigu Sacroux.

Mall Pintrat ezkerrean geratzen da.

Gorgutes lakua eta Sacroux erdian. Eskuinetik jarraitzen du jarraitu behar dugun bideak, 10 minutura dagoen Glèra mendatera.

Mall Pintrat lakuan bikoiztuta.

Glèra mendatearen ondotik, lakua eta Maladeta-Alba mendilerroa. Kokapen ederra dauka lakuak! Normala jende asko etortzea bertara.

Maladeta eta Pico de la Rimaya, glaziarrarekin.

Salvaguarda eta Pico de la Mina inguruko orratzak.

Aigualluts aldea eta Forcanada, Cap de Toro eta Mulleres. Hor hasi dira sortzen ekaitz hodeiak. Hau da uda honetako ezaugarria.

Gu bitartean azken hormaren azpira heldu gara. Hemendik gora eskuak erabili behar dira, baina lehorra baldin badago ez dauka zailtasun handirik.

Trepada erraz batzuk egin behar dira.

Azkenengo zatia, aldapa tentea da, baina harri solte arteko bidezidorrean. Ezkerrean, Pico de la Glèra, Montanyeta, Salvaguarda, e.a. eta Maladeta-Alba eskuinean.

SACROUX (2668m) tontorretik, Maupás, Lèzat eta atzoko Quayrat.

Mall Planet eta Barrat, Boum eta Maupás.

Ahuntzak daude tontorrean, lasai. Nahiz eta jendea hurbildu ez dira mugitu. Ikuspegiaz gozatzen hauek ere! Normala... Quayrat, Lèzat, Maupás, Boum eta abarrak ez dira horrela ikusten toki askotatik. Mendi hau ez da oso garaia, baina toki bikainean dago kokatuta eta bistak halakoak dira.

Puerto Biello-ko lakua dela uste dut. Izen politeko beste bat dago gertu, Célinda.

Estauas, Mall Pintrat,... hauek ondoan daude.

Tontorrean, Boum, Maupás, Lèzat eta atzo igotako Quayrat gogorrarekin.

Salvaguarda eta Maladetekin.

Aneto eta Maladeta.
Boum eta Maupás. Ah ze nolako oroitzapenak! Urte asko mendian...

Quayrat. Atzo hor ginen. Tontorraren azpiko bira ere antzematen da. Eskuineko ertzetik egin genuen igoera. Mendi dotorea!
Hemen ere hasi dira hodeiak sortzen, baina hala ere, gustora paisai hauekin.

Ahuntzak hor geratu dira tontorrean, baina gu bagoaz beheruntz.

Destrepeetara heltzen.

Horrelako tokiak dira eskuak apur bat erabiltzekoak.

Hormaren azpian gaude. Oraindik batzuk gora doaz eta beste bikote bat jeisten ari da.



Hemen ere geratzen da oraindik elurgune dotore bat.

Sacroux goian.

Gorgutes lakuan, Mall Pintrat-ekin. Orduerdi bat igaro dugu bertan.

Oinei ere ondo merezi duten atseden freskoa eman diegu.

Eta Maladeta-Alba mendilerroa aurrean daukagula, bagoaz beheruntz, momentuaz gozatzen.

Montanyeta mendia. Bere oinean bi laku daude, oso politak, eta ez dira oso bisitatuak. Gu orain desbideratuko gara  bertara joateko. Gaur es daukagu presarik...

Montanyeta-ko lakuetako bat. Erabat lasaia eta ederra.

Berriz bidera itzuli ondoren, Gorgutes uharreko urjauzietara hurbildu gara.

Eta bide balizatutik behera jetsi gara. Orain azkenengo zatia basotik. Bezperako nekeak arintzeko ibilaldi egokia gaurkoa. Orain Benasque-ra. Gaur ere Mendiko Eskolan igaroko dugu gaua eta arrtsalde guztia daukagu lasai egoteko. Bihar Estós-era...

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina